Bizkaiko bertsolari txapelduna

Aitor Etxebarriazarraga Gabiola: «Sentitzen nuen olatu guztia aldez etorri zitzaidala»

Disfrutatu egin zuen oholtzan, eta kontent begiratzen dio larunbatean egindako lanari. Inoiz baino maila hobean dabilela sentitzen du.

Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gernikan, txapela eskuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iratxe Muxika
Gernika
2025eko abenduaren 22a
17:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohiko egun bat izanen balitz, eskailerak igo eta goiko solairura joan izanen litzateke, baina beheitiko pisuan egin ditu lehen harrerak. «Bertso eskola hor goian egiten dugu, baina kantatu dugu eskaileretan ere, edo horko sala txikian; oso leku berezia da niretzat». 22 urte zituen lehen aldiz bertso eskola batera joan zenean, hain justu orain dagoen lekura, Astrara, baina orain ez dakar orduko urduritasunik, txapeldun baten aldartea baizik. Larunbatean irabazi zuen Aitor Etxebarriazarraga Gabiolak (Gernika, Bizkaia, 1993) Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, eta jaioterrian da orain, Gernikan (Bizkaia), «pozik, batez ere».

Zer moduz zaude? 

Ondo, pixkanaka. Oraindik lo falta borroka batekin, baina ondo; ondo eta pozik. 

Azaroaren 15ean sailkatu zinen finalera, eta hilabete bat egon zara haren esperoan. Luze egin zaizu? 

Aurreko uste denen kontra, luzea izan da, baina eskertu egin dut aldi berean. Denbora eman zidan apur bat deskonektatzeko eta deskantsatzeko, eta gero berriz konektatzeko. Luze joan da, baina niretzat behintzat erosoa izan da bidea. 

Eta behin larunbata iritsita, nola prestatu zinen oholtzara igotzeko?

Oso gaizki pasatu nuen aurreko aste osoan. Erdi gaixotu egin nintzen, gainera, eta tokatu zitzaidan beldurra eta urduritasuna kontrolatu beharra. Baina, tira, eskerrak ondo inguratuta gaudela eta eusten digutela, eta, era berean, eskerrak esperientzia pixka bat ere badaukagula. Horrek guztiak asko laguntzen du oholtzara igotzen eta holako harrera beroari gorputzaldi on batekin erantzuten. 

Ikusi gehiago

Aurreko bi finaletan baino erosoago atera zinen? 

Nabarmen erosoago. Alde batetik, pentsatzen dut esperientziarengatik ere izango dela, eta, gero, beste alde batetik, azkenaldian plazan bertan ikusten nuelako sendoago nenbilela, edo bai egin nahi nuenetik gertuago behintzat. Zozketa ere alde tokatu zitzaidan, aurreko bi finaletan zortzigarren kantatzea tokatu baitzitzaidan. Aurten lagunei esan nien berriz zenbaki hori tokatuz gero kotxera joango nintzela negar egitera, eta gero bueltatuko nintzela aretora. Ez zen gertatu. Gero berdin-berdin egiten da bertsotan, baina, egia esan, sentitzen nuen olatu guztia aldez etorri zitzaidala. 

«Finala oso ondo joateaz gain, oso orekatsua joan zen. Eta horrek poz handia ematen dit, are gehiago final on horretako txapeldun izateak»

Uste duzu zozketako ordenak eragiten dizula pertsonalki? 

Esango nuke seiko saioetan gutxixeago eragiten duela, baina zortziko saioak luzeak dira, bai behintzat lanean aritzeko. Luzeak dira itxaron denboraz, baita fisikoki ere. Zortzigarrena oso bazterrean dago oholtzan, eta ertzik baldin badago, ertzean egoten da beti. Nik neuk ez daukat oso esperientzia ona zenbaki horrekin. 

Amona baten rolean jardun zinen zortziko handian, eta umoretsuago txikian. Eroso hasi zinen lanean? 

Final bat izateko, uste dut nahiko erraz hasi nintzela. Asko gustatu zitzaidan zortziko handiko gaia. Normalean gaiek ez gaituzte jartzen emakume konkretu baten paperetik kantuan, baina bada pil-pilean dagoen gai bat, eta gustatu zitzaidan. Ebanjelistek jarraitzen dute nazka ematen kliniketan. Gainera, baneukan gogoa plazan kantatzeko, eta ondo hastea garrantzitsua da. Uste dut pauso onarekin hasi nuela finala. 

