«Apustu literario sendoa» izan da Unai Elorriagarena, Euskadi sarietako epaimahaiko kideen arabera, eta horregatik jaso du 2025eko Euskarazko Literaturaren Euskadi saria. Ipuin bilduma baten eta nobela baten arteko lan hibridoa da, eta hori ere txalotu diote. «Narrazio gisa, biribilak eta indartsuak dira pieza asko; elkarrekin, berriz, collage zabal bat osatzen dute protagonistaz, haren garaiaz». Adierazi dutenez, «goi mailako apustu literarioa» da idazlearena, eta, ondorioz, irakurketa aktiboa ere eskatzen duela gogorarazi dute.
Ikusi gehiago
Elorriagarenaz gain, beste bi sariren berri ere eman dute gaur Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Karmele Mitxelenak jaso du haur eta gazte literaturaren alorrekoa, Aitona Floren lanagatik (Elkar), eta Maite Rosendek Literatur Lanaren Ilustrazioarena, Traba albumagatik (Denonartean). 18.000 euroko saria jasoko du egile bakoitzak, eta 4.000 euro gehiago ere izango dituzte eskura, lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Fikziozko lana izan arren, bere senide urrun izandako Francesco Pasquale du abiapuntu Elorriagak liburua idazteko, eta, ondorioz, aurkezpenean hari eman dizkio eskerrak lehen-lehenik. Saria jasotzerainoko bidea abiatzen laguntzeagatik, lehenik, bai eta beraganaino iristen den familiaren segidari bide emateagatik ere. Migrazioaz gogoeta egiteko ere baliatu du aukera idazleak. «Gu gara migratzaileen seme-alabak edo izango gara edo izan ginen. Hor badago apustu bat denok pertsonak garela esateko».
Elorriagak sari zerrenda luzea jaso du bere ibilbidean. Espainiako Kultur Ministerioak ematen duen Narratiba saria jaso zuen, esate baterako, SPrako Tranbia bere lehen eleberriarekin. Ahots propioa garatu du gerora, eta literatur generoen arteko zirrikituetan mugitu da askotan horretarako. Lehen lan horren ostean argitaratutako beste bost nobelak dira horren froga. Baina, beste hainbat sari jaso dituen arren, oraingoa du lehen Euskadi saria, eta, azaldu duenez, horri esker euskal kulturaren taldean «debutatu» duela sentitu du idazleak.
Ikusi gehiago
«Euskal kulturaren taldean sartu naizela sentitzen dut», esan du. «Txikitan denok daukagu, batez ere kirolean, horrelako idoloren bat, eta batzuek nahi dute Realean jokatu edo Athleticen edo Orion arraunean aritu, eta debutatzen dutenean esaten dute euren idoloekin daudela, Julian Retegirekin ari direla pilotan, adibidez, eta nire gaztetako idoloak [Bernardo] Atxaga, [Anjel] Lertxundi, [Ramon] Saizarbitoria eta [Joseba] Sarrionandia ziren. Orain sentitzen dut talde horretan debutatu dudala, eta niretzat hori gauza handia da».
Haur bat heriotzaz hizketan
Aurrez ere hainbat sari jasotakoa da Karmele Mitxelena idazlea ere. Kasu honetan, Aitona Floren liburuagatik jaso du Euskadi saria. Elkar argitaletxeak eman du argitara, eta Jokin Mitxelena ilustratzailearen irudiak ere baditu. Heriotza da haren gai nagusietako bat, baina epaimahaiak zehaztu duenez, dramatismorik gabe egin du hori idazleak. «Haur eta Gazte literaturan heriotza gai nagusi duten liburu asko idatzi bada ere, ikuspuntu berri batetik eraiki du kontakizuna. Haur protagonistaren ahotsaz baliatu da, batere filtrorik edo injerentziarik ez duen monologo ia erabatekoa eraikitzeko».
Liburuak pertsonaia kopuru «txikia» duela ere zehaztu du epaimahaiak. «Haiek eraikitzeko zertzelada arin batzuk baino ez erabiltzeak ziurtatu ditu kontakizunaren arintasuna, intimitatea eta hausnarketarako bidea». Kontakizuna «benetan hunkigarria» dela ere ebatzi dute, «arreta eta zaintza osoz ekarria, baina aldi berean indartsua eta zirraragarria».
Liburu honekin arantza moduko bat sentitzen zuela onartu du Mitxelenak, baina sariarekin uxatu egin duela. «Orain arte argitaratu izan ditudan liburu gehienak sariei esker etorri dira. Eta halako liburuek normalean nolabaiteko oihartzuna izaten dute hedabideetan. Baina liburu honen kasua ez da hori izan, eta lagun bati aipatu nion hau nire istorio kuttunenetako bat izanik ere, pena nuela, sentipena nuelako itzalean bezala geratu zela, baina gaur beste zerbait erakutsi didazue, eta oso eskertuta nago».
Babestuta sentitzea
Traba albumagatik jaso du Literatur Lanaren Ilustrazioa saria Maite Rosendek. Haren bizitasuna nabarmendu du epaimahaiak. Publiko guztientzako lana dela ere aipatu dute. «Zintzoa» eta «zuzena» dela ere esan dute, eta «bizipozerako deia» egiten duela.
Bere lanari buruz izan ohi dituen zalantzak izan ditu aipagai ilustratzaileak. «Hainbeste antsietate eta tristurarekin bizitzen ari garen momentu honetan, niri pertsonalki asko kostatzen zait sortzea, eta beti ari naiz neure buruari galdetzen ea zertan nabilen margoekin eta liburuekin, eta horri zentzua bilatzen». Esan duenez, ordea, ezinbestekotzat ditu kultura eta liburuak, sorkuntza lanak ikuspegi kritikoa sustatzen duelako. «Horretan eragin handia dute liburuek, horregatik oso garrantzitsua da sortzaileen lana. Sortzaileak zaindu behar ditugu, eta ni hemen pixka bat zainduagoa sentitzen naiz».
Datorren astean jakinaraziko dituzte gainerako lau saridunak —Gaztelaniazko Literaturakoa, Euskarazko Literatura Itzulpenarena, bai eta Gaztelerazko zein Euskarazko saiakerenak—, eta azaroaren 26an egingo dute sari banaketa ekitaldia, Donostiako San Telmo museoan.