Bertsolaritza

Txapelketa dator eta...?

Udazkenean txapelketa sasoiari ekingo diote bertsolaritzan. Bizkaikoa helduko da lehenik, eta Nafarroakoa, Xilaba eta Arabakoa ere bidean dira. Lehiatu aurreko aldia nola bizi duten kontatu diote BERRIAri bost bertsolarik.

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, Iruñeko Nafarroa Arenan. IÑIGO URIZ / FOKU
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, Iruñeko Nafarroa Arenan. IÑIGO URIZ / FOKU
2025eko irailaren 14a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailean hasi eta datorren urteko abendura arte, bertso txapelketa bat baino gehiago izango da: Bizkaiko Txapelketarekin hasi, eta ondoren etorriko dira Nafarroako Txapelketa, Xilaba, Arabako Txapelketa eta, azkenik, Euskal Herrikoa. Hurrengo urteko irailean hasiko da Euskal Herrikoa, baina jadanik aipagai da bertsolarien artean. Izan ere, lurraldeetako txapelketetan eskuratutako postuaren arabera lortzen dute bertsolariek txapelketa handirako sailkatzea. Bertsoak osatzea bat-bateko ariketa izan arren, lehiak lan handia eskatzen du aurrez. Gainera, txapelketan nola aritzen diren, horrek eragina izaten du bertsolari bakoitzak hurrengo urteetan izango duen plaza kopuruan eta; hori gutxi ez, eta txapelketako jardunak berak oihartzun handiagoa izaten du, herriko saioek baino entzule gehiago erakartzen baitute txapelketetakoek. Hori guztia nola bizi duten azaltzeko eskatu die BERRIAk bost bertsolariri: Onintza Enbeita, Kattin Madariaga, Aroa Arrizubieta, Miren Artetxe eta Andoni Rekondo. Bakoitzak bere erara bizi ditu txapelketak; batzuek beldurrez, beste batzuek kantatzeko gogoz... baina guztiek azpimarratu dute aurrez lanketa egiteko beharra.

(ID_13433858) ONINTZA ENBEITA
Onintza Enbeita 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Bertsolariak 'sortzeko' bide bat asmatu dugu: eskolartekoan gailendu behar duzu, gazte sariketetan gero, eta lurraldekoan azkenik. Hor egon ezean, desagertu egiten zara»

ONINTZA ENBEITA Bertsolaria

Irailean hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta hartan arituko da Onintza Enbeita (Muxika, Bizkaia, 1979); hamalaugarren txapelketa du aurtengoa. 19 urte zituela kantatu zuen lehenengoz Bizkaikoan, eta, ordutik, bederatzi finaletan izan da. «Hamargarrenarekin borobildu nahiko nuke, baina, hala ez bada ere, ez naiz hilko», esan du. Euskal Herrikoa ere badu jomuga, baina horretan ez du helburu «handirik» izaten. Hala ere, garrantzitsua iruditzen zaio Bizkaiko txapelketan «ondo» aritzea, eta, entrenatzeko, Amallon (Markina-Xemein, Bizkaia) biltzen da beste bertsolari batzuekin.

Nerea Elustondok 2024ko Gipuzkoako finalean kantatu zuen «ilea urdindu arte» jarraituko zuela txapelketan, eta, horren harira, Enbeitak kontatu du ilea urdintzen hasia zaiola. «Ez dut amaieraren promesik egin nahi, nik ere ez daukat argi eta. Batzuetan Elustondori arrazoia ematen diot, baina barruak diost hau azkena dela». Hala ere, badu «desagertzeko beldurra»; Oihana Bartrari Argia-n egin zion elkarrizketan ere atera zen gai hori. «Bertsolariak sortzeko bide bat asmatu dugu: eskolartekoan gailendu behar duzu, gazte sariketetan gero, eta lurraldekoan azkenik. Hor egon ezean, desagertu egiten zara».

Beldurra ez da txapelketan jarraitzeko arrazoi bakarra, baina. Orain, Enbeitarentzat «opari bat» da «hor egon ahal izatea». Hasi zirenean, neska gutxi ziren, eta txapelketak oso jarduera «maskulinoa» ziren. Azken urteetan, ostera, gertaera gogoangarri asko izan dira: Bizkaiko emakumezko lehen txapelduna izan zen Enbeita; Nerea Ibarzabalen eta Jone Uriaren buruz burukoa bi emakumeren artean jokatutako lehena izan zen, eta, iazko finalean, bost emakume izan ziren finaleko oholtzan. Horiei guztiei erreferentzia eginez, hunkitu egiten da Enbeita: «Opari asko jaso ditut, eta ez dut agertokitik jaitsi nahi denak jaso gabe».

