Etzi iluntzean inoizko musikalik ospetsuenetako bat interpretatuko dute Donostiako Kursaaleko auditoriumean: Leonard Bernsteinen West Side Story. 1950eko hamarkadako New Yorkeko bi talderen areriotasuna kontatzen du. Miren Urbieta-Vega sopranoa (Donostia, 1983) eta Caspar Singh tenorra (Londres, 1990) izango dira protagonistak, eta Easo abesbatza eta Euskadiko Orkestra izango dituzte oholtzakide.
Obraren egilea Bernstein pianista eta dibulgatzailea izan zen, baina batez ere konpositore ofizioagatik egin zen ezaguna. 1950eko hamarkadan antzerki musikalak jorratu zituen: On the Town, Wonderful Town eta West Side Story. Antzerki horietan Europako opera tradizioa eta Amerikako komedia musikala uztartu zituen. Elementu klasikoak —garapen motibista eta leitmotiv-ak— eta molde modernoak —jazza eta erritmo latinoak— konbinatu zituen.
West Side Story William Shakespeareren Romeo eta Julieta tragediaren berrikuspen bat da, New Yorkeko Upper West Side auzoan girotua. Shakespeareren obran Montesco eta Capuleto familiak lehiatzen ziren moduan, Bernsteinenean bi talde gazte lehiatzen dira. Konpositoreak opera kantarientzat sortu zuen obra, baina berehala hartu zuen musikal tankera. Asteazkeneko emanaldiko Clark Rundell zuzendariaren arabera «ez da garrantzitsua opera ala musikala den, garrantzitsuena ikusgarria dela da». Pieza 1957an estreinatu zuten Washingtonen, eta handik Broadwayra egin zuen salto. Bertan lortu zuen arrakastaren ondoren, Robert Wisek eta Jerome Robbinsek film luze bihurtu zuten, eta horrek ere ospe handia lortu zuen.
Amodioa liskar artean
Kontakizuna Manhattango mendebaldeko kaleetan girotuta dago; hasieran, behintzat, auzo bizitza lasaiko guneetan. Giro hori irauli egingo du Jets eta Sharks banden arteko liskarrak. Jets bandakoak Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako europarren ondorengoak dira; Sharks taldekoak, berriz, New Yorkera iritsi berriak diren puertorricarrak. Azken horien lider Bernardok Jets bandako kide bati eraso egiten dio. Horren ondorioz, Riff, Jets taldeko buruzagia, bere bandaren sortzaile Tonyri mintzatzen zaio, lurraren kontrola berreskuratzeko borroka has dezan. Egun horretan bertan, Bernardoren arreba Maria Manhattanera iristen da Puerto Ricotik, eta Tonyrekin egiten du topo hiriko gimnasio batean. Gertakizun horrek betirako aldatuko du bien bizitza. Bikotearen istorioa amaiera tragiko bat izatera kondenatuta dago.
Urbieta-Vegak antzeztuko du zorigaiztoko emakumearen rola. Donostiarrak kantu ikasketak egin zituen Musikenen, eta 2014an Espainiako Abeslari Onenaren Saria lortu zuen Viñas sariketa entzutetsuan. Azken bi urteetan Espainiako antzoki lirikoetan dabil. Ez du lehen aldia izango jaialdian. Hilaren 1ean Organo Zikloari hasiera eman zion Ana Belen Garcia organistarekin batera. Eta 2022ko Musika Hamabostaldian, Pablo Sorozabalen La tabernera del puerto zarzuelan, Mariola protagonistaren rola antzeztu zuen. Berez, opera kantaria da, eta, emanaldi musikal honetara nola moldatu den galdetzean, zera erantzun du: «Verdi, Mozart eta Puchini ezberdinak diren moduan, hau ere ezberdina da».
Tonyren rola Singhek antzeztuko du. Munduko hainbat operatan aritu da tenor indiar-britainiarra: Londresko Wigmore Hall antzokian, Berlingo Runfunkchor koruan eta Norvegiako operan, beste askoren artean. Oholtzan alboan izango ditu Nerea Berraondo, Arantza Ezenarro eta Luken Mungira, besteak beste.
Hilaren 9an Guridiren Amaya operan egin zuten gisan, Euskadiko Orkestra eta Easo abesbatza ere oholtza gainera igoko dira. Oraingo honetan, ordea, Rundell britainiarra arituko da zuzendari lanetan.