Musika

Palestinaren aldeko jaialdia egingo dute musikariek martxoaren 21ean, Durangon

Belako, Anari, Kiliki, J Martina eta Ibil Bedi arituko dira, besteak beste. Sortzaileek eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatu dute programa, eta datorren astean jarriko dituzte sarrerak salgai.

Cris Lizarraga, Kattalin Barcena eta Iñigo Rodriguez, gaur, Bilbon, 'Oihu bat Palestinara' izeneko jaialdia aurkezten. ARITZ LOIOLA / FOKU
Cris Lizarraga, Kattalin Barcena eta Iñigo Rodriguez, gaur, Bilbon, 'Oihu bat Palestinara' izeneko jaialdia aurkezten. ARITZ LOIOLA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko urtarrilaren 22a
14:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oihu bat Palestinara. Euskal Herriko hainbat musikarik Palestinako erresistentziaren aldeko egun osoko jaialdia antolatu dute martxoaren 21erako Durangoko Landako gunean (Bizkaia), eta izen horrekin aurkeztu dute egitasmoa gaur. Kartela ere erakutsi dute, eta oraingoz honako izen hauek ikus daitezke bertan: Anari, Belako, Bengo, Borla, Chuleria joder, Dena, Eire, La Furia, Gailu, Hofe, Ibil Bedi, J Martina, Ke Lepo, Kuliek, Malakias, Odei, Olatz Salvador eta Mateo Zikuta. Horiez gainera Merina Gris eta Kiliki ere bertan izango direla jakinarazi dute, eta musikariak ez ezik bertsolariak, dantza ikuskizunak eta bakarrizketak ere egongo direla esan dute. Izen gehiago ere gehituko dituzte zerrendara hurrengo asteetan, eta datorren astean jakinaraziko dute non egongo diren sarrerak salgai. 

«Ekintza honen bitartez, gure musika palestinar erresistentziaren aldeko mezua zabaltzeko erabili nahiko genuke, mezu hau isiltzen saiatzen ari diren honetan». Kattalin Barcena J Martinako abeslariak, Cris Lizarraga Belako taldeko kantariak eta Iñigo Rodriguez Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak aurkeztu dute egitasmoa, gaur, Bilbon, eta kokapen sinbolikoa aukeratu dute horretarako. Kale Nagusian egin dute prentsaurrekoa; hain justu ere, iazko irailean Palestinaren aldeko protestek bertatik igarotzekoa zen Espainiako Vuelta txirrindularitza lehiaketa helmugara heldu aurretik eten zuten lekuan.

«Ekintza honen bitartez, gure musika palestinar erresistentziaren aldeko mezua zabaltzeko erabili nahiko genuke»

CRIS LIZARRAGA Belako taldeko abeslaria

Izan ere, Palestinako erresistentziari babesa ematea eta herrialdearekiko elkartasunaren aurkako errepresioari aurre egitea da jaialdiaren asmoa. Horregatik, bertan biltzen den dirua horretarako erabiliko dutela jakinarazi dute; besteak beste, azken urteetan Palestinaren aldeko protesten harira abiatu diren epaiketak eta jarri diren isunak ordaintzen laguntzeko. Baina borroka horren aurkako errepresioari erantzutea ez ezik, borroka hori bera bultzatzea ere izango da helburua.

Antolatzaileek azaldu dutenez, bi hilabete joan dira Donald Trump AEBetako lehendakariak bultzatutako «ustezko bake plana» sinatu zenetik, baina, ordutik Palestinari buruzko albisteak urritu diren arren, genozidioak eta zapalkuntzak «bere horretan» irauten dute oraindik ere. Salatu dute Israelek ez duela su etena bete, blokeoari eutsi egin diola eta, denbora tarte horretan bakarrik, bostehun palestinar baino gehiago hil dituela.

Horregatik, su etenaren kontua arreta desbideratzeko estrategia bat dela uste dute antolatzaileek. «Sionistek AEBetako Gobernuaren eskutik eta Mendebaldeko gobernuen onespenarekin su eten gisa saldu nahi digutenaren xedea garbia da. Palestinako herriak pairatzen duen garbiketa etnikoa isilean mantentzea, Israelen erasoak baimentzea, Palestinako lurren okupazioa normalizatzea, palestinar erresistentzia indargabetzea eta azken hilabeteetako elkartasun uholdea desaktibatzea».

«Jende gehienak proposamena jaso eta jarraian esan du baietz, eta oso prest egon da jende guztia, ez bakarrik jotzeko, baizik eta antolakuntzan laguntzeko ere»

KATTALIN BARCENA J Martina taldeko abeslaria

Europako gobernuek Palestinaren aldeko elkartasunari errepresioz erantzun diotela ere gaitzetsi dute jaialdiaren antolatzaileek, eta, adierazi dutenez, Euskal Herrian ere gertatu da hori. Azken hilabeteetako protestek izandako erantzuna gogoratu dute horren froga gisa. Aipatu dutenez, zazpi lagun auzipetu zituzten Espainiako Vueltan izandako protestengatik, eta hamarnaka laguni isuna jarri zieten. Donostiako Zinemaldian izandako protesten harira pertsona bat epaiketa zain dagoela ere hartu dute gogoan, bai eta urriaren 15ean Palestinaren alde Euskal Herrian egindako grebaren harira hiru auzipetu daudela ere. Zigor horiek guztiak «Israel eta sionismoa babesteko beste forma bat» direla uste dute antolatzaileek.

Bi sarrera mota

Musikariek jarri zuten abian martxoaren 21eko jaialdiaren ideia, eta Palestinarekin Elkartasuna plataformarekin batera ari dira antolakuntza lanetan. Zehaztu dutenez, gainera, «modu autogestionatuan» ari dira, eta pozik daude orain artean jasotako erantzunarekin. «Harrigarria izan da», onartu du Kattalin Barcenak. «Jende gehienak proposamena jaso eta jarraian esan du baietz, eta oso prest egon da jende guztia, ez bakarrik jotzeko, baizik eta antolakuntzan laguntzeko ere».

Oraindik ez dago sarrerak erosteko aukerarik, baina, jakinarazi dutenez, egunotan jakinaraziko dute non egongo diren salgai, eta datorren astetik aurrera egongo dira eskuragarri.

Zer ekarpen egin nahi den, bi sarrera mota izango dira, antolatzaileek aurreratu dute. Hamabost eurokoa izango da bata, eta 25 eurokoa bestea. Eta, edonola ere, martxoaren 21ean Durangon egoterik ez dutenek ere ekarpenak egiteko aukera dutela gogoratu dute. Palestinarekin Elkartasuna plataforman topatuko dute horretarako modua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.