Musika

Pantxoa eta Peiok beste kontzertu bat joko dute BECen, 2027ko urtarrilaren 9an

Hamalau urtez bikotean aritu gabe egon ondoren, «agur duin bat» eman nahi diote ia hirurogei urteko ibilbideari. 2027ko urtarrilaren 10erako antolatutako emanaldiko sarrera guztiak ordu gutxian saldu, eta orain iragarri dute bigarren kontzertua.

Pantxoa Karrere eta Peio Ospital, asteartean, azken kontzertua iragartzeko prentsaurrekoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Pantxoa Karrere eta Peio Ospital, asteartean, azken kontzertua iragartzeko prentsaurrekoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
2025eko abenduaren 19a
12:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken dantzak azken-aurreko dantza bat ere izango du. Peio Ospital eta Pantxoa Karrerek asteartean iragarri zuten euren ibilbideari «amaiera duin bat» emateko asmoa. 2011ren hondarrean izan ziren bi musikariak elkarrekin oholtzan azkenekoz, eta azken kontzertu bat emateko itzuli zirela iragarri zuten hedabideen aurrean. 2027ko urtarrilaren 10ean dira azken kantaldi hori eskaintzekoak. Atzo jarri zituzten salgai sarrerak, ordea, eta ordu gutxi batzuetan denak amaitu zirela ikusirik, beste emanaldi bat ere egingo dutela esan dute orain. BECen izango da hori ere, 2027ko urtarrilaren 9an.

Astelehenean jarriko dituzte kontzerturako sarrerak salgai, musikarien webgunean: Pantxoaetapeio.eus.

Zehaztu dutenez, «ongi aztertu ostean» hartu du erabakia bikoteak. Onartu dutenez, musikariek ez baitzuten halako harrerarik espero. Eta horren erakusgarri dira emanaldiaren antolatzaileek hedabideei helarazitako oharrean bildutako musikarien adierazpenak. «Negar egiteko gogoa ematen du», adierazi du Karrerek. «Zein ederra den jendearen maitasuna, eta guk bueltan itzultzea». Publikoaren erantzuna «harrigarria» izan dela aitortu du Ospitalek, eta eskerrak eman nahi izan dizkie horregatik zale guztiei.

Katebegia eta zubigintza

Zetak-en bueltako lantaldea dabil bikotearen azken saioko antolakuntzarekin eta zabalpenarekin laguntzen. Eta, hain zuzen ere, egungo belaunaldiek erakutsitako abegiak eragiten dien hunkidura aipatu dute Karrerek eta Ospitalek egunotan.

«Negar egiteko gogoa ematen du: zein ederra den jendearen maitasuna, eta guk bueltan itzultzea»

PANTXOA KARRERE Musikaria

Katebegi nabarmena izan da bikotea euskal musikagintzaren historian. Mixel Labeguerieren kantak ezagutu, eta 1960ko hamarkadan egin zuten lehen emanaldia, Baionako ostatu batean. Euskal Herriko historia zeharkatzen duten hamaika abesti sortu dituzte elkarrekin. Haiek sortuak dira Itziarren semeaLepoan hartu ta segi aurrera, Batasuna... bai eta, noski, Azken dantza ezaguna ere. 1969an argitaratu zuten lehen disko laburra, eta, geroztik, hemezortzi lan kaleratu dituzte orotara. Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean egindako zubi lana ere nabarmendu dute bikotearen azken kontzertuaren antolatzaileek, eta haien kantagintza Euskal Herriko historiaren nondik norakoekin erabat lotuta dagoela aitortu zieten musikariek ere BERRIAri eskainitako elkarrizketan. «Uste dut gure kantu zonbait gelditu direla gure herri honek biziraupenaren alde zeukan borrokarekin lotuta bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.