Ziburuko Azoka: «arnas unea» hazten, hurbiltasuna atxikita

Ehunka lagun bildu dira gaur Ziburun, Euskal Liburu eta Diskoen VII. Azokan. Gero eta bisitari gehiago doaz urtez urte. Beñat Oihartzabal hizkuntzalari eta ikerlaria omendu dute antolatzaileek.

Euskal Liburu eta Diskoen Ziburuko VII. Azoka. PATXI BELTZAIZ
Euskal Liburu eta Diskoen Ziburuko VII. Azoka. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Ziburu
2026ko ekainaren 6a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esku zartak urrundik aditu dira Ziburun (Lapurdi). Plaza nagusira hurbildu ahala, txaloak geroz eta azkarragoak dira. Eskuinaldeko karpa jendez gainezka dago hasterako, eta, aurten zazpigarren aldikotz, omenaldi batekin hasi dute Ziburuko Liburu eta Disko Azoka: Beñat Oihartzabal izan da omendua, eta, bere buruaz harro agertu ordez, eskerrak eman dizkie gaurko egunera arteko bidean izan dituen «erreferentzia nagusiei»: Luis Mitxelenari eta Resurrecion Maria Azkueri. Emozio handiz eskertu ditu euskal hizkuntzalaritza erakundetzen lagundu dutenak ere, bai eta hizkuntzalaritza unibertsitateko ikerketa gai bihurtu dutenak. Hark ez duenez bere ibilbideaz deus handirik erran, Celine Mounole irakasle eta ikerlariak hartu du egiteko hori bere gain, eta Oihartzabalen lan «baliosa» aipatuz hasi du eguneko lehen solasaldia. «Beñat Oihartzabal ez da urrezko dorre batean bizi diren hizkuntzalari horietarikoa», aipatu du lehen gauza. «Xumea da, eta euskal gizartearen zerbitzuko lan egin du. Eta hasi baino lehen, segur izan zaitez Azkue eta Mitxelena aipatu dituzun bezalaxe, Oihartzabal ere aipatuko dela unibertsitateko erreferentziazko lanen artean».

Orotara, 41 argitaletxek eta diskoetxek eman dute aurten mahaia Ziburun. Plazan ezarritako karpa handian, 10:30erik aitzina jendez betetzen hasi da barneko eremua. Ordurako, azokaren antolatzaile Ihintza Marguirault goizeko lehen kontzertua ahoskatzen ari da mikroan: «11:00etan, Pantxix eta Marie Bidarteren kontzertua izanen da». Eta karpatik atera orduko hasi da eguneko lehen aurreikuspenak ematen: «Goizetik hasi da jendea metatzen. Karpa ireki baino lehen jendea barnean zen irudiz. Burmuinetan markatua da azoka ekitaldi garrantzitsua dela, eta horrek anitz pozten gaitu, eta indarra ematen digu gure arnasgune eta arnas une hau berriz antolatzeko». Aitzineko urteetako jende kopurua gainditzearen esperantzaz atera dira gaur plazara, eta datu zehatza ere aitzinatu du: 1.500 bisitariren esperoan hasi dute eguna.

(ID_16157273) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-06-06, Ziburu.Euskal liburu eta disko azoka
Celine Mounole eta Beñat Oihartzabal, Ziburun. PATXI BELTZAIZ

Kontzertu bukaerako esku zartak aditu eta berehalaxe, kanpoko jende saldoa karpa barnera sartu da. Erdialdean, Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Ikas pedagogia zerbitzuak bultzatu Irakur kasko programaren afixa bat ageri da. Egitasmoko kide Elise Diletek esplikatu du euskarazko hirurehun liburu irakurtzea dela helburua. Irakurle sare bat sortzeko eta euskaraz gehiago irakur dadin egin dute proiektua. «EKEren Elkartuz ekimenetik dator proiektua. Garai hartan diagnostiko bat egin genuen, eta irakurzaletasuna sustatu nahi genuen helduen eta nerabeengan».

Euskara hutseko azoka da Ziburukoa, eta agerian eman du motibazioa sustatu nahi dutela euskaraz irakurtzen ez duten helduek eta nerabeek hala gehiago egin dezaten. «Liburuzain gisa, ohartzen naiz irakasle anitzek ez dutela batere anitz euskaraz irakurtzen». Beraz, Euskaraldiaren sistema bera hartuz, euskaraz irakurtzeko pausoa emateko programan bakarka ala binaka eman daiteke izena. «Binakako izen ematean, liburu bera irakurriko dute bi kideek, baina batek laguntza ekarriko dio besteari; tutore gisako bat izanen da». Zehaztu du jende «franko» hurbildu zaiola egitasmoan parte hartzeko asmoz, baina badaki, orobat, zaila dela «hitzetik ekintzetara» pasatzea.

«Burmuinetan markatua da azoka ekitaldi garrantzitsua dela, eta horrek anitz pozten gaitu, eta indarra ematen digu gure arnasgune eta arnas une hau berriz antolatzeko»

IHINTZA MARGUIRAULT Azokaren antolatzailea

Pixka bat urrunago, Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) hiru kide egon dira liburuz beteriko mahaietako baten gibelean. Azken liburuen artean, Unai Fernandez de Betoñoren Etxearen korapiloa nola askatu erakusgai eman dute. Etxebizitza politika «justu baterako» gakoak esplikatzen ditu lanak, Nekane Intxaurtzaren argitalpen arduradunaren arabera. «Arrakasta handia du gaia pil-pilean dagoelako, eta arkitektura eta hirigintza jorratzen dituelako». Bertzalde, haren erranetan, ohiko literaturaz gain, Ziburuko Azokak bertzelako edukiak proposatzeko parada ematen dio UEUri, eta, nahiz ez duten anitz saltzen, ikusgaitasuna ematen diela nabarmendu du Intxaurtzak.

Horrekin bat dator Txalaparta argitaletxeko editore Garazi Arrula. Irakurlearekin hurbil egoteko parada ematen die haiei azokak: «Irakurleekin zuzeneko hartu-emana izateko aukera ematen digu, eta, bide batez, haien iritziak eta nahiak ikustekoa ere bai, pixka bat». Gainera, nabarmendu du profesionalen arteko sare bat indartzeko ere balio duela azokak. Txalaparta lehen alditik etorri dela kontatu du, eta azoka hazten ikusi duela erantsi, hurbiltasunari atxikirik: «Pozgarria da ikustea nola jendea hurbildu den hona. Hazi da, baina ez gehiegi, eta hasierako formatua atxiki izanak jendearekiko hurbiltasuna mantentzen du. Izugarri garrantzitsua da hori».

Batuan eta nafar-lapurteraz

Goiza aitzina joan ahala, liburu aurkezpenak bata bertzearen gibeletik kateatu dira kanpoko karpa ttipian. Jendetsuak izan dira guziak. Langarrarekin batean hasi da Nahia Zubeldiak euskarara itzuli Kantu leuna liburuaren aurkezpena. Leila Slimanik 2016an idatzi zuen liburua, eta Alberdania argitaletxeak haren itzulpena atera berri du. Goncourt saria irabazi zuen kazetari eta idazle marokoar bat da Slimani. Bi haurren hilketarekin hasten da eleberria, eta Ainize Madariaga kazetaria izan du lