Zinema ez ezik, sukaldaritza ere gogoko dutenentzat Donostiako Zinemaldiko sail bikaina da Culinary Zinema. Aurten, zehazki, sukaldaritzarekin lotutako bost ikus-entzunezko lehiatuko dira bertan: Pen-Ek Ratanaruang thailandiarraren Morte cucina thrillerra; Jon Arregi Larrazabal euskaldunaren Tetsu, Txispa, Hoshi dokumentala; Jorge Fernandez Mayoral eta Virginia Jones Uriguen espainiarren Uno de los nuestros. El legado de Joan Roca visto por 70 estrellas Michelin ez-fikzioa; Nan Feix frantsesaren Mam pelikula; eta Mariana Erijimovich eta Juan Villegas argentinarren Jota Urondo. Un cocinero impertinente filma. Mam film luzearekin izan ezik, gainerako proiekzioekin batera afari tematikoak ere egingo dituzte. Morte cucina lanak irekiko du saila, eta Joan Roca sukaldariari buruzko ez-fikzioak emango dio itxiera. Irabazleak 10.000 euroko saria jasoko du.
Cannesko, Berlingo eta Veneziako zinemaldietan behin baino gehiagotan izan da Ratanaruang zinemagilea. Bangkoken sortu zen, 1962an, eta, zinemagilea izateaz gainera, gidoilaria ere bada. Aurten, bigarrenez izango da Donostiako Zinemaldian, eta Morte cucina aurkeztuko du. Bangkokeko jatetxe batean lan egiten duen zerbitzari baten istorioa kontatzen du lanak: bizimodu lasaia daraman emakumea da, baina, halako batean, fisikoki eta emozionalki min egin zion gizonarekin egingo du topo. Mendekua hartzeko asmoz, gastronomiaren inguruan dakiena erabiliko du zerbitzariak. Bella Boonsang, Kris Srepoomseth, Nopachai Chaiyanam eta Tadanobu Asano dira fikzio horretako aktore nagusiak.Â
Uno de los nuestros. El legado de Joan Roca visto por 70 estrellas Michelin Joan Roca sukaldariari buruzko ez-fikziozko filmaren estreinaldia da Culinary Zinema saileko lan garrantzitsuenetako bat. Film horretan, hogei sukaldari eta 70 Michelin izar elkartuko dira Rocak gainbegiratuko duen afari bat prestatzeko. Hala, Espainiako hainbat sukalde garrantzitsu bisitatuko dituzte, El Celler jatetxeetako eraginaren bila eta Rocaren erretratu bakarra egiteko asmoz.

Tetsuro Maeda sukaldari japoniarraren bizitza kontatzeko, Tetsu, Txispa, Hoshi dokumentala ondu du Larrazabalek, eta Javier Urondoren ibilbidea errepasatzeko, Jota Urondo. Un cocinero impertinente lana sortu dute Erijimovichek eta Villegasek. Sukaldari ezagunak dira biak, baina gastronomia modu ezberdinean lantzen dute: Euskal Herriko eta Japoniako jakiak fusionatzen ditu Maedak, eta Urondok, berriz, Argentinako jakiekin kozinatzea du gogoko.Â
Feix zinemagile frantsesak egindako lehenengo filma ere eskainiko dute Culinary Zinema sailean: Mam. Jerald du protagonista, Texasko herri txiki bateko sukaldaria. Autodidakta da, eta Vietnamgo gastronomiarekin maitemindu ostean, New Yorkera doa bere jatetxe propioa irekitzeko asmoz. Aldi baterako lanak egin bitartean, ezkutuan hobetzen ditu aurretik ezagututako errezetak. Baina, ez dira nahikoak horretarako duen denbora eta dirua. Nhung ezagutu, eta bien arteko aliantza bat egingo dute: bidaia gastronomiko ausart bati ekingo diote. Jeralden ametsa egia bihurtzea izango da bien helburu nagusia.Â
Zaporez beteriko filmak
Proiekzio bakoitzeko afari tematiko bat antolatuko dute Basque Culinary Centerren, irailaren 23tik 26ra. Zentroko irakasleek eta ikasleek parte hartuko dute afari guztietan, gonbidatutakoen esperientzia aberasteko elkarrizketak sustatzeko xedez. Sarrera bakoitzak 85 euroko prezioa izango du, eta ostiraletik aurrera erosi ahalko dira, Donostiako Zinemaldiko webgunean. Mam izango da Culinary Zinema sailean afari tematikorik izango ez duen ekoizpen bakarra.
Besteak beste, Alex Zurdo, Txitxo Fernandez, Gabryella Ismeriak, Tetsuro Maeda, Javier Urondo, Joan Roca eta Dani Garcia sukaldariek prestatuko dituzte menuak, eta Culinary Zinema sailean erakutsiko dituzten ikus-entzunezkoekin lotura zuzena izango dute. Morte cucina filma proiektatu ondoren, esaterako, Bangkokeko, Hanoiko eta Luang Prabangeko merkatuak gogora ekartzen dituzten plater biziak eskainiko dituzte Alex Zurdok, Txitxo Fernandezek eta Gabryella Ismeriakek. Rocak, berriz, hari buruzko dokumentala omentzeko lau platereko menu «harrigarri» bat prestatuko du, Dani Garcia sukaldariarekin batera.