LIBURU AURRERAPENA

Oso latza izan da

1981ean atxilotu zuten Joxe Arregi. Handik hamar egunera hil zen, jasandako tratuaren ondorioz. Auzi horixe du abiapuntu Xabier Mendiguren Elizegiren lanak. Egiazko gertakariak bildu ditu, eta bizirik diren lekukoak elkarrizketatu. Hala ondu du kontakizuna.

ANDREA MANTEGNA.
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Hirurak daude hilda gaurko egunean. Orduan, baina, haietako bat zegoen hilda, ondo hilda eta akabatua, beste biak bizirik. Eta hirurak gela zuri honetan, orain esango diogun orduko ordu hartan. Gela zuri, hotz eta aseptiko honetan: azuleju zuriak paretetan, maindire zuriz tapatuta lekuaren berri ez emateko; marmol zurizko mahaia, hori ere izara zuri batez estalia; eta mahai gainean gorputz bat, dagoeneko gorpu bihurtua, haragi maspildua usteltzen hasia, haragi marguldua beltzunez betea, haragi hebaindua zuritik gorrira, gorritik ubelera, ubeletik beltzera igaroa azken egunetan, honezkero beltzetik errauts kolorera eraldatzen hasia, eta errautsetik ezerezera, laster.

Baina hori gero izango da, oraindik ez, orain gela zuri honetan dago gizona, gizon izandakoa eta gizon, gizaki eta pertsona izateari ere utzi diona, eta ondoan ditu beste bi gizon, bi gizon eta gehiago, andre-gizonak, baina oraingoz bi bakarrik aipatuko ditugu horien guztien artetik, bi gizon bizi gizon hilaren ondoan, gizon hilaren beilan, beila berezienean, hau ez baita gorputza lurperatu edo erraustu aurreko beila, hau ez baita gorpua atondu, apaindu, olioztatu, txukuntzeko ordua.

Ez da gorpu makillatua, bai gorpu makilatua, makilka jo eta txikitua, herioa eragin arte bihurrikatu, jipoitu, zanpatu, zigortua, xehe-xehe egin arte zurratu eta izorratua.

Baina orain mahai gainean datzan gorpu hori, gorpu hotz hori, gorpu hil eta akabatu eta erail eta murtxikatu hori, oi mirarien artean mirari, bere hilobitik irten berri da, bere hilkutxa utzi berri du, hilarritik jalgi berri da, filmetako zonbi beldurgarrien gisan edo elizako Kristo gurutziltzatuaren moduan.

Kristo berpiztu, hilotz bizi, baina ez hilotz ibiltari. Gorputz hilbizi honek ez du bere arimaren indarrez ireki katabutaren tapa egurrezkoa, ez du bere esku indargeez mugitu hilobiko estalki marmolezkoa, ez da bere oin dardartiz etorri hilerriari atxikitako gela hotz honetara, lurpe hotzaren aldean apur bat epelxeago dagoen marmolezko ohe honetan etzatera.

Beste bi gizonak izan dira, bi horiek eta beste andre-gizon batzuk, gauaren isilean kanposantura etorri direnak, isilgordean eta ezkutuan hilobi ondora arrimatu eta ordu batzuk lehenago lurperatzaileak panteoiko zuloa ixteko jarritako porlanmasa oraindik biguna kendu dutenak, masa kendu eta hilobia ireki, hilobia ireki eta hilkutxa atera, hilkutxa atera eta hilerri barruko beste biltegi honetara ekarri, eta hor lurrean kontuz pausatu, eta iltzeak banan-banan erauzi, eta tapa kendu, eta orduan, orduan ikusi dute kutxa barruko gorpu mortu, gorpu gurtu eta egurtu hau, gorpu maspildu eta txirtxilatu hau, gorpu laru, gorpu more, gorpu belztu hau.

Gorpuak ez du kolperik, beltzunerik, zauririk gabeko zentimetro bat ere bere azal, bere azalera osoan, eta horregatik, min gehiago kabitu ezin zaiolako-edo, min gehiago egitea ezinezkoa zaion arren, delikadezia handienaz atera dute bere egurrezko ohe barrubigun horretatik, gelako andre-gizon guztien esku guztiak dira lotsa beste esku zikin anker batzuek heriotzaraino oinazetu duten gorputz hau ukitzeko, mintzeko, orbantzeko, baina, hala eta guztiz, kontu eta arta eta maitasun eta arreta handienarekin altxatu dute eta atera eta ipini marmolezko mahaian paraturiko maindire zuriaren gainean.

Hemen daude, beraz, hiru gizon, beste andre-gizon batzuekin batean, gela zuri eta aseptiko batean, gauaren erdian, hotzak kizkurtuta baina bihotza bero, kanpotik inork susmorik izan ez dezan argirik piztu gabe, baina hala ere argitasuna behar dutenez linternak piztuta, ahopean xuxurlatuz elkarri, inor esnatzeko eta asaldatzeko beldur balira bezala, baina nor esnatuko dute ba hilerri barruan baldin badaude eta hango biztanle guztiak aspaldi baldin badaude betiko lo eta sorgorturik eta bizidunon hots eta hitz guztiez ezaxola?

Hiru gizon; bat hila, mahai gainean, geldi eta isil baina gorputzaren atal n?imin?oenarekin ere garrasika nola jo eta mailatu eta martirizatu eta flajelatu eta tormentatu duten, eta beste biak aldarri hori adituz, oihu hori belarriekin ez baina begietatik entzunez, begiak ikuskizun ezin tristeago horretatik urrundu nahi baina bertatik apartatu ezinik, hitzik ez duen hau zein hitzen bidez adierazi erabaki ezinik.

Hitzik ezean, gauaren isilean azkar mugitu behar dutela jakinik, maindirez estali dituzte paretak, zehatz itxi leiho-ohol eta zirrikitu guztiak, ondo argitu mahai gaineko gorpu izugarria, eta argazki makina aterata argazkiak egiten hasi dira, klik, flasharen laguntzaz, klik-klik, bazter eta izkina guztietatik, klik-klik-klik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.