Artista

Mona Hatoum: «Nire obrek ikuslea seduzitu eta aldi berean mehatxatu dezatela gustatzen zait»

Iruñeko Topaketek gonbidatuta, urriko asteburu bat hirian eman du Mona Hatoum artistak, bai eta Ziudadelan instalazio bat bistaratu ere: 'Web'. Lengoaia artistikoei dagokienez, anbiguotasunaren eta kontraesanaren potentzian sinesten du gehien.

Mona Hatoum, urriaren 12an, Baluarteren kanpoaldean. IÑIGO URIZ / FOKU
Mona Hatoum, urriaren 12an, Baluarteren kanpoaldean. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko urriaren 21a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eginiko galdera guztien artetik bakarra utzi du erantzun gabe Mona Hatoum artistak (Beirut, 1952): «Arteak zer funtzio du ezinegona eta haserrea ordenatzeko?». Ez du jakin erantzuten. Esan du, saiatu, saiatu dela, baina ez dakiela zer esan. Eta kuriosoa da hori bera. Batetik, elkarrizketako galderak bezperan jasotzea jarri zuelako baldintza gisa Hatoumek solasaldirako, eta haiek guztiak orri batzuetan inprimatuta eta apuntez josita heldu delako hitzordura. Baina, bestetik, hutsunea kuriosoa da, eta aski paradoxikoa ere bai, haren berrogei urteko ibilbide artistikoan nekez aurki daitekeelako karga sozial eta politikorik edo kritikarik gabeko obrarik, keinuok sotilak izanagatik ere.

Iruñeko Topaketen harira, Hatoum Nafarroako hiriburuan izan da urriaren 10etik 12ra, eta hitzaldi bat ere eman du tartean. Hartan, urteotan guztietan eginiko hainbat instalazioren irudiak bistaratu ditu Baluarteko areto nagusiko pantailan, eta azalpenak eman; halaber, ibilbidean mugarri izan dituen erakusketak ere izan ditu hizpide: hala nola Parisko Pompidou, Londresko Tate eta Helsinkiko Kiasma museoetan izandakoak. Orain, Ziudadelako Labea aretoan dago ikusgai haren lanetako bat, Web (2006-2007), azaroaren 15era arte. 

Baluarteko hitzaldian uko egin zenion zure ibilbidea kronologikoki aztertzeari, eta atzera itzultzeak daukan garrantzia ere azpimarratu zenuen. Zergatik?

Esan nahi nuena zen badudala joera gai konkretu batzuetara bueltatzeko. Batzuetan, obra bat egin, eta, handik urteetara, gai berera itzultzen naiz; batzuetan, sikiera berriz heltzeko hari, baina beste eskala batean edo beste material batzuekin.

Adibide bat emanen dizut: armiarma sareak hainbatetan hartu ditut erreferentziatzat. Eta behin baino gehiagotan osatu ditut beira puztuko anpuluak soka batzuekin elkarri lotuz; baina, segun eta noiz, neurri diferentekoak izan dira, eta, behin, Triangulation instalazioan zehazki, armiarma sarearen ideia hori bera erabili nuen, baina hiru zapata pare hari gorriko amaraun batekin lotzeko izan zen, eta familia nuklear bateko loturak iradokitzeko.

Armiarma sarearen ideia da nagusi Ziudadelako instalazioan ere. Eta, zeure tema hori bakarrik ez, beste hau ere nabarmentzen da lan horretan: edertasuna eta tentsio aski itogarri bat batera azaleratu nahia.

1990eko hamarkadan heldu nintzen halako bideetara, sentitzen hasi nintzenean kapaz nintzela materialen fenomenologiarekin loturiko ideiak artikulatzeko eta baliatzeko. Ordutik, etengabe esperimentatu dut kontraesanekin, eta ikuslea aldi berean kontrako bi norabidetara bultzatzeko lanak sortu; bitara, gutxienez. Berez, gauzak oso ederrak izan daitezke,  eta, aldi berean, arriskutsuak eta desatseginak, ezta? Eta niri gustatzen zait nire obrek ikuslea seduzitu eta aldi berean mehatxatu dezatela. 

