Abuztuaren 20an, goraino bete zen Arantzazuko basilika (Oñati), Natxo de Felipek Kuarteto Philiperenarekin batera ondu duen Abandonatuak lana zuzenean entzuteko. Hilabete falta zela, 1.100 sarrerak salduta zeuden, eta berdin gertatu da iragarria zuten bigarren kontzertuarekin ere, urriaren 4an Bilboko Arriaga antzokian emango dutenarekin. Saldu dira sarrera denak, eta, gaur iragarri dutenez, biharamunean beste emanaldi bat egingo dute leku berean. 19:30ean izango da, eta sarrerak asteartean jarriko dituzte salgai, hilaren 1ean. Arriagako leihatilan eskuratu ahalko dira, baita antzokiaren webgunean ere.
Ikusi gehiago
Oskorriren 45 urteko ibilbidean sortu baina taldeak azkenean grabatu ez zituen zenbait kantu biltzen ditu Abandonatuak-ek, izenak berak aurreratzen duenez. «Egunen batean, zuen lotsarako, kantu abandonatu horiek berpiztuko ditut», esan omen zien De Felipek taldekideei Oskorriren bidea amaitutzat jo zutenean, 2015ean, eta kantu horietako hamabost berreskuratu dituzte orain.
De Felipek aitortu duenez, Hamabostaldikoak xaxatu izan ez balute, kantu horiek geldi segituko zuten. Musikariaren seme Xabier de Felipek ere aditu zuen proposamena, ordea, eta aita animatu egin zuen hark ere. Hura da, hain justu, Kuarteto Philiperena taldeko kideetako bat (biolina), Przemyslaw Pujanekin (biolina), Esther Albarekin (biola) eta Karmele Castillorekin (biolontxeloa) batera.
Zuzenean aurkezten ari diren kantuak formatu fisikoan ere plazaratu dituzte. Elkar diskoetxeak argitaratu du diskoa, eta Oskorriren hurbileko izandako Jean Phocasek ere parte hartu du hartan.