Donostiako 87. Musika Hamabostaldia

Sei aldiz bete dute Kursaala Musika Hamabostaldiko kontzertuek

Denera 30.655 ikus-entzule bildu dira jaialdiaren 87. aldiko emanaldietara, iaz baino %10 gehiago. Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariaren arabera, «bertakoaren eta kanpokoaren arteko orekan datza» aurtengo aldiak izandako arrakasta.

Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak aurtengo jaialdiaren balantzea egin du, Kursaalean. JON URBE / FOKU
Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak aurtengo jaialdiaren balantzea egin du, gaur, Kursaalean. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2026ko abuztuaren 31
18:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zenbaki bikainak izan ditugu, bai ikus-entzuleen kopuruetan, bai eta diru-sarreretan ere. Eta teknikarien greba zela-eta bertan behera utzitako dantza ikusgarria alde batera utzita, ez da inolako ezustekorik izan ezertan». Hitz horiekin laburbildu du Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak aurtengo aldiak eman duena. Esan du, halaber, jendea erakartzeko gaitasunari begiratuz gero, pandemiaren aurreko azken urteen mailara itzuli dela jaialdia. Abuztuaren 2tik hasi eta 30era bitarte, 68 ekitaldi antolatu ditu Musika Hamabostaldiak— horietarik 29 doakoak—, eta guztira 30.655 ikus-entzule bertaratu dira horietara. Gainera, Zomozorroak kontzertu pedagogiko dramatizatua, Zure barnean koreografia, Abandonatuak kantu bilduma eta lau obra estreinatu dira. Musika Hamabostaldiak 906.767 euro bildu ditu leihatilan, iaz baino %8-9 gehiago —70.000 euro gutxi gorabehera—.

Aurtengo jaialdia «zinez distiratsua» izan dela nabarmendu du Alfayak: «Ia kontzertu guztietan izan da nazioarteko izarrik, eta horrek eragina izan du. Baina, gainera, ez da halakoetan suertatu litekeen okerrik gertatu; ez da zamarik galdu, azken unean saiorik bertan behera utzi edo muga-arazorik izan. Halakoak gertatzea ez da zaila, baina ondo joan da dena».

Musika Hamabostaldiko zuzendariaren arabera, Kursaal auditorioko kontzertuek eman dituzte zenbakirik biribilenak: «%92,36ko okupazioa izan dute. Ez dago batere gaizki: iaz baino 10 puntu gehiago dira». Hain zuzen, bertan egindako bederatzi kontzertuetatik seik erabat bete dute aretoa; 15.023 lagun bildu dira guztira. Juan Diego Florezen errezitalak eman zion hasiera Kursaalen egindako zikloari, eta musikari eta orkestra entzutetsuak aritu dira atzetik, besteak beste Mahler Chamber Orkestra, Daniil Trifonov eta Grigory Sokolov piano jotzaileak, The Costellation Choir and Orchestra, Seulgo Orkestra Filarmonikoa, Bomsori Kim biolin jotzailea, Matthias Goerne baritonoa edota Scalako Orkestra Filarmonikoa, batzuk aipatzearren.

«Ia kontzertu guztietan izan da nazioarteko izarrik, eta horrek eragina izan du. Baina, gainera, ez da halakoetan suertatu litekeen okerrik gertatu, ondo joan da dena»

PATRICK ALFAYA Musika Hamabostaldiko zuzendaria

Kursaalek emandako kopuruetatik oso hurre gelditu dira Hamabostaldiaren eskaintza osatzen duten gainerako zikloak: kontzertu askok gainditu dute %90eko langa, eta 15.465 ikus-entzule baino gehiago batu dituzte guztira. San Telmo museoko emanaldiena da aipagarriena, %100 bete baitira kontzertu guztiak.

Antzinako Musika eta Ganbera Musika zikloaren barruan, zortzi kontzertuetatik zazpi bete dira, eta 2.104 ikus-entzule batu dituzte guztira. Organo Zikloak, berriz, 6.026 lagun batu ditu eta Musika Aitzaki zikloak 2.377. Bestalde, 1.176 ikus-entzule izan ziren inaugurazio ekitaldian.

Doako kontzertuei dagokienez, 29 saio izan dira guztira, eta 8.100 lagun batu ziren haietara.

Une gogoangarriak

Kopuruengatik ez ezik, sortutako emozioengatik ere izan dute garrantzia Viktoria Eugenia antzokiko kontzertuek. 1.543 ikus-entzule izan dira guztira, eta horietarik asko Arriaga harrigarria kontzertuan. Juan Crisostomo Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrenarekin bat eginez, Euskadiko Orkestra eta Easo Abesbatza aritu ziren Juanjo Menaren gidaritzapean. Bere ibilbide profesionaleko azken kontzertua izan zuen hura Menak, eta aparteko txaloaldia eta aintzatespena jaso zuen horregatik.

Hunkigarria izan zen, halaber, Natxo de Feliperen itzulera eta Abandonatuak kantu sortaren estreinaldia, Arantzazuko Santutegian (Oñati, Gipuzkoa). «2025ean Hamabostaldiko propio sortutako musika proiektu batetik hark bezainbesteko oihartzuna izan duen beste bat sortu da aurten; izan ere, Alos Quartetek sustatutako euskal musikarien topaketatik sortu zen Abandonatuak», nabarmendu du Musika Hamabostaldiko arduradunak. 

Datorren urteko egitarauari begira, Alfayak Xabier Anduaga tenorraren parte hartzea agindu du, baita Anne-Sophie Mutter biolin jotzailearena ere. Jaap van Zweden zuzendaria ere itzuliko da Donostiara, ez ordea Seulgo Orkestra Filarmonikoarekin, Radio Franceren Orkestra Filarmonikoarekin baizik; irailaren 11n egingo du debuta kargu berrian.

«Ikus-entzuleak ez dira lehen bezain fidelak. Musikak berak baino gehiago izarrek erakartzen dituzte; izen garrantzitsuak bilatzen dituzte»

PATRICK ALFAYA Musika Hamabostaldiko zuzendaria

Etorkizunari begira

Musika klasikoak lituzkeen erronkei begira, jende berria erakartzeko ahaleginaz mintzatu da Alfaya: «Ikus-entzuleak asko murriztu dira Europan, bereziki Alemanian, Austrian eta oso zaleak izan diren herrialdeetan. Baina dantzan, antzerkian edota zineman ere antzera gertatzen da, eta denoi dagokigu ahalegina egitea». Musikarien artean izen berriak txertatzeko zailtasuna ere ekarri du hizpidera, eta musika arloko sektore pribatuaren gainbeherari jarri dio fokua: «Konturatu naiz Riccardo Chaillyren disko mordo bat dudala etxean, 18 urte neuzkanetik-edo haren dozenaka disko batu ditut. Baina gaur egun ez dago diskoetxerik, ezta kiosko guztietara heltzen den aldizkaririk ere. Ez dago inor halako musikaria entzun behar duzula nabarmenduko dizunik». Jaap van Zweden zuzendaria jarri du adibidetzat: «Ibilbide oparoa du, baina duela gutxi arte inor gutxik zekien New Yorkeko Orkestra Filarmonikoaren zuzendaria izan denik. Duela hamar urte, ikus-entzuleek ederki asko zekien nor zen orkestra horretako zuzendaria, besteak beste aurrekonturik handiena duen orkestra delako». Alfayaren ustez, Donostiako Hamabostaldiari eta antzeko jaialdiei dagokie sektore pribatuak utzitako hutsunea betetzea eta artista horiek ezagutzera ematea.

Ikus-entzuleen profila aldatu da, bestalde. Alfaya: «Ez dira lehen bezain fidelak, nolabait esanda. Musikak berak baino gehiago izarrek erakartzen dituzte. Izen garrantzitsuak bilatzen dituzte».

Aurtengo Musika Hamabostaldiko ikus-entzuleen kopurua %10 hazi da iazkoaren aldean, eta pozik agertu da Alfaya. Erdietsitako arrakasta ulertzeko gako bat eman du: «Konturatu gara bertakoak ederki funtzionatzen duela, eta gero eta garrantzi handiagoa hartzen duela. Bertakoaren eta nazioartekoaren arteko orekan datza arrakasta».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA