Musika

Pop doinuen erritmoan egingo diete putz hogei kandelei Kobetamendin

Bilboko BBK Live jaialdiaren 20. aldia abiatuko da bihar. Larunbatera arte 80 artista baino gehiago igaroko dira oholtzatik. Robbie Williams, Zaz eta Calvin Harris dira aurtengo izen handietako batzuk.

BBK Live jaialdiaren gau giroa, iaz. SERGIO ALBERT
BBK Live jaialdiaren gau giroa, iaz. SERGIO ALBERT
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko uztailaren 8a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko BBK Live jaialdia pertsona bat izango balitz, jada bere lehen jaialdietan egonda legoke. 20. aldia izango du aurtengoa, eta, urtebetetze borobilean, musika estilo ugariri egingo die lekua Kobetamendin, hiru egunez. Bihar hasiko dira aurreneko musikariak oholtza gainera igotzen, eta larunbateko ordu txikiak arte ariko dira urteurrena ospatzen. Popa, rocka eta musika elektronikoa entzuteko aukera izango dute zaleek, eta lehen estilo horretako doinuek presentzia nabaria izango dute. Izan ere, jaialdiaren aurtengo aldiko izen nagusietako bat Robbie Williams izango da.

Williamsek 1990eko hamarkadan hasi zuen musika ibilbidea, Take That taldean; ospea, ostera, bakarkako lanetan lortu du. 1996an taldea utzi, eta bere kabuz jardutea erabaki zuen, eta ordutik sariak besterik ez du lortu. Erresuma Batuko musikarien artean banatzen den Brit sarian gailendu izan da bereziki; izan ere, inork ez ditu berak beste Brit sari irabazi: hamazortzi, guztira. Popa eta rocka nahasten ditu Williamsek abestietan. Haren azken diskoa Britpop da, eta bertan bildutako abestiekin osatutako kontzertua eskainiko du bihar, 22:35ean, oholtza nagusian. Hala ere, espero da 30 urteko bere ibilbidearen zertzeladak ere entzun ahal izango direla.

Baina musikari ingelesa ez da oholtzara igoko den bakarra izango, ezta gutxiago ere. Guztira, 80 artista baino gehiago bilduko ditu aurten jaialdiak; urtero legez, hainbat gunetan banandurik. Adibidez, Williamsek eszenatoki nagusian abesten duen bitartean, Xoel Lopez galiziarrak Repsol gunean hasiko du kontzertua, 23:00etan. Agertoki nagusiak eta petrolio enpresak babestutako eszenatokiek ez ezik, beste lau gunek osatuko dute kontzertuen ibilbidea: Johnnie Walker, San Miguel, Basoa eta Lasai.

Pop doinuek pisu nabaria dute aurtengo egitarauan; izan ere, aipatutako bi musikariek ez ezik, beste hainbatek pop erritmoak eramango dituzte oholtza gainera; Zaz-ek, esaterako. Larunbatean joko du, 19:00etan, San Miguel gunean. 2010ean hartu zuen sona abeslari frantsesak, Zaz bere lehen diskoa argitaratu eta berehala, On ira eta beste zenbait abestiri esker. Hamasei urteren ostean, popa eta jazza uztartzen jarraitzen du, lehen estilora geroz eta gehiago gerturatu den arren. Iaz plazaratu zuen orain arteko lanik berriena, Sains et Saufs.

Dena ez da popa izango halere, eta, aurreko aldietan gertatu legez, elektronika eta DJak ere protagonista izango dira. Horren erakusle da karteleko izen handienetariko bat Calvin Harris izatea. DJ Mag aldizkariaren arabera, munduko 22. DJrik onena da Harris. Eskozian jaioa da, eta 2002an hasi zen musika sortzen; ordutik, hamaika sari lortu ditu, tartean elektronikako artistarik onenaren Billboard Music Award izenekoa, 2015ean. Milioika entzunaldi dituzte Harrisen abestiek plataformetan; ospetsuena, Rihannarekin batera egin zuen We Found Love da.

DJen musika nahasketak hainbat gunetan entzun ahal izango dira; batez ere Basoan, non elektronikak eta naturak bat egiteko hamaika proposamen egongo diren, antolatzaileen arabera. Elektronikaz gain, house eta disco musika entzuteko aukera ere izango da bertan, eta haien bidez zabalduko dira rave eta klub kulturak Kobetamendin. Bertan egongo dira, besteak beste, Dee Digs —bihar, 19:00etan—, DJ Nobu —etzi, 23:30ean— eta Badsista —larunbatean, 21:00etan—.

Kultura hori, ostera, ez da soilik gune batera mugatuko. Iaz abiatutako Gorria egitasmoa martxan izango da aurten ere, eta, hala, gune nagusietan ere erritmo bizi eta iradokitzaileak entzun ahal izango dira. Esaterako, Metrika rap abeslari katalana biharko ordu txikietan igoko da Johnnie Walker eszenatokira, 03:15ean. Sexua eta ahalduntzea dira haren abestien ardatz nagusiak, eta estilo probokatzaile batekin josten ditu. Azken urtean ospe nabaria lortu du Toto de loca abestiagatik, besteak beste, eta haren izena jaialdietako karteletan ikustea ohiko bihurtzen ari da.

Musikari katalana oholtzara igoko den egun berean, ostiralean, beste hainbat talde igaroko dira Kobetamenditik. Belle and Sebastianek 21:15ean joko du San Miguel gunean; Glasgowtik (Eskozia) Euskal Herrira soinu indie-popa ekarriko dute. Egun berean, Soul Wax ariko da agertoki nagusian, 01:35ean, baita Burgosko (Espainia) La M.O.D.A. ere, 19:00etan, San Miguel gunean.

Jaialdiak aurten Kobetamendin emango duen azken egunean, larunbatean, izen handi gehiago taularatuko dira. Agertoki nagusia hartuko du Interpolek 20:35ean, bere gitarren soinuekin, eta haren ondotik Idles (23:00etan) eta Dellafuente ere (01:20an) ariko dira leku berean. Halaber, Zumarragako (Gipuzkoa) Aimarz-en hyperpopak San Miguel guneko oholtzara gerturatutakoak dantzan jarriko ditu arratsaldeko lehen orduetan, eta igandeko aurreneko soinu banda Lily Allenen abestiek osatuko dute gune berean, 00:15ean.

Euskal musika, hirira

Euskarari aurten «leku berezia» eman nahi izan diote jaialdiaren antolatzaileek. Horiek horrela, egitaraua larunbatean amaitzen den arren, BBK Liven ekitaldiak ez dira Hotcore jaiarekin amaituko —larunbatean, 03:00etan, Johnnie Walker eszenatokian—. Beste egun bat gehitu diote jaialdiari, laugarrena, bere 20. aldian; izan ere, iganderako Euskaraz! izeneko egitasmoa antolatu dute. Jaialdia luzatzeaz gain, Kobetamendi atzean utzi, eta Bilbo erdigunera gerturatuko dituzte mikrofonoak. Antolatzaileek azaldu dutenez, azken hogei urteotan haien xedeetako bat izan da «euskararen sustapena eta tokiko sorkuntzaren aldeko apustua» egitea. Hori dela eta, zuzenean bi ildo horiek jorratuko dituen egun berezia antolatzea erabaki dute aurten.

Igandeko ekitaldiak hiru gunetan izango dira, 16:45etik 21:00etara: Isozaki dorreak, Areatzako kioskoa eta Albia lorategiak. Euskal musikan finkaturik dauden taldeetatik haien ibilbidea hasi berri dutenetarainoko ibilbidea egin nahi du jaialdiak zuzeneko emanaldi horiekin. Horiek horrela, eszenatokira igotzen aurrena Korrontzi taldea izango da —16:45ean, Isozaki dorreetan—. Eta, oholtzara igotzen azkenak, Artean proiektuko kideak —20:00etan, Areatzako kioskoan—. Artean Euskal Herriko eta Kataluniako zenbait sortzaileren elkarlanaren ondorioz sortutako proiektua da; Judit Neddermannek, Olatz Salvadorrek, Idoia Asurmendik, Olaia Inziartek, Marenek, Bea Asurmendik eta Izarok osatzen dute musika egitasmo hori.

Bi talde horiez gain, beste lauk joko dute jaialdiaren luzapenean: XSakara —17:45ean Albia lorategietan—, Bengo —18:30ean, Isozaki dorreetan—, Afrika Bibang —18:30ean, Areatzako kioskoan— eta Eider Saez —19:15ean, Albia lorategietan—.

Teknikariek ez dute greba egunik egingo

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek lehen greba eguna egin zuten maiatzaren 15ean, eta egun hartan iragarri zuten BBK Live jaialdian etena ere egingo zutela. Bada, Teknikariok sindikatuak jakinarazi duenez, bertan behera utzi dute deia.

 

Azaldu dutenez, jaialdian lan egiten duten askok «autonomo faltsu» gisa dihardute, eta horren aurrean tresnarik ez dutela salatu dute. Izan ere, haien hitzetan, langile horiek greba egiteko eskubiderik ez izatea baliatzen du jaialdiak «langileen eskubideak urratzeko». Hala, greba deialdia Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaietara mugatuko dute.

EGITARAUA

  • Osteguna:
    • Agertoki nagusia: 18:15ean, Radio Free Alice; 20:00etan, Dani Fernandez; 22:50an, FKA Twigs; 01:40an, Calvin Harris.

    • San Miguel: 17:45ean, Sara Zozaia; 19:00etan, Belen Aguilera; 21:45ean, Paris Paloma; 00:20an, David Byrne.

    • Johnnie Walker: 17:30ean, Gar; 19:15ean, Folk Bitch Trio; 21:55ean, Hemlocke Springs; 00:30ean, Hoonine.

    • Repsol: 18:15ean, Las Petunias; 20:30ean, Don West; 23:15ean, Fatoumata Diawara; 01:30ean, Appurat.

    • Basoa: 17:00etan, Guim; 19:00etan, Dee Diggs; 21:00etan, Paula Tape; 23:00etan, Erol Alkan b2b Optimo (espacio); 02:00etan, 2manydjs.

    • Lasai: 18:00etan, Suze Ijo; 20:00etan, James Massiah; 22:00etan, Livwutang; 00:00etan, JoniDJ; 02:00etan, Amelia Holt.

  • Ostirala:
    • Agertoki nagusia: 18:10ean, Depresion Sonora; 20:05ean, Alabama Shakes; 22:35ean, Robbie Williams; 01:30ean, Soul Wax.

    • San Miguel: 17:30ean, Marte Lasarte; 19:00etan, La M.O.D.A.; 21:15ean, Belle and Sebastian; 00:10ean, Tomora; 02:30ean, Richie Hawtin Dex Efx Xox.

    • Johnnie Walker: 17:30ean, Suave; 19:20ean, Westside Cowboy; 21:30ean, La Paloma; 00:15ean, Juicy Bae; 02:30ean, Mietze Conte; 03:15ean, Vampirina Club, Metrika eta D. Bastorekin.

    • Repsol: 18:30ean, Yerai Cortes; 20:30ean, Thee Sacred Souls; 23:00etan, Xoel Lopez; 01:30ean, CMat.

    • Basoa: 17:00etan, Miravalles; 19:00etan, Vlada; 21:00etan, Sedef Adasi; 23:30ean, DJ Nobu; 02:00etan, Donato Dozzy.

    • Lasai: 18:00etan, Elena Backer; 20:30ean, Genosidra; 22:30ean, Somadantina; 23:30ean, Meritxell de Soto; 02:00etan, Torus.

  • Larunbata: 
    • Agertoki nagusia: 18:00etan, Bigger Splash; 20:35ean, Interpol; 23:00etan, Idles; 01:20an, Dellafuente.

    • San Miguel: 17:30ean, Aimar; 19:00etan, Zaz; 21:50ean, Ralphie Choo; 00:15ean, Lily Allen; 02:45ean, Charlotte de Writte.

    • Johnnie Walker: 17:30ean, Barrk; 19:00etan, Cervatana; 21:30ean, Mind enterprises; 00:15ean, BB Trickz; 03:00etan, Hotcore Party: Taichu and Friends.

    • Repsol: 18:15ean, Amore; 20:30ean, Queralt Lahoz; 23:15ean, Nu Genea Live Band; 01:45ean, Horsegirl.

    • Basoa: 17:00etan, Mattias el Mansouri; 19:00etan, Bashkka; 21:00etan, Badsista; 23:30ean Gerd Janson; 02:00etan, Nicolas Lutz.

    • Lasai: 19:00etan, Ylia; 21:00etan, Toni Bass; 23:00etan, Alexis Le-tan; 01:00etan, Iro Aka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA