Aritz Galarraga.
Klasiko gisakoak

Une honetan gutxien espero nuen gauza

2024ko otsailaren 11
05:25
Entzun

Zelestinak hartu du, azken buruan, izen bereko literatur lanaren zentraltasuna: atso zahar bizardun bat, aztia, maltzurra, zuhurra diren eta ez diren gaiztakeria guztietan —«Ezpainak mugitzen dituenean, gezurrak asmatzeko izaten da, dirua lortzeko amarru eta azpijokoak antolatzeko»—. Baina aurretik, garai batean, protagonistago ziren Kalisto eta Melibea, are izenburuan ere; lehena, noble, adimentsu, lerdena; bigarrena, aberats, jatorri oneko, eder, zuhur, zintzo, birjina (birjina izateari uzten dion arte, behintzat). Zelestinaren lanari esker —«aztikeriaren bat egin dio sorgin honek»—, gazteak maitasunean lotuko dira —maitasunean-edo: neskak ez du gogo handirik, nekez ikusiko genuke gaur egunean adostasunik; «Nolaz nahi izan duzu neure birjina izen eta koroa gal nitzan hain plazer laburragatik!»—. Hortxe hasiko dira arazo guztiak.

Badabiltza pertsonaia gehiago ere, nahi bada bigarren mailako: Senpronio, Parmeno, Elizia, Areusa, Lukrezia, Melibearen aita Pleberio, ama Alisa. Batzuk hilko dira, beste batzuek hilko dute, eta guztiek ezagutuko bizitzaren krudeltasuna —ze gordina, zentzu horretan, Pleberioren azken dolu-bakarrizketa!—. Baina, gizon-emazte, zahar-gazte, aberats-pobre, mundu guztiak du lekua hemen, mundu bat baita Zelestina-k biltzen duena; errealismo handikoa —nahiz literaturak berezko dituen tresnak erabiliz—, idatzi zen garaiaren taupada jasotzen duena. Begien bistako bizitzaren atzean, lauso, artega, mundu erne bat balego bezala, legearen mugakoa, onartutako ohiturak gainditzen dituena. Pertsonaien aniztasuna, beraz, ugazaba, mirabe, urdanga, pertsonaien aberastasuna, Shakespeareren pare, tragiko-komiko, noble-plebeio, jantzi-ezikasi, denak nahasian —hainbeste, non hitz jasoak entzungo ditugun prostituta baten ahotik, biraoak aitoren seme-alaba baten ezpainetan—; bizi-biziak denak, gaurko egunera arte bizi-bizirik iritsi direnak, elkarrizketa, ahopeko, solilokio ezin ederragoen bitartez.

Eta liburuak badu justizia moral asmo bat, esaldi honekin laburbil daitekeena: «Kastua izan behar du betiere zuen biziak / horrela lortzen direlako Jainkoaren graziak». Baina gero moralinarik ez da, ez kondena moralik, halako indiferentzia kanpotiko bat baizik. Egon, ez dago kontsolamendurik ere, erlijioak eskaintzen duen beste munduaren esperantzarik. Fededun izanik, bestelako sinesmenak dituzte liburuko pertsonaiek. Kalistok: «Ni? Melibearra naiz eta Melibea gurtzen dut eta Melibea sinesten eta Melibea maite dut». Eta gehiago gerturatzen dira nihilismo uher baterantz, denok denon aurkako bataila batean baleude bezala, heroi-bilaurik gabekoa, denek gozatu nahi, bestearen gaindi pasa, ez baitago bizitza hau besterik, sententzia gogoangarri honen banderapean: «Gizakien bizitza bera ere, ongi erreparatzen badugu, lehen adinetik hasi eta ileak zuritzen diren arte, borroka da». Inor ez da inor baino gehiago, hartara, heriok denok berdinduko gaitu, bitartean daukagu klase borroka, diruaren boterea, haragi gosea. Rafael Chirbesek: literatura espainiarreko lehen obra materialista da Zelestina.

'La celestina'
'La celestina' filma (1996), Fernando de Rojasen obran oinarritutakoa.

Izenburuan bakarrik ez, liburuari egotzi zaion generoarekin ere izan dira aldaketak. Antzerki testu gisa aurkezten bada ere —tragikomedia gisa, hain zuzen—, arazoak planteatzen ditu, antzeztearena lehenik, hain dira parlamentuak hedaduraz luzeak —besterik da ahots goran irakurtzea, liburuak berak iradoki moduan: «zeuk egin behar duzu pertsona guztien papera»–. Horrexegatik, batzuek nobela gisa irakurtzen dute, eragin handiagoa izan baitu ondorengo eleberrietan, ezen ez antzerki obretan —eskuarki bertsoz idatziak, ez hau bezala prosaz—. Baina akzioa baino ez dago Zelestina-n; deskribapenik gabe, deskribapenen beharrik gabe, sartzen gara pertsonaien etxeetan, paseatzen gara hiri anonimotik, gurutzatzen gara bertako biztanleekin. Nobela dramatikoa esan izan zaio, ondorioz; harago, komedia humanistikoa. Segurua dena da garaiko izpiritu humanista jaso zuela Fernando de Rojasek, Aristoteles, Seneka, Boccaccio, bereziki Petrarca, gehi garaiko literatura gaztelarra, gehi esaera herrikoi sorta azpimarragarria —guztiak bilduta, autolaguntza liburu gisa funtzionatuko lukeena: «nik diotsut inoren argiak ez zaituela argituko zeure argi propioa ez badaukazu»—.

Eta akaso izango da mendeen joanak, bostehun urtek —obra batzuek ezagutzen dute posteritatea!— halako distantzia ironiko bat eman diotela, irribarrea aurpegitik ezin kentzeraino —une batean Kalistok Senproniori esaten dion bezala: «Madarikatu horrek barre eragin didazu, une honetan gutxien espero nuen gauza»—. Baina oraindik, estilo suelto, begirada libre, forma original, garai baten fruitu, gaur egun plazer handiz dasta daitekeena, irakurlea harritzen jarraitzen du Zelestina-k. Don Kixote Mantxakoa-ren ondoren, gaztelaniaz idatzitako literaturak eman duen libururik onenak.

'Zelestina'

Idazlea: Fernando de Rojas. Generoa: Antzerki-eleberria. Euskaratzailea: Joxe Antonio Sarasola.

Argitaldaria: Alberdania eta Elkar. Urtea: 2010.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.