(ID_17176819371235) Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala Laban.

Kattin Madariaga Nafarroako Eskolartekoko txapelduna, Julio Sotorekin, apirilean, Iruñeko Laban. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

«Gure belaunaldiko bertsolariak ez dira asko entzuten, eta ahots hori islatzen asmatu nahiko duke. Jendeari erakutsi nahi diot zerk desberdintzen gaituen, eta ikusarazi guk ere toki bat merezi dugula»

KATTIN MADARIAGA Bertsolaria

Kattin Madariagak (Arantza, Nafarroa, 2008), ostera, lehen aldia izango du Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta «oso motibatuta» dago. Oraindik ez ditu 18 urte, eta beraz, eskolarteko txapelketan ere kantatuko du aurten. Bi txapel ditu jada. Horrek modua ematen dio Nafarroakoa «proba» moduan hartzeko. Iruditzen zaio «jauzi handia» dagoela txapelketa batetik bestera, kantukideen adinagatik ez ezik, bertso gehiago eta beste molde batzuetan abestu behar izateagatik ere bai. Lesakako (Nafarroa) bertso eskolan ari da entrenatzen, baina prestaketa ere «jolas» gisa hartu nahi du; «Lehiakorra izanagatik, ez naiz lehiaren zalea, eta, beraz, lasai hartu nahi dut, inguruan giro txarrik ez sortzeko». Orain, abestea da haren helburu bakarra, eta Euskal Herriko txapelketan sartzea aukera «irreal» gisa ikusten du.

Hala ere, argi dauka nor den eta zer gorpuzten duen. «Naizen horretatik abiatuz abestea gustatzen zait. Gaztea naiz, ikaslea, eta mugimendu feministako militantea». Gazte belaunaldi berriaren parte da, eta «zulo bat» ikusten du hor. «Jauzi handia» arrakalan. «Gure belaunaldiko bertsolariak ez dira asko entzuten, eta ahots hori islatzen asmatu nahiko nuke. Jendeari erakutsi nahi diot zerk desberdintzen gaituen, eta ikusarazi guk ere toki bat merezi dugula».

(ID_13709020) (Endika Portillo/@FOKU) 2024-03-16, Gasteiz. Arabako Bertsolari Txapelketaren finala
Aroa Arrizubieta Gasteizen, 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalean. ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Pentsatzen dudan hori abestu eta ekarpen politikoa egin nahi badut plazan, entrenatu egin behar dut, eta txapelketak ematen dit aitzakia hori; ez luke hala izan behar, baina guztiok erortzen gara apur bat horretan»

AROA ARRIZUBIETA Bertsolaria

Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001) Arabako txapelduna izan zen iaz, baina txapela ez da «zama» harentzat. «Nire lehen txapela da, gaztea naiz, puntu erdiaren aldearekin irabazi nuen... Presio iturri bat baino gehiago, aukera bat izan da, Euskal Herriko plaza askotako ateak zabaldu baitizkit». Gainera, bere buruari gehiago exijitzeko asmoz eman du izena aurtengo txapelketan. «Pentsatzen dudan hori abestu eta ekarpen politikoa egin nahi badut plazan, entrenatu egin behar dut, eta txapelketak ematen dit aitzakia hori; ez luke hala izan behar, baina guztiok erortzen gara apur bat horretan», aitortu du.

Arrizubietak kritika egin izan die txapelketei, hala nola Gaztetxeak Bertsotan eta antzeko ekitaldien antolakuntzan. Haren ustez, txapelketa «marko konpartitu batean» oinarritzen da, eta bera ez dator bat marko horrekin. Hala ere, badaki txapelketa ezin dela barrutik aldatu, eta kanpotik ere, «gutxi». Bertsoa «euskal panoramaren isla» dela iruditzen zaio: «Mugimenduen indarraren arabera hartzen dute gaiek eta diskurtsoek presentzia plazan». Hala ere, azpimarratzekotzat jo du bertsolariak informatzeko eta iritzia garatzeko daukan ardura. «Ez duzu dena jakingo, noski, baina saiatu behar duzu ahalik eta gehien jakiten, eta ahalik eta gauza gehienen inguruan iritzia edukitzen».

Gasteizko bertsolariarentzat, hori da bertsoa: «Nire ideiei eta adierazpenei egiten diedan beste ekarpen bat». Orain, baina, ez dio «nahi besteko» denborarik ez eta lehentasunik ematen. Entrenamenduekin ere antzeko sentipena du, beti iruditzen baitzaio «beranduegi» hasi dela. Gasteizko bertso eskolan batzen da oraingoz, baina, garaiaren arabera, askotariko jendearekin entrenatzen da. Orain txapelketara begira jartzea eta entrenatzen hastea da haren asmoa.

Miren
Miren Artetxe, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdietan kantuan, Amurrion. FOKU

«Sentitzen dut erakutsi egin behar dudala plazan okupatzen dudan tokia merezi dudala»

MIREN ARTETXE Bertsolaria

Xilaban parte hartzekoa da Miren Artetxe (Hendaia, Lapurdi, 1985). Bolada bat eman zuen plazetan abestu gabe, eta 2021ean erabaki zuen berriz ere Xilaban kantatzea. «Nolabaiteko itzulera bat» izan zela dio, eta orain plazaz plaza dabil. «Aurtengo Xilabak inoizko formarik hoberenean harrapatuko nau, bertsoak nire bizitzan inoizko lekurik handiena duenean», adierazi du. Hala ere, txapelketa «oposizalitzio bat bbezala» ikusten du. «Sentitzen dut erakutsi egin behar dudala plazan okupatzen dudan tokia merezi dudala».

Aurreko Txapelketa Nagusian abestu zuen, eta aurten ere, hori lortzea du helburu. Horretarako, bi motatako entrenamenduak bereizten ditu: teknikoak eta mentalak. «Errima eta bestelakoak lantzeaz gain, zer etorriko den aurreikusi, eta ahal bezain ondo bizitzeko prestatu behar duzu. Badakit udazken honetan beste edozeinetan baino zaurgarriago egongo naizela». Badu norekin bildu, ordea. Normalean ez da modu jarraituan joaten bertso eskolara, baina, kideek txapelketaren bat prestatu behar dutenean, bai; orain, txanda ailegatu zaion honetan, badaki besteak ere ondoan izango dituela.

Xilabaren inguruko kontzientzia handia ere badu Artetxek. «Iparraldean Xilaba beti izaten da elkartzeko aitzakia bat, euskarazko kulturaren inguruan biltzekoa. Uste dut horretan ere gure aletxoa eman beharko genukeela». Horren harira, argi du etorri den gazte belaunaldiarekin zubi lana egitea dela bere «aletxoa», baina bere ikuspuntua eta errealitatea ahaztu gabe; hori oholtzaratzen saiatuko da. «40 urte dauzkat, emakumea naiz, ez-heteroa, unibertsitateko irakaslea, zuria... eta hori da mundua ikusteko nire lekua». 

(ID_14480753) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-12-01, Arrasate. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Andoni Rekondo, 2024ko Gipuzkoako Txapelketan, Arrasaten, abenduaren 1ean. GORKA RUBIO / FOKU

«Iaz, ez nuen saiorik auzoetatik kanpo, eta orain, hilabetero abesten dut; are, ia astero»

ANDONI REKONDO Bertsolaria

Andoni Rekondok (Hernani, Gipuzkoa, 1999) eginak ditu lanak, tarte baterako behintzat. Iazkoa izan zuen lehen Gipuzkoako Txapelketa, eta finalera heldu zen. Txapelketa Nagusirako sailkatzea ere ziurtatu zion horrek. Dioenez, ez du presiorik nabari. «Lehen aldietan inork ez du ezer espero zugandik, eta halakoetan, zurea egiteko asmoz joaten zara».

Oraindik ez da buru-belarri hasi prestatzen; buruak «tartetxo bat» eskatzen zion txapelketa bat amaitu eta beste baterako entrenatzen hasi artean. Hala ere, argi dauka zein duen helburua: «Ikusi nahi nuke Gipuzkoakoan abestu zuen Andoni hura eta Euskal Herrikoan abestuko duena desberdinak direla. Orokorrean hobetu nahiko nuke, ez puntuazioan». Horretarako, Hernanin batzen da inguruko bertsolariekin, astero, eta batzuk bidaide izango ditu Txapelketa Nagusian ere.

Rekondoren ustez, txapelketak baditu «aldatzeko» eta «fintzeko» gauzak, baina, aldi berean, bertsoari «ekarpen handia» egiten diolakoan dago. Gainera, agendan dezente nabaritu du Gipuzkoako finalean abestu izanaren eragina. «Iaz, ez nuen saiorik auzoetatik kanpo, eta orain, hilabetero abesten dut; are, ia astero».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.