Duela 11 urte, Barbara Mestanza aktoreak sexu eraso bat pairatu zuen masajeak ere eskaintzen zituen Madrilgo belar-denda batean, eta gertaera horretan oinarritzen da hark eta Marc Pujolarrek zuzendu duten Sucia film dokumentala. «Zergatik ez nuen ezer egin?» galderaren aurrean, erasotzailea aurkitzeko bidaia bati ekingo dio protagonistak, «maskulinitate toxikoa» auzitan jarri eta bere ahotsaren bitartez justizia aldarrikatzen saiatzeko. Bada, film horrek irabazi du Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldiko sari nagusietako bat, Film Luze Onenaren Ikusleen Saria. Batez beste, 9,38 puntu eman dizkiote ikusleek pelikulari, eta hurbil geratu dira Lander Garroren Lutxi eta zuhaitza (9,33 puntu) eta Palestine 36 (9,08 puntu) filmak ere. Iraupen luzeko ekoizpenentzat gordetako beste saria, Amnesty International saria, Natxo Leuzak zuzendutako Black Water film luzearentzat izan da. Jaialdia hasi zenetik astebetera, gaur iluntzean egingo dute sariak emateko ekitaldia, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokian.
Errefuxiatu klimatikoen auziaz hitz egiten du Black Water filmak, eta Bangladeshen jartzen du arreta, zehazki. Zientzialarien aurreikuspenen arabera, 2050. urtean 220 milioi biztanle inguru izango ditu herrialdeak, eta urpean geratuko da haren zati handi bat. Horren ondorioz litekeena da 10-30 milioi biztanlek desplazatu behar izatea, eta, eskala globalean, 250 milioi pertsonara hel daiteke klima errefuxiatuen kopurua mendearen erdialderako: «Gizateriaren historiako migrazio masibo handiena» izatea espero da. Egoera horretaz ohartarazten du Black Water filmak, eta hori «zinema faktura bikainarekin» egiten duela iritzita erabaki du epaimahaiak hari ematea Amnesty International saria.
Film laburren alorrean, bestalde, beste hiru lan saritu dituzte. Euskal film laburrik onenarentzako EITB saria Maren Zubeldiak eta Silvinia Guglielmottik zuzendutako Ultramarino filmak irabazi du; Zazu da protagonista, nerabezaroaren atarian bere nortasunaren bila dabilen gaztea. Herriko jaiak iritsita, erabaki beharko du tradizioz zehaztutako rola bete edo barruak agintzen dion horri segitu. Gazte Epaimahaiaren Saria, berriz, Christophe Derameren La Berriére eta Olivier Wrighten La Première Marche film laburrentzat izan da.
Uxue Lasa artistaren lan bana jasoko dute sarituek gaur iluntzeko ekitaldian —«autoritarismoen aurrerapenaren azpian mundua leuntzen duen eskua» irudikatu du Lasak, antolatzaileen hitzetan—, eta Imanol Uribe zinemagileak ere orduan jasoko du Ibilbidearen Saria. Besteak beste, Burgosko Prozesua (1979), Segoviako ihesa (1981), Mikelen heriotza (1983) eta Bwana (1996) filmen egilea da Uribe, eta, hain justu, azken hori proiektatuko dute gaur Viktoria Eugenian, 16:30ean, sariak emateko ekitaldiaren aurretik.