Orotariko dantza estetikak batuko dira Dantzaren 35. Maitaldian

Ortziralean hasiko da Dantzaren Maitaldia. Thierry Malandainek 'Chambre d'Amour' balleta plazaratuko du berriz . 75 ekitaldi eginen dituzte, eta, dantza ikusgarriez gain, film proiekzioak eta topaketa profesionalak antolatu dituzte.

Martin Harriagaren 'America' balletaren irudi bat. BERRIA
Martin Harriagaren 'America' balletaren irudi bat. BERRIA
Xalbat Alzugaray
2025eko irailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Thierry Malandain koreografoaren azken Dantzaren Maitaldia izanen da. 35 aldiz antolatu dute dantza festibala, eta ortziralean hasiko da buruilaren 15era bitarte. Erretiroa hartu baino lehen, jendeari Maitaldira jiteko gomita handizki egin dio, aurtengo aldia «berezia» izanen baita. Ezohiko festibala izanen da Malandainentzat, azkena izanen baitu. Horren karietara, Miarritzera heldu eta egin zuen lehen balleta berriz emanen du. Ohi bezala, orotariko egitarau oparoa proposatuko dute aurten ere. «Jendea elkartzea du xede Dantzaren Maitaldiak: orotariko estetikak erakutsi, ballet handietarik dantza urbanoetara doa eta hainbat lurralde kurritzen ditu. Iparraldetik Hegoaldera, baita Biarnotik pasatuz ere».

75 ekitaldi antolatu dituzte, horietarik 23 antzokietan eta 34 kitorik. Betiko gisan, lau kategoriatan banatu dituzte buruilaren 5etik 15era bitarteko emanaldiak: balletak, Frantziako Arte Ederren Akademian sartu berri diren koreografoen ikusgarriak, Euskal Herriko artisten eta dantzen arteko elkarrizketak uztartzen dituen emanaldiak, eta bertzelako ekitaldiak.

Akademiako balletak

Balletaren bortz izar ekarraraziko dituzte Maitaldira. Malandainek Chambre d’Amour balleta dantza festibalaren lehen bi egunetan emanen du, buruilaren 5ean eta 6an, Miarritzeko Gare du Midi aretoan, 21:00etan.

Bertzalde, Martin Harriagak America balleta plazaratuko du, buruilaren 5ean, Kasinoan, 19:00etan. Blanca Li konpainiak, berriz, Didon et Enee emanen du buruilaren 10ean, Gare du Midin, 21:00etan.

Ez da horretan bakarrik gelditzen Maitaldiko ikuskizun handien zerrenda. Carolyn Carlson konpainiak, The Tree ikusgarria emanen du buruilaren 11n, Baionako Michel Portal aretoan, 21:00etan. Azkenik, Angelin Preljocaj Aix-en-Provenceko (Frantzia) Koreografia Zentroko zuzendariak Requiem(s) balleta plazaratuko du buruilaren 13an eta 14an, Gare du Midin, 21:00etan.

Akademiako izen handien dantzak ez ezik, bortz ballet ekarrarazi ditu Malandainek. Frantziakoak eta Europako bertze herrialde batzuetakoak dira. Errate baterako, Momentum ballet neoklasikoa aurkeztuko du London City Ballet konpainiak buruilaren 8an, 21:00etan. Horrez gain, Gilles Baron konpainiak Aïon ikusgarria emanen du, buruilaren 7an, Angeluko Colisee antzokian. Lorraineko Koreografia Zentroak, berriz, Quintaou antzokian Static shot, A Folia dantza ikusgarria karrikaratuko du egun berean, 21:00etan.

Euskal Herriko artistak

Urtero Maitaldiak Euskal Herriko artistak sostengatzen ditu. Aurten, Etxepare Institutuaren laguntza ukan dute, eta, Ça colle au basque egitasmoaren karietara, Bilaka kolektiboak Bezperan ikuskizuna emanen du buruilaren 14an, Kasinoan, 19:00etan. Jesus Rubio Gamo koreografoa izan dute inspirazio iturri txalapartaren melodiekin konposatu duten emanaldia egiteko. Zarena Zarelako konpainiak, berriz, Herrikoa ikusgarria du hondartza handiko oholtzan, buruilaren 7an, 17:00etan. Malandain balletarekin, Elgarrekin ikuskizuna ondu du Berritza dantza taldeak. Mauleko Jai Alai aretoan aurkeztuko dute buruilaren 12an, 20:00etan, eta biharamunean tenore berean Donibane Garaziko Jai Alai aretoan. 

Malandain balletaren eta Berritza dantza taldearen Elgarrekin ikuskizuna. 

Malandain balletak Kukai dantza taldearekin harremana duen heinean, urtero leku bat egiten dio Maitaldian. Horren karietara, Txalaparta ikuskizuna emanen du Kasinoan, buruilaren 6an, 19:00etan. Berantago, Euskorleans emanen du, buruilaren 13an, Saint Charles plazan. Azkenik, Dantzaz dantzari gaztez osatu konpainiak Hona ikusgarria oholtzaratuko du buruilaren 6an, Donapaleuko (Nafarroa Beherea) Saint Louis gelan 20:00etan, eta tenore berean, 13an, Senpereko (Lapurdi) Larreko gelan.

Dantzaz gainerakoak

Maitaldia ez denez bakarrik dantza, Altxalili kolektiboaren kabareta programatu dute buruilaren 13ko, Atabal aretoan, 22:30ean. Horri loturik, Camille Chopin argazkilariaren Bai ala bai erakusketa ikusgai izanen da hamar egunez Gare du Midi aretoan. Azkenik, dantzen arteko elkarrizketak nabarmendu dituzte egitarauan. Mizel Theretek eta Beñat Axiarik Hizketak ikusgarria emanen dute, Gamaritz gelan, buruilaren 10ean, 19:00etan. Sorkuntza lan horretan, Etxahun Barkoxeren bertsoak uztartu dituzte tradizioarekin eta modernotasunarekin.

Bertze jarduera anitz ere antolatzen dituzte. Bertzeak bertze, goiz guziz dantza errepika publikoak egiten dituzte Miarritzeko baratze publikoan eta hondartza handiko ibilaldian. Bertzalde, dokumentalak eta filmak ere proiektatuko dituzte Baionan eta Miarritzen, eta dantzarientzat topaketa profesionalak egin dituzte, buruilaren 4an, 6an, 8an eta 14an. Egitarauari buruzko xehetasun guziak Maitaldiaren webgunean atzeman daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.