Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Vic

2025eko azaroaren 2a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udan hamar eguneko egonaldi bat egin genuen Clara Aguilarrek eta biok Bartzelonan, elkar ezagutu gabe, deialdi baten bitartez aukeratuak izan ginelako zerbait elkarrekin sortu eta gero kontzertu pare bat eman eta egindakoa erakusteko. Vic-eko Musika Merkatuan da lehenengo erakustaldia. Horretarako, abesti berriak eta hamar egun horietan irekitakoak bukatzen ibili gara azken hilabeteetan, distantzian.

Egun batzuk lehenago joan naiz Clararen gurasoek duten etxe batera, Vic-en ondoan dagoen herri batera, musika zuzenekorako prestatzera eta elkarrekin entseatzera. Eskerrak gustura nagoen berarekin, bestela, Gran Hermano hau pairatzea zaila izango litzateke. 

Entseatu eta entseatu bakarrik egiten dugu, otorduetan musika geldituz. Clarak asko daki teknologiari eta produkzioari buruz, baita musikari buruz ere; azkarra eta efektiboa da, eta gustua dauka. Gainera, zorrotza da, bere buruarekin eta besteekin, eta hori gustatzen zait. Musikarietan zaila egin zait hori zentzu askotan topatzea. 

Eguna iristen denean, oso urduri nago. Berak esaten dit nik lasaitu egiten dudala, nik abestu eta performatu behar dudalako berak baino gehiago, eta konfiantza duela. Horrek gehiago estutzen nau.

Kontzertua eliza batean da. Guztiz betetzen da. Ondo egiten dugu, ez dago akatsik ia, guk bakarrik nabaritu ditzakegunak soilik, eta izugarri pozik ateratzen gara; azken finean, oso denbora gutxian eta aurretik elkar ezagutu gabe sorturiko kontzertua izan da, eta abestiez harro gaude. Ondo jo ditugu, eta hori asko da, pentsatzen dugu. Kontzertu hau lagin bat da, profesionalentzat.

Tira, afaltzera goaz proiektua aurrera eraman duten agente kulturalekin eta gure managerrekin. «Clararekin hor, azkenean lasai sentitu behar duzu, ezta? Koltxoi kalitatezkoa eta ona jartzen dizute zuk kanta dezazun», esaten dit batek. Nik irribarrez baietz, gozada bat dela, nire baitan pentsatzen dudan bitartean: «Badaki basea nik ere egin dudala? Badaki ni ere musikaria naizela? Badaki biok sortutako zerbait ikusi duela?». Baina katalana da, eta ondorioztatzen dut haien fruitu nazionala besteenaren gainetik defendatzearekin zerikusia izango duela. Hamaika aldiz gehiago errepikatzen dit, barrez, gauza bera.

Beste batek esaten digu bateria bat beharko genukeela. «Zer iruditzen?», dio Clarak. Ezetz esaten dut, eta mahai guztia barrez lehertzen da. Clarak kritikak eskatzen ditu. «Niri egin zerrenda bat bakoitzak, gauza on eta txarrekin».


Nik esaten diet, mesedez, niri ez egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.