Pop musikako karrera batean zaila da (agian ezinezkoa) artistikotasuna, komertzialtasuna, etika eta zentzu politikoa uztartzea: konbinazioaren elementuetako batek, edo batek baino gehiagok, huts egingo du beti (galde diezaiotela bestela Ed Sheeran-i, oro har, eta, oraintsu, bere azkeneko bira estatubatuarreko gorabehera lotsagarrien ostean). Bada, norbait hurbildu bada noizbait oreka zail horretan eustera, hori Peter Gabriel da. Klase ertain-altuko familia ingeles batean jaioa 1950ean, piano, bateria eta flauta formazio on batekin, nerabezaroan garaiko poparekiko eta, batez ere, soul musikarekiko interesa garatzen joan zen, eta zenbait musika-talde osatu ere bere eskola pribatuan, Tony Banks, Mike Rutherford, Anthony Phillips eta Chris Stewart ikaskideekin: hori izan zen Genesis taldearen genesia (barkatu), oraindik batxilergoa amaitu gabe zeudela sortu zutena, eta zeinaren kantari nagusia (eta, noizbehinka, flauta-jotzailea) bihurtu baitzen Gabriel. Denborarekin, rock progresiboko talde nagusienetako bat bihurtu ziren, musikaz gain, mozorrorako eta antzerkirako Gabrielen jaidurari esker: Genesisenak ez ziren kontzertuak, performance totalak baizik. Jite hori muturrera eraman zuen taldeak The Lamb Lies Down on Broadway albumarekin (1974), opera rock konplexu (hots, handiuste) bat, taularatzeko zaila, eta Gabrielen ordura arteko proiektu pertsonalena izan zena, hainbeste ezen tentatuta egon bainaiz, boutade gisa, zerrenda honetako lehenengo disko bezala aukeratzeko (azkenean ez dut egin Genesisen beste kideen ekarpen eztabaidaezina lausotzea lekarkeelako). The Lamb-en grabazioak eta, ondoren, birak faktura pasatu zioten taldeari: «Desberdintasun kreatiboak» areagotu ziren (gertatu ohi den bezala), eta baita nekea ere. Emaitza, betikoa: kantariak, ezustean, Genesis utzi eta bakarkako karrerari ekin zion. Hiru diskotan (alferrik) laburbiltzen saiatuko naizena, hemen.
peteRÂ gabriel

Bakarkako bere lehenengo disko hau ez da, inondik ere, kaleratu zuen onena eta, izan ere, zalantza izan dut aukeraketa honetan sartzeko orduan, beste batzuk biribilagoak iruditzen zaizkidalako. Baina, duda-muda guztiekin ere, asmo-deklarazio argia da, aurreko bidetik aldentzeko borondatea erakusten duena. Egia da badaudela pare bat kanta Genesisen progresibotasuna gogora ekartzen dutenak (Moribund the Burgermeister eta Slowburn, A eta B aldeak irekitzen zutenak, ez kasualitatez: antzinako fanak ez zituen gehiegi izutu nahi), eta rockaren aurreko musika tradizionalaren gaineko pare bat ariketa, dibertigarriak izanda ere, lekuz kanpo diruditenak (Excuse Me korala, eta Waiting for the Big One blueseroa). Baina gainontzekoak aurkikuntzak baino ez dira: Modern Love-k eta Down the Dolce Vita-k Gabrielek gogor rockeatzen bazekiela erakusten dute (London Symphony Orchestra-ren laguntzak ez du, ez horietan, ezta diskoko beste batzuetan, kanten indarra estaltzen, halako kasuetan gertatu ohi den bezala —oroit Euskadiko Orkestrak birrindutako hainbeste euskal rockeko proiektu...—, azpimarratzen baizik); Humdrum-en delikadeziak Gabrielen ahotsaren aingerutasuna are gehiago baino ez du nabarmentzen, Here Comes the Flood-en emozioak bezala. Eta, batez ere, Solsbury Hill singlea, bere musika alai eta hitz oroitarazleekin (berdin egin diezaioketenak erreferentzia hala esperientzia mistiko bati nola Genesisen karga gainetik kendu izanari), poparen hit estrainioenetako bat. Gabriel ondo lagunduta egon zen bere lehen saio honetan: Robert Fripp-en gitarra, Bob Ezrin-en produkzioa, Larry Fast-en sintetizadore pioneroak, Tony Levin-en baxua, Hipgnosis kolektiboaren azala... Eta emaitzan nabaritzen da.
PETER GABRIEL

Beste aukera eztabaidagarri bat: gabrielzale gehienek 1980ko 3. diskoari egingo liokete, ziurrenik, men, elektronika-berrikuntzengatik, aurkikuntza perkusiboengatik (hamarkada osoa markatuko zuen Intruder kantako bateria-soinua), eta Biko singleagatik (pop politiko konprometituaren epitomeetako bat). Baina ni bi urte geroagoko honekin geratzen naiz, ñabarragoa, homogeneoagoa, esperimentalagoa eta berritzaileagoa delako (adibide argi, hots, ilun baterako The Family and the Fishing Net tremendoa). Erritmoaren aurkikuntzak markatzen du albuma: kanta gehienen bizkarrezurra ez da melodia, perkusioa baizik, eta nabaria da britainiarrak alor horretan aurreko urteetan zehar egindako ikerketa-lan guztia, batez ere polierritmo afrikarretan. Diskoa irekitzen duen kantak, The Rythm of the Heat, Ekome dantza konpainiaren danbor ghanar horiekin, argi uzten du nondik doazen gauzak, eta jitea pieza gehienetan errepikatzen da, modu beti ezberdinetan, Jerry Marotta bateriaren ahalegin itzelari esker: entzun Lay Your Hands on Me edo diskoa ixten duen Kiss of Life espantsiboa (festa bat). Apropiazionismoa? Noski, baina Gabriel, behintzat, faborea aitortzen eta itzultzen saiatu zen garai bertsuan sortu zuen WOMAD festibalarekin, eta Real World Records zigiluarekin. Bestalde, diskoak badauzka jada hurrengo komertzialtasunaren abisu argiak (Shock The Monkey dantzagarria eta I Have the Touch synthpoperoa), eta kolonialismoaren inguruko hausnarketa eder bat, San Jacinto, oso ursulakleguindarra. Banda jadanik ondo koipeztatu eta kontsolidatuarekin (David Rhodes gitarrista, aipatu Levin eta Marotta), eta adiskide onen laguntzarekin (Peter Hammill-en koruak kanta bat baino gehiagotan), gailurra jo zuen disko honekin, nire uste harroan.
PETER GABRIEL

Artikulu hau idazteko aitzakia, bistan denez, disko honen 40. urteurrena da: Gabrielen estatusa betirako ezarri zuen obra; kantariak ere argi zeukan hori, haustura markatu zuelako bere aurreko katalogoarekin, albumari izenburu bat lehenengo aldiz emanda eta bere erretratua, aurrenekoz ere, azalean modu argi batean ipinita (guapo, gainera). Nik, nire esnobkerian, hasieran «gizon hau saldu da» pentsatu nuen, noski, batez ere funkez blaitutako Sledgehammer single hipersexuala entzutean, eta baita Don’t Give Up ezti(egi)a ere, Kate Bush-ekiko duetoa. Baina laster errenditu nintzen, eta, aurreko albumak maiteago zaizkidan arren, So-ren lorpena laudatzeko modukoa iruditzen zait. Berriz ere (etxeko marka dirudi) betiko fanak ez izutzeko moduko batekin abiatzen da, Red Rain intentsoarekin, aurreko edozein LPtan egon zitekeena. Baina, berehala, aipatu bi bonbazoak datoz, eta argi dago beste dimentsio batean gaudela. Gainontzekoa komertzialtasun horren alderdi ezberdinen erakustaldiaren (That Voice Again, In Your Eyes eta Big Time, Sledgehammer-en bikia) eta esperimentalismoaren arrastoen arteko oreka da (Anne Sexton-en poemetan oinarritutako Mercy Street, We Do What We're Told enigmatikoa, eta Laurie Anderson-ekin batera sinatutako This Is the Picture, ez zena diskoaren lehen edizioetan agertu, baina, garai bertsukoa denez, berrargitarapen guztietan sartu dutena: harribitxi bat da). Edonola ere, Gabrielen ondorengo estudioko diskoen pauta markatu zuen (Us, 1992; Up, 2002, I/O, 2023): guztietan saiatuko da errepikatzen salgarritasunaren eta esperimentazio grinaren arteko oreka hori. Hori bai, denbora-tarte gero eta handiagoak utzita proiektu baten eta hurrengoaren artean: perfekzionismo nahiak halako bide-sariak dakartza…