Literatura

Xabier Mendiguren Elizegik Morlanseko hilketen istorioa jaso du ez-fikziozko eleberri batean

1991ko abuztuaren 17an Donostian izandako gertaerak oinarri hartuta, lekukoen testigantzak jaso eta hainbat gogoeta plazaratu ditu Mendigurenek 'Morlans' nobelan. Fikziorik ez du sortu, baina liburua ez da kronika bat, idazlearen arabera: «Literatura da».

Xabier Mendiguren Elizegi, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Xabier Mendiguren Elizegi, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
mikel lizarralde
Donostia
2026ko irailaren 3a
16:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abuztuaren 17a zen, 1991. urtekoa. Aste Nagusia Donostian. Goizean goizetik, Guardia Zibilak Morlans auzoko Tolaretxe etxea inguratu zuen, eta tiroka ekin zion bertan ezkutatzen ziren ETAko hiru aktibistaren kontra. Etxe barruan ziren Patxi Irizar, Jokin Leunda eta Iñaki Ormaetxea, eta kanpoan, berriz, Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendariak eta Enrique Rodriguez Galindo Intxaurrondoko kuarteleko arduradun nagusiak bidalitako agente mordoxka, tanketa, metraileta eta beste arma ugariz hornituta. Lau ordu eta erdiz luzatu zen tiroketa.

Egiazko gertakari horiek oinarri hartuta osatu du Xabier Mendiguren Elizegik (Beasain, Gipuzkoa, 1964) Morlans nobela. Eleberria baita, idazleak fikziorik ez sortzeko hautua egin duen arren, «literatura egiteko» nahia izan duelako. «Ez da kronika huts bat, ez da erreportaje bat, ez da salaketa liburu bat. Badu horietatik guztietatik, baina ni nobelista edo ipuingilea naiz, eta liburu hau ere, funtsean, literatura ariketa moduan sortu dut». Hala ere, gertakariekiko eta protagonistekiko «errespetuz» jokatu nahi izan du Mendigurenek. «Ez naiz hasi asmatzen zer hitz egin zuten beraien artean, edo bakoitzak ze burutazio, kezka edo gogoeta zituen... Horiek denak nobelista batek egiten ditu pertsonaia batekin, eta egiazko pertsonaia batekin ere egin ditzake, baina nik ez nuen halakorik egin nahi».

Orain dela hiru urte Oso latza izan da nobela publikatu zuen Mendigurenek, hura ere euskal gatazkari lotutako gertaera baten kontakizun ez-fikzionatua. Orduko hartan, Joxe Arregi 1981ean atxilotu eta torturen bidez hil zutenekoa kontatu zuen idazleak, eta «haren uberan» sortutakoa da Morlans. «Oso latza izan da aurkeztu nuenerako, hasita nengoen Morlans-en inguruan pentsatzen, lehenengo oharrak hartzen eta lehenengo elkarrizketak egiten». 2024ko maiatzerako bukatua zuen lehenengo zirriborroa, baina orduan gorde egin zuen, eta beste liburu bat idatzi eta argitaratu: Borrero txiki bat, hura ere euskal gatazkan girotua, baina erabat fikziozkoa. Intxaurrondoko kuartelean bizi den haur bat du protagonista lan horrek. 

Oso latza izan da eleberriak bezala, Morlans-ek Euskal Herriaren historia hurbilari begiratzen dio, euskal gatazkari zehazki. Bata 1981eko otsailean dago girotua, eta bestea, berriz, 1991ko abuztuan: «Beste garai bat da, bai gizartean, bai gatazka bizi izan zen moduan, bai protagonisten jarreran». 

1991ko goiz hartan Morlans auzoa guardia zibilez inguratuta azaldu zen. ETAko kideak auzo horretako etxe hartan bizi zirelakoan agertu ziren hara, eta berehala hasi zen lau ordu eta erdi iraun zuen tiroketa. Mendiguren: «Batek pentsa dezake tiroketa batek hainbeste irauteko oso armatuak egongo zirela alde batean eta bestean. Baina egia erdia da hori». Idazleak azaldu duenez, guardia zibilek era guztietako armak zituzten, sofistikazio handikoak asko. «Negarra eta azkura eragiteko gas bonbak jaurti zituzten, eta etxea zuloz beteta utzi zuten, ordutan egon zirelako kalibre handiko metrailadoreekin eman eta eman». Etxe barruan zeudenek, ordea, pistola bana eta pare bat kargagailu besterik ez zituzten. 

«Batek pentsa dezake tiroketa batek hainbeste irauteko oso armatuak egongo zirela alde batean eta bestean. Baina egia erdia da hori»

XABIER MENDIGUREN ELIZEGIIdazlea

Mendiguren orain dela gutxi izan zen Tolaretxen, eta hango bizilagun batek kontatutakoa ekarri du gogora: «Esan zigun Poliziak oso erraza zuela etxe barruan zeudenak ateraraztea. Ate bakarra du etxeak, eta komandoko kideekin bizi zen emakumea bizirik atera zuten, entregatzeko eskatu ziotenean atera egin zelako. Baina barrukoei ez zieten aukera hori eman».

Morlans-en ez du fikziorik egin Mendigurenek, eta gertaerak ezagutu eta liburua irakurtzen duenak ez du «deskubrimendu handirik ere» egingo. Ez da izan hori idazlearen helburua. Ez du egunkarietan atera ez zen edo sumarioak jaso ez zuen ezer ekarri liburura. Bestelakoa izan da Mendigurenen ekarpena. «Gertaerekin batera, gogoeta batzuk plazaratu ditut, eta baita bertan hil zirenen profil laburrak eman ere. Eta hor badaude pasarte hunkigarriak, barregarriak, mingarriak». Soslai horiek osatzeko, ETAko hiru militanteen senide eta lagunekin mintzatu zen Mendiguren, eta «merezi duten hainbat istorio» kontatu zizkioten idazleari.  

Eleberriak biltzen dituen elementu horiek beraiek egitura eman diote liburuari; izan ere, goiz hartako gertakariak, gogoetak eta soslaiak tartekatzen dira bertan. «Liburu laburra da, ehun orrialde pasa, eta pasarte labur horiek erritmo bizi bat ematen diote».

Asmo aldaketa

Gaur Donostian eginiko aurkezpenean, Mendigurenek aitortu du Morlans ez dela hasieran buruan zuen liburua. Hastapenetan, tiroketan hildakoez eta egun hartan izandako polizia operazio handian atxilotutako lagunez idaztea zen haren asmoa. «Hiru hildako nituen, baina ez nuen haietan zentratu nahi. Egun horretan bertan beste atxilotu asko egon ziren Donostian, komando horrekin lotutako pertsonak, eta haiekin hitz egiteko asmoa neukan. Biziak eta hildakoak agertzea nahi nuen». Elkarrizketa batzuk ere egin zituen, baina solaskideetako batek esan zion abokatuak eskatu ziola ez agertzeko inongo liburutan, «Covite-eta inputazio berriak asmatzen» ari zirelako. «Normalean ezerezean geratzen dira halakoak, baina mehatxu eta beldur horiek hor zeuden».

Horrek aldatu egin zuen idazlearen hasierako asmoa. «Biziak ez badira, hildakoak izango dira protagonista. Hori pentsatu nuen. Ez da hasieran idatzi nahi nuen liburua, idatzi ahal izan dudana baizik. Baina oso pozik nago». Gogoeta bat ere egin du Mendigurenek horren harira. «Pertsona horiek atxilotu zituzten, hogeitik gora urte pasatu zituzten kartzelan, atera ziren eta libre daude. Teorian, Estatuarekin zeukaten zorra ordaindu dute, baina, halere, ez dira libre. Ezpata zorrotz hori gainera eroriko zaien beldurrez bizi dira».

«Ez da hasieran idatzi nahi nuen liburua, idatzi ahal izan dudana baizik. Baina oso pozik nago»

XABIER MENDIGURENIdazlea

Christopher Nolanen The Odyssey filmari ere egin dio erreferentzia Mendigurenek, hildakoek merezi duten agurraz aritzean: «Film horretan, bukaeran, protagonistak, Ulisesek, erabakitzen du itsasontzia hartu eta mendebaldera joango dela bere hildako lagunak agurtzera eta ohoratzera. Hori ikustean, pentsatu nuen hildakoak agurtzea eta ohoratzea ideologia guztietatik kanpo dagoela, eta gizatasunari eta duintasunari dagokion zerbait dela». Morlansen hildakoekin, baina, ezin da halakorik egin, Mendigurenek gaineratu duenez: «Ezin zaie plakarik jarri edo agur eta ohore ekitaldirik egin».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA