Bertsozale orok bazekien gaur jarriko zituztela salgai Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako hamabost saioetako sarrerak. Hori dela eta, itxaron-zerrenda birtuala sortu da Bertsozale Elkartearen webgunean: 11:14an, webgunean sartzerakoan, 1.412 pertsona zeuden ilara birtualean.
Ordubete pasatu denean, jada ez zegoen itxaron beharrik, zuzenean eros zitezkeen nahi beste saiotako sarrerak.
Finalerako sarrerek izaten dute arrakastarik handiena, eta horiek erosteko lasaiago ibili ahal izango dira Bertsozale Elkarteko bazkideak: finalerako sarrera erreserbatuta izango dute gaurtik ekainaren 24ra bitarte. Saio guztietarako sarrera ere izango dute eskuragarri.
Aurten final handia 2026ko abenduaren 20an izango da, Iruñeko Nafarroa Arenan. Berritasun bat ere izango du: izena. Bertsolari Txapelketa Nagusia izateari utzi, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa izango da aurrerantzean.
Udararen ondoren helduko da txapelketa
Irailaren 19an hasiko da txapela irabazteko lehia, Hazparnen (Lapurdi). Guztira, hamabost saio izango ditu txapelketak aurten. Lehen zazpi saioak, sailkapen fasekoak, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako bakoitzean egingo dituzte. Hona hemen saio guztiak biltzen dituen infografia: