Egun luze baten ostean etxera iristearen pareko diskoa ondu du Nhil taldeak: Etxea, taldearen hirugarren lana. Eztanda abestian dioten moduan, «korapiloak dantzan eta borrokan» ipini dituzte. Bertan, poparen eta soularen erritmo gozo eta biziak asmoen adierazpenekin eta hitz intimoekin konbinatu ditu taldeak.
2017an sortu zuten Nhil Asel Errastik eta Beñat Arrietak (gitarra). Segituan batu zitzaizkien Sara Alonso (ahotsa eta pianoa), Xabi Zuazabeitia (baxua), Lia Garai (saxofoia) eta Aitor Ruiz de Austri (tronboia). 2020an eta 2022an kaleratu zituzten lehen bi diskoak: Aztarnak eta Bizi bagina bezala (biak autoekoizpenak), hurrenez hurren. Irailean argitaratu dute hirugarrena, Etxea, hori ere beren kasa, eta disko horretan Irene Ruiz de Austrik (saxofoia) eta Peio Uribetxebarriak (gitarra) hartu dute taldea utzi duten Garairen eta Arrietaren lekukoa. Halere, azken bi horiek ere diskoa grabatzen parte hartu zutela azaldu du Errastik (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1992), «azken finean haiek taldean zeudeneko konposizioak baitziren asko».
Hitz intimoak eta erritmo gozoak
Nhilen proposamena ez da oso ohikoa egungo euskal eszena musikalean. Sortzen duten musika imajinatzen lagun dezake jakiteak euren erreferenteetako batzuk John Mayer, Stevie Wonder, Olivia Dean eta Morgan taldea direla. Musikari horiez gain, beste talde bat nabarmendu du Errastik: «Orain dela pare bat urte The Brook & The Bluff taldea ezagutu genuen, eta gugan eragin handia izan duela esango nuke». Ruiz de Austrik (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1999), bestalde, gaineratu du Euskal Herrian ere badituztela erreferenteak: «Estiloz ezberdinak gara, baina Ibil Bedi eta Izaki Gardenak taldeak ere oso gustuko ditugu».
Hemen berriz da diskoaren lehen abestia, eta ondorengo abestietan entzuleak aurkituko duenaren aurrerapen gisa har daiteke: «[...] besarkatzen zaituen aterpean/ lasaitasun guztien plaza/ sukalde usaina arnastea». Hain zuzen ere, bateria joleak diskoaren hitzen «intimismoa» nabarmendu du. Eta tronboi joleak kontatu du hitzak egiteko orduan bidelagunak ere izan dituztela, Ane Zuazubiskar Ezer zor nahi abestian eta Izaro Bilbao Desio bat kantuan, hain zuzen ere.
Bi bertsolari horiek idatzitako abestiek diskoan aurki daitezkeen asmo adierazpen ugari biltzen dituzte. Zuazubiskarrek idatzitakoaren izenburuak argi uzten du taldeak bere barnean zuena bota duela, trukean ezer espero gabe. Eta Bilbaorenak taldearen nahi ugari zerrendatzen ditu: «[...] larrosak haztea etxe okupetan/ lekuz aldatzea narrazioak/ botereak ta penak». Penak lekuz aldatzeko gonbita egiten dute, baita horiek ospatzekoa ere Lemak abestian: «[...] askatu gaituenak/ salbatu gaituela/ eta beraz dantzatu ditzagun/ gaurko penak».
«Sarari esan zioten gure diskoa entzutea goizean jaiki, leihoa ireki eta berriro ohean sartzea bezala dela. Oso polita iruditu zitzaigun konparaketa hori»
AITOR RUIZ DE AUSTRINhil taldeko tronboi jolea
Taldekideen ustez, diskoaren dimentsio musikalak Argialdia abestian lortzen du «gailurra». Izan ere, abesti horretan, hasieratik amaieraraino, instrumentuek dute protagonismoa. Ruiz de Austrik aitortu du kantu hori dela bere gustukoena, «zalantzarik gabe». Errastik, bestalde, esan du bakarra aukeratzea ezinezkoa zaiola, «unearen arabera» aldatuz doakiola.
Bi partaideak pozik agertu dira diskoak orain arte izan duen harrera ikusita, eta gogoan dituzte entzun dituzten iruzkin batzuk. Ruiz de Austri: «Sarari esan zioten gure diskoa entzutea goizean jaiki, leihoa ireki eta berriro ohean sartzea bezala dela. Oso polita iruditu zitzaigun konparaketa hori».
Urrutira, erraztasunen bila
Diskoaren soinuan eragin zuzena dauka grabaketaren tokiak eta moduak. Izan ere, Nhileko kideak Banyeres del Penedeseko (Katalunia) La Casamurada masiara joan ziren lana grabatzera. «Imajinatzen zaila izan daiteke, baina erraztasunengatik joan ginen. La Casamurada estudioan egonaldiak egin daitezke, eta horrek aukera ematen zigun %100ean diskoaren grabaketan kontzentratzeko. Hemen grabatu izan bagenu, buruan mila gauza izango genituen», azaldu du Ruiz de Austrik.
«Asko erakartzen gintuen guztiok batera grabatu ahal izateak, aurreko diskoan ohartu baikinen zuzenekoetan beste zerbait lortzen genuela»
ASEL ERRASTINhil taldeko bateria jolea
Abantaila horri masiak emandako abantaila logistikoa gehitu behar zaio. Izan ere, Tarragonako estudioak badu berezitasun bat: guztiek batera grabatzeko aukera ematen zien. Errasti: «Asko erakartzen gintuen guztiok batera grabatu ahal izateak, aurreko diskoan ohartu baikinen zuzenekoetan beste zerbait lortzen genuela». Zuzenean grabatzeko prozesua azaldu dute bi taldekideek: «Lehenengo base erritmikoak osorik grabatu genituen, eta gero base horren gainean joango ziren zati guztiak grabatu genituen». Horrela grabatuta soinu «oso organikoa» lortu dute, fina eta artifiziorik gabekoa.
Spotifyri boikota
Azken asteetan beste hainbat musikarik erabaki duten bezala, Musikariak Palestinarekin egitasmoari jarraika, Nhilek sare sozialetan iragarri zuen bere musika Spotify aplikazioan ez erakustea erabaki duela, «Palestinar herria pairatzen ari den genozidioaren aurrean musikariok daukagun ardurari behar duen garrantzia emateko helburuarekin».
Spotify plataforman ez, baina Nhilek zuzeneko emanaldietan goxatuko du datorren negu hotza. Taldea aditzeko zenbait parada izango dira, besteak beste, bihar Tabakaleran (Donostia) eta azaroaren 16an Oñatiko Burrunda faktorian (Gipuzkoa). Oholtza gainean Joseba Aparicio tronpeta joleak osatuko du taldearen haizezko instrumentuen multzoa.