Bertsotan hizketan bezala aritzea. Patxi Etxeberria bertsolariari (Orio, Gipuzkoa, 1930) maiz aitortu diote halakorik. Haren ahotsaren sendotasuna eta kantaera abila ere nabarmen estimatu dituzte han-hemenka, plazaz plaza, urterik urte. Gazte-gaztetan ekin zion errima jolasari Etxeberriak, koplaka eta batik bat taberna giroan, sorterrian bertan, eta 90 urteen langara ailegatzeko hiru urte eskas falta zituela egin zuen azkenekoz bertsotan jendaurrean, 2017an. Orduan esan zien agur plazei, eta guztiz esan du adio orain. Bart hil da, 95 urterekin.
Oriotarra zen sortzez Etxeberria, baina Lasarte-Oria (Gipuzkoa) izan du bizitoki 1955az geroztik. Orduantxe egin zituen lehenbiziko bertso saioak ere. Estreinaldia, zehazki, Hernaniko Zikuñaga auzoan izan zuen, 1956an, eta 1959an Aginagan (Gipuzkoa) jokatutako bertsolari gazteen txapelketa izan zuen, bestalde, hastapenetako plaza inportanteenetako bat; Joxe Agirre eta Txomin Garmendia izan zituen lehiakide, besteak beste. Hain justu ere, aldi horren ondotik hasi zitzaion jendea plazetan aritzeko deika, eta jardun horri estuki loturik egin zuen bizialdia harrezkero.
Inoiz plazaz plaza aritu direnen arteko bertsolaririk zaharrena izan da, eta, hain zuzen ere, marka horren karietara egin zion BERRIAk elkarrizketa azkenekoz, 2016an. Bertso plazek «dena» eman ziotela nabarmendu zuen orduan Etxeberriak. «Lagunak, bizi esperientziak, lekuak ezagutzeko aukera...», esan zuen, hitzez hitz, eta jardunari eusteko batere sekreturik ez zuela ere nabarmendu. «Ez dakit zein den sekretua. Ondo pentsatu izan banu, aspaldi behar nuen utzita. Sarritan pasatu izan zait burutik. Baina bertsolaritza odolean daramat. Saioren batera gonbidatzen nautenean, ezin diet ezetz esan. Grina eta ilusioa hor ditut».Â
Erlazionatuta
Txapelketetan eginiko bideari dagokionez, 1980ko Bertsolari Txapelketa Nagusian izandako ibilbidea du mugarri nabarmenetako bat: finalista izan zen. Xabier Amuriza nagusitu zen egun hartan, baina, lehiakide izateagatik ez ezik, final hartan eta oro har txapelketan doinuei lotuta erakutsi zuen trebetasunagatik ere gogoan dute askok Etxeberriaren jarduna. Hogei doinu diferente erabili zituen txapelketan, eta sari bat ere eman zioten horregatik.Â
Txapelketa Nagusian ez ezik, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ere bide emankorra egin zuen Etxeberriak, besteak beste. Hartan hiru aldiz izan zen finalista: 1964an, 1966an eta 1969an, zehazki.Â
Bertsolaritza sustatzen ere aritu zen Etxeberria urteetan. Lasarte-Oriako bertso eskolako kide izandakoa da, Ebaristo Pikabearekin, Joxe Kruz Labakarekin, Imanol Lizardirekin, Pablo Suberbiolarekin, Andoni Otamendirekin, Beñat Iguaranekin, Zigor Iriondorekin, Ane Labakarekin eta besterekin batera.
2009an, plazetako ibilbidea hasi zuenetik 50 urte bete zirela eta, Patxi Etxeberria. Hizketan bezala bertsotan. 50 urtez plazagizon liburua idatzi zuen Xabier Lasa Bergarak, haren omenez.Â