Zineuskadi Eusko Jaurlaritzaren ikus-entzunezko sektoreko plataforma publikoak 75.471 euroko diru laguntza eman die Soy Nevenka eta Negu hurbilak film luzeei eta Muerte en Amara eta Arnasa betean sorkuntza dokumentalei. Ikus-entzunezko horien promozioan eta publizitatean inbertitzeko laguntza ekonomikoa da, eta Iciar Bollain zuzendariaren Soy Nevenka fikzio lanak eskuratu du diru gehien; 35.000 euro, zehazki. Nevenka Fernandez Espainiako Ponferrada herriko zinegotzia da pelikularen protagonista, eta hark pairatu zuen sexu jazarpena du ikus-entzunezkoak mintzagai.
Bestalde, Negu hurbilak pelikulak 14.315 euro eskuratu ditu, eta Arnasa betean sorkuntza dokumentalak, berriz, 14.156 euro.
Negu kolektiboak 2023an estreinatutako ikus-entzunezkoa da Negu hurbilak, eta Euskal Herriko gatazkaren inguruko istorio bat du oinarri. 2011n Zubietako (Nafarroa) etxe bateko ganbaran ezkutatu beharra du protagonistak, eta, besterik ezean, kondairaz beteriko herri horren egunerokoa aztertzeari ekingo dio orduan.
Arnasa betean obrak, berriz, emakumezkoek sortutako zineman murgilduko diren hiru urpekari ditu protagonista. Andreek zuzendutako pelikuletako pertsonaiak, gaiak eta esfortzuak aztertuko dituzte, Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren zuzendaritzapean.
Muerte en Amara Aitor Gonzalez de Langarikaren dokumentalari dagokionez, 12.000 euroko laguntza jaso du. 1960an Amarako auzoan (Donostia) izandako atentatu batek Begoña Urroz Jesusa Ibarrolaren haurra hil zuen, eta kasu horren nondik norakoak kontatzen ditu lanak. Hain justu, Espainiako Gobernuak eta hedabide askok ETAri leporatu zioten urte luzez eraso hori egin izana; 2019an, ordea, Espainiako Gobernuak aitortu zuen Urroz DRIL Directorio Revolucionario Iberico de Liberacion taldearen biktima izan zela.
Nina fikziozko film luzeak eta Robotia fikziozko filmak ez dute Zineuskadiren diru laguntzarik jaso.