Bestelako bokaziorik ere bada helburu horren atzean? 

Anbiguoa edo kontraesanezkoa den zerbait ikusten duzunean, geldiarazi egiten zaitu, eta galderak sortzen dizkizu, eta galdera horiek argitzen saiatzera bultzatzen zaitu horrek, ezta? Adibidez: «Obra honek zergatik hitzeman dit zerbait positiboa, eta presio hau transmititu orain?». 

Irudipena da zure helburu bakarra ez dela ikuslearengan erreakzio bat eragitea, eta hura artelanetan murgildu dadin eta are parte har dezan ere nahi duzula. Publikoak horretarako duen prestasuna inoiz gutxi izanen da zure esku, ordea. Nola bizi duzu hori? 

Tira, nire asmoa ez da ikuslearen erantzun konkretu bat lortzea ere, eta, hortaz, publikoak nire lanekin zer egin behar duen zehazteko asmorik ere ez dut. Nire lanetan ez dago agindurik. Gainera, arte bisualen lengoaia oso anbiguoa da askotan; bereziki,  material abstraktuekin ideiak transmititzen saiatzen zarenean.

«Interesgarria iruditzen zait zerbait forma oso sinple batera murriztea, batez ere agerian gelditu dadin hura nola erlazionatzen den espazioarekin; nola aldarazten duen espazioa bera»

Minimalismoaren hiztegi formala baliatzen duzu egiaz aski arantzatsuak eta karga politiko handikoak diren gaiez aritzeko.

Aspalditik interesatzen zait bide hori. Interesgarria iruditzen zait zerbait forma oso sinple batera murriztea, batez ere agerian gelditu dadin hura nola erlazionatzen den espazioarekin; nola aldarazten duen espazioa bera. Horrek gauzak asko aktibatzen baititu, eta hori izan daiteke, preseski, lan baten potentzia. 

Eta, beste batzuetan, batik bat etxeko material eta objektuekin osatu dituzu instalazioak —Homebound (2000), kasurako—, baina haiek guztiak ere elementu arriskutsutzat aurkeztuta betiere: aulkiak, oheak, sukaldeko tresnak. Zer aukera zabaltzen dizu baliabide horrek? 

Adibidez, altzariek ez didate balio soilik eguneroko bizimoldeari erreferentzia egiteko; guk geuk altzariekin dugun harremana ere jasotzen dute berez. Eta gorputzez ere mintzo dira: aulki batek edo ohe batek gorputzari eusteko balio du, eta, batzuetan, gorputza ordezkatu egiten du kasik. Objektuok ez dutenean beren funtzioa betetzen, berriz, sistemak kolapsatu dezake, eta horrek galderak sortzen ditu berriz. Eta hori nahi dut nik. 

Jendeak munduaren gainean eraikiak dituen espektatibak auzitan jar ditzan nahi duzu gutxienez? Artelanetan, lerro artean zera irakur daiteke: «Mesfida zaitez».

Bai. Kontzientzia kritikoa bultzatu nahi dut, jendeak ez ditzala zuzenean onartu gauzen ikuspegi eta narratiba hegemonikoak, eta ez dadila fidatu gauzek itxuraz diruditen horrekin; azalekoari ez, sakonekoari begiratu behar zaio, eta, diozun bezala, lerro artekoei ere bai. 

Zu adi zaude jada.

Bai. Aspaldi ohartua naiz sistemaren botereaz, eta argi dut gezur mordoa esaten dizkigutela etengabe. 

«Kontzientzia kritikoa bultzatu nahi dut, jendeak ez ditzala zuzenean onartu gauzen ikuspegi eta narratiba hegemonikoak, eta ez dadila fidatu gauzek itxuraz diruditen horrekin»

Eta bazterkeriaz, deshumanizazioaz eta muturreko kontrolaz gogoetatu zara batez ere.

Sakon eta luze erreparatu izan diet halako prozesuei, bai. 1970eko hamarkadan, Londresera ailegatu nintzenean, antzeman nuen lehenbiziko gauzetako bat izan zen estatua etengabe ari zela gu zelatatzen. Ikertu egin nuen, eta ikusi kamerak zeudela edonon —eta hori orduan; pentsa orain!—; lortu nuen jakitea eraikin jakin bateko kamerek egunean 33 aldiz detektatzen nindutela. 

Baina hori bakarrik ez, arte instalazioetara helarazi zenituen ideiok gero. 

Etengabeko zelataren ideia hori muturrera eraman izan dut, absurdo bihurtzeraino. Baina, halaber, halakoetan erakutsi nahi izan dut ezinezkoa dela estatuaren begiradapetik apartatzea, ezkutatzea. Izatez, performance batzuk egin nituen bere garaian, aski konplikatuak, baina, besteak beste, kamera hartu eta publikoan ziren ikusleengana zuzentzen nuen hura, haiek grabatzeko; irudiok monitorean erakusten nituen, eta X izpiekin lortutako beste irudi batzuekin nahasi ere bai. Horrela, hau ere iradoki nezakeen: zelatan direnek arropen azpikoa ere jaso dezaketela, eta, hortaz, baita gure gorputza inbaditu ere. 

Mona Hatoum artistak 1985ean sortutako 'Road works' performanceko irudi bat.
Artistaren 1985ko 'Road works' performancea.
Horrekin du lotura Corps étranger eta Deep throat bideo instalazioetan endoskopio batekin zeure barrenak grabatu zenituenekoak, ezta?

Baina hori handik urteetara izan zen. Masterra ikasten ari nintzenerako nuen gogoa horrelako zerbait egiteko, eta unibertsitatearen ondoan zegoen ospitalean ere eskatu izan nien horretarako laguntza medikuei, baina haiek ezetz. Azkenean, 1994an lortu nuen lehenbizikoz ideia gauzatzea, Pompidouk egin zidan enkargu baten harira —Corps étranger da hori—. Eta lan horren bertsio domestikoago bat da Deep throat; hestegorriaren irudia jaso nuen ahotik uzkira, eta buelta. Baina are geroago izan zen hori, 1996an. Batzuetan, baduzu ideia bat buruan, baina urteak joaten dira gauzatzeko aukera izan arte. 

Ideia da beti lehenbiziko urratsa? Bestela, izan daiteke, esaterako, materiala? 

Era askotara gerta daiteke. Inoiz, hitz bat izan da prozesua abiarazi duena; hitz bat buruan izan, eta pentsatu izan dut: «Ez al litzateke hau titulu on bat?». Eta hortik hasi naiz. Beste askotan, berriz, tokia da abiapuntua, eta, horri tiraka, hau ere ikasi dut: batzuetan, lan zoragarri batek ez badu tokiarekin bat egiten, ez du funtzionatzen, eta terrible bihur daiteke. Testuingurua beti da inportantea. 

«Dimentsio politikoa beti dago hor: paisaia ederrak pintatu eta gai sozial guztietatik urruntzea erabaki duenak ere hautu bat egin du»

Palestinar jatorrikoak dituzu gurasoak, baina Libanora ihes egin behar izan zuten. Han eman zenuen haurtzaroa, eta Londresera ailegatu zinenekoa aipatu duzu lehen: 1975ean heldu zinen, halabeharrez sorterria utzi ondoan. Erbesteak eta desplazamenduak nola baldintzatu dute zure obra? 

Ezinbestean eragin dit horrek. Besteak beste, baliteke ziurgabetasuna ekarri izana, eta nire familiaren eta neure historia bihurtu da hori, noski. Dena dela, ez naiz inoiz saiatu nire bizipenak modu espezifiko batean irudikatzen. Inoiz ez naiz zentratu nire esperientzian. Gauzak irekita uzten ditut artean. 

Posible da artea soilik artea izatea?

Ez dakit, ezetz esanen nuke. Artista batek erabakitzen duenean paisaia ederrak pintatu eta gai sozial edo politiko guztietatik urruntzea, hor ere hautu bat dago, eta badu bere dimentsio politikoa, ezta? Zure esku dago konprometitzea edo ez konprometitzea, inplikatzea edo ez inplikatzea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA