Bilboko Euskal Museoko ateak irekiko dituzten egunaren bezperan, museoa bera kudeatzen duen erakundeko zuzendaria izendatu dute: Xabier Paya bertsolari, itzultzaile, bikoizle eta ikerlaria. Hain zuzen, Bilbo Bizkaia Museoak erakundea da Bilboko Euskal Museoaz arduratzen dena; Bilboko Berreginen Museoa, San Frantzisko komentu zaharreko aztarnategia eta kanpoko gordailu bat ere hartzen ditu bere gain. Martxoan hasi zuten zuzendari berria hautatzeko prozesua, eta, orain arte, esparru artistikoan «arreta handiagoa» jarriko zuen zuzendari baten bila aritu dira. Azkenean, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak osatutako administrazio kontseiluak onartu du adjudikazioa, eta Payak izango du erakundea zuzentzeko ardura. Lan horretan, alboan izango du orain arte zuzendari kudeatzaile izandakoa, Sorkunde Aiarza.
Ikusi gehiago
Lau urtez eraberritze lanetan aritu ondoren, bihar irekiko dituzte Bilboko Euskal Museoko ateak. Hala, zuzendari berriak museoaren «hedapen aro» bati ekingo dio, eta, horri dagokionez, jada zehaztu dute zein izango diren zuzendaritza berriaren lan ildo nagusiak: «Museoa euskal kulturaren erreferente gisa sendotzea, haren nazioarteko proiekzioa indartzea eta euskal ekosistema kulturalarekin duen loturan sakontzea». Lan ildo horiek museoaren helburu nagusiari erantzuten diote; hala definitu dute: «Tokiko kultur sektorearentzako, bertako artistentzako, herritarrentzako eta Bizkaia bisitatzen dutenentzako topagune» izatea. Dena den, museoa bihar irekiko badute ere, irailera arte itxaron beharko da osorik bisitatu ahal izateko.
Kultura kudeatzeko
Paya Itzulpengintzan eta Interpretazioan lizentziatu zen, EHUn. Baina ez zion ikasteari utzi: Euskal Kulturaren Transmisioa masterra egin zuen Mondragon Unibertsitatean; Euskal Ikasketetako graduondokoa Eusko Ikaskuntzaren Asmoz fundazioan; Museoen Zuzendaritza eta Kudeaketako masterra, Mexikoko CLEA Unibertsitateak aitortua; Enpresen Zuzendaritza eta Kudeaketako Executive MBA masterra EHUn, eta Europako Kultura Modernoei buruzko Masterra Birminghamgo Unibertsitatean.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua fundazioaren zuzendaritzan lan egin izan du, eta azken bost urteotan Getxo Kulturako zuzendari izan da. Aldi berean, gidoilari aritu da ikus-entzunezkoetan, eta aurtengo antzerki gidoi laburren Cafe Bar Bilbao saria jaso zuen urtarrilean, Ganbarako lana izeneko gidoiagatik.