Puntu erantzunetan aitzineko aldietan bezain fin aritu zinen, baina ez da ariketa erraza. Lanketa berezirik egiten duzu ariketa horrekin? 

Ez dakit erantzun bat ematen. Ez dakit zergatik den, baina egia da eroso egiten dudan ariketa bat izaten dela normalean. Gero, noski, errimak ere lagundu behar du, eta gaiak ere eragiten du jendearengana iristeko orduan. Niri tokatu zitzaidan gerraz eta soldaduez kantatzea. Pantxoa eta Peiori buruz bikainki erantzun ditzakezu puntuak, baina publikoarengan sortzen duzun oilo ipurdia ez da berdina. Kasu horretan, nik alde eduki nuen hori. 

Europaz kantatzea egokitu zitzaizun, eta NATO errima erabili zenuen, erraterako. 

Saio osoan nahiko eroso aritu nintzen errimekin. Sentitu nuen aurkitzen nituela bai errimak eta bai ideiak. Egia da NATO bazegoela nire iruditeriaren barruan, momentu honetan baneukalako faxismoaren eta eskuinaren inguruan kantatzeko gogoa. Kanpo semantiko horren barruan bazegoen Europa, Europar Batasuna, eta baita NATO bera ere. 

«Buruz burukora Onintzarekin sailkatu eta gero, asaldatuta sentitu nintzen, ez ordura arte neukan patxadaz. Emozio zurrunbilo horretan, bukaera ere ahaztu egin zitzaidan»

Bakarkakoan jo zenuen goia, eta txapelketa osoan egin duzun moduan, bederatziko txikian kantatu zenuen. Apustu handi bat da final batean molde horretan abestea; gorputzaldi ona edukitzeak eman zizun ausartzeko indarra? 

Oholtzara igotzerako erabakia hartuta neukan. Finalerdiak bukatu eta gero, oso eroso sentitu nintzen bederatziko txikiarekin, eta baneukan ausardia puntu hori doinua erabiltzen jarraitzekoa. Baina, aldi berean, egia da finaletako gaiak oso zorrotzak eta zehatzak izaten direla, eta bederatziko txikiak zehaztasun hori are zehatzago eramatera behartzen zaituela. Pasatu nituen hiruzpalau egun alternatibak aztertzen, baina bertso eskolako kideek eta gertu-gertukoek esaten zidaten orain arte ondo atera bada finalean ere jakingo nuela erabiltzen. 

Gero, gernikarra izaki, ez daukat itsasorik bertan, baina Bermeo-eta bai, eta, itsasoa gure bizitzaren parte izan ez bada ere, bada begiratu diogun toki bat, eta uste dut horrek ahalbidetu zidala neure burua benetan bertan ikusten eta egoera hori ahalik eta errealen deskribatzen. 

Bigarren bakarkakoa, ordea, habaneran abestu zenuen. Badu arrazoirik? 

Neure buruarekin tranpa txiki bat egitea erabaki nuela [barrez]. Berez hasierako asmoa bederatziko txikiari eustea zen; gainera, ikusita ganbarako gaia buruz burukoan gai ireki bat izaten dela, jarraitu nahi nuen landua neukan bide hori egiten. Ez nion bereziki beldurrik horri, baina emozionatuegi sentitzen nintzen. Buruz burukora Onintzarekin sailkatu eta gero, asaldatuta sentitu nintzen, ez ordura arte neukan patxadaz. Zortziko txikian egindako labrastadatxoa hortik etorri zitzaidan, eta, emozio zurrunbilo horretan, bukaera ere ahaztu egin zitzaidan. Eta bueno, momentuan erabaki nuen ez nintzela eroso sartuko bederatziko txikian, eta badaezpada tokia behar nuela deskribatu nahi nuena deskribatzeko. Han hamar-hamabost segundoko kontua izango zen erabakia hartzea, Onintzak ganbarara joaten behar izan zuen denbora. 

Bakarkako ariketa entrenatu duzu gehien? 

Ez dakit gehien landu dudana izan den, ze seguruenik egin, ofiziotan egin dut gehiago. Ez dago bide orririk edo libururik bertsotan nola hobetu erakusten duenik, eta, orduan, eginez lantzen dira ariketak. Bakarkakorako pentsatu behar da zeri kantatu nahi diozun eta zerk mugitzen zaituen, eta horretarako zer errima behar dituzun. Horretan trebatu naiz, eta badaukat poz hori, trebatu izanarena eta emaitzetan ikusi izanarena. 

Hamabost minutuko atsedena: kinieletarako tartea. Nola ikusten zenuen buruz burukoa? 

Esango nuke kinielak buruan etengabe egiten ditugula. Saioan zehar ni behintzat asko naiz neure burua epaitzekoa eta besteak baloratzekoa, tokia ikusten joatekoa. Ganbarako atsedenaldi horretan beti gurutzatzen dira begiradak, eta esaten diozu bati: «zu adi, badaezpada». Edo ikusten duzu norbait erlaxatu egiten dela, eta kafe bat edo zerbeza bat eskatu duela, eta esaten diozu: «edan, bai, baina adi, ze hor-hor zaude». Eta larunbatean gela barruan geunden oso ondo jakin gabe zer izen esan, eta hori sailkapenetan ere ikusten da: hamar-hamabost punturen aldean jende asko dago. Horrek esan nahi du finala oso ondo joateaz gain, oso orekatsua ere joan zela. Eta horrek poz handia ematen dit, are gehiago final on horretako txapeldun izateak. 

Kantuan ari ez zinenean, lasai zeunden? 

Esango nuke aurreko finaletan baino gehiago entzun nituela besteak. Alde batetik, ikusten nuen gehien-gehiengoa gozatzen ari zela, edo kantuan ondo ari zela, eta ez dut esango ikusle bat bezala entzun nuenik, baina nahiko adi egon nintzen. Tentsioa neukan, eta etengabe ari nintzen buruari bueltaka, baina lortu nuen arreta jartzea bertsokideen lanean. Zortziko txikian kantatu eta gero, baina, iruditu zitzaidan goi-goirik ere ez genuela jo, eta bi zortziko txiki on egitetik nentorren. Baneukan ilusioa berriro apurtzekoa, eta, bueno, ez dut esango amorruz, gustura bainago egindako lanarekin, baina bai eseri nintzela irtenbide edo ideia gehiagoren bila. Alferrik zen, baina denboratxo bat pasatu nuen hor. Nire ariketaren aurreko bertsoaldietan kontzentraziora bueltatzen nintzen; nekatuta bukatu nuen saioa. 

«Aurtengo irabazi handienetako bat hori izan da, neure burua ikustea etxean koaderno batean txapeldunaren agurra irudikatzen»

Anitz animatu zintuzteten entzuleek, sumatu zenuen hori oholtzatik? 

Berotasuna sumatu zen, eta hasiera-hasieratik, gainera. Lehenengo pasillo hortatik ere burrunba entzuten zen. Polita izaten da zuk uste duzunean asmatu duzula eta jendeak zurekin batera ospatzen duenean asmatu duzun bertso hori. Batzuetan gertatzen da bertsoarekin gustura geratzen zarela eta ez duzula edukitzen esperotako erantzunik, eta halakoek pixka bat hotz uzten zaituzte. Baina larunbatean guztiz kontrakoa gertatu zen, eta, pixka-pixka bat asmatu orduko, jendea gainera etortzen zen; uste dut horrek lagundu egiten duela orokorrean. 

Bertsotako sormenean, uste dut beharrezkoa dela baikortasun puntu hori; ez ideologikoa, baina bai gorputzaldiari dagokiona. Goibel zaudenean, zaila da horrelako final batzuekin konektatzea, baina garrantzitsua da guk ere baikortasun horrekin bat egitea eta konexio hori sortzea. Larunbatean, adibidez, begi bistakoa zen konexio hori. 

Ohiko bertsolaritza ibilbidearekin alderatuta, nahiko berandu hasi zinen bertsotan. Zer piztu zitzaizun? 

Ni ez naiz hezi bertsolari bezala. Bertso eskola arautua jaso genuen Jon Lopategiren eskutik, LHko bosgarren mailan edo. Eta, gero, ez naiz bertso eskolan aritu, baina bai Ibai Amillategirekin bertso inguruko mundu horretan. Klasekideak izan gara 2 urte geneuzkanetik, kuadrillakoak gara, eta lagun handiak. Bertsozaleak izan gara biak umetatik, eta gure etxean amona ere halakoa zen. Ibairen amonaren etxean hasi ginen bertsotan, unibertsitateko lehenengo urte horietan. Bueno, bertsotan-edo. Gero Lilibertso bertso eskolara egin genuen salto, eta, geroztik, aurrera jarraitu dugu. 

Hain denbora gutxian hiru final eta Bizkaiko txapela. Zein da zure entrenamendua? 

Nik ere ez dakit. Horrela etorri da, eta nik ahalegina eta gogoa jarri diot. Gustatu egiten zait, ondo pasatzen dut, eta ase egiten nau. Txapela ez zen beharrezkoa bide honetan jarraitzeko, baina errekonozimendu bat da, eta horrela jasotzen dut.

Neurri handi batean belarritik sartzen da bertsoa, eta zure bereizgarrietako bat bada ahotsarena. Garrantzia ematen diozu horri? 

Asko saiatzen naiz doinuei eta doinuak eramateko moduari erreparatzen. Esango nuke bederatziko txikian egiteko hautua tonalitatetik etorri zela; gero ohartu nintzenean zenbateko zaila izango zen, pentsatu nuen igual hobe izango zela beste aukera bat hartzea. Eta egin nituen beste aukera batzuk, baina oso kontziente naiz zer doinurekin nagoen eroso eta zer transmititzen dudan. Modu kontzientean egiten dut aukeraketa, bai batzuk hartzeko eta bai beste batzuk albo batera uzteko. Doinu batzuk ez ditut hartzen ez zaizkidalako gustatzen, eta beste batzuk ez ditut propio erabiltzen uste dudalako beste ahots batzuetan hobeto gelditzen direla. 

«Badakizu zer izango den seguruenik gehien oroituko dudana? Ingurukoak zein pozik ikusi nituen»

Bazenuen txapeldunaren agurrik prestatuta? 

Oso-osorik ez, baina baneukan kantatu nuen haren zatitxo bat prestatuta. Aurreko bi finaletara txapeldunaren agurrik pentsatu gabe joan nintzen, baloratu ere ez nuen egiten pentsatu behar nuenik. Aurtengo irabazi handienetako bat hori izan da, neure burua ikustea etxean koaderno batean txapeldunaren agurra irudikatzen. Gero igual zazpigarren gelditu nintekeen, baina bada nahikoa sari neure burua ikustea txapeldunaren agurra pentsatzen jartzeko moduan beste. 

Finalaren atarian, erran zenuen inoiz baino maila hobean sentitzen zarela bertsotan. Aldarte horrekin joanen zara Euskal Herrikora? 

Hala esan nuen hala sentitzen dudalako. Nire ibilbidean orain nago garairik onenean, uste dudalako orain nagoela orekatsuen saioak hasi eta buka egiteko. Eutsi egin nahi nioke gorputzaldi honi. Dena den, nire onenean sentitzen naizela esateak ez du esan nahi onena sentitzen naizenik, ezta beste inor baino gehiago sentitzen naizenik ere. Esan nahi du, besterik gabe, egin nahi dudanetik gertu ari naizela, eta horrekin gozatzen ari naizela. Txapelketa Nagusia hitz handiak dira, eta ez dakit orain halako biharamun goiztiarrean horra begira jartzeko momentua denik, baina txapelketa honetara etorri naizen antzeko ideiekin joango naiz. 

«Igual neuk ikasi behar dot/ neure burua maitatzen», erran zenuen ganbaran. Txapelak lagunduko du horretan, ezta? 

Espero dut balio izatea, bai. Txapelak izaten dira errekonozimendua, eta batzuetan kosta egiten zaigu geure buruari errekonozimendu hori onartzea. Uste dut digestioa egiten dudanean ikusiko dudala zenbateko balioa daukan txapel honek. Akaso egunen batean presio ere bihur daiteke, ez dut uste, baina balioko dit behintzat nire bertso ibilbidea maitatzeko eta egindako lanari dagokion eskertza emateko. 

Txapelaz gain, zer eraman duzu finaletik?

Badakizu zer izango den seguruenik gehien oroituko dudana? Ingurukoak zein pozik ikusi nituen. Bertso eskolako jendearengatik eta inguruko lagunengatik hasi nintzen konturatzen txapela irabazi nuela, eta eskertu egin nahi diet hori. Besteen garaipenengatik poztea ez da beti gertatzen, eta oso eskertuta nago oso maitatua sentitu nintzelako. Bene-benetan izan zen ederra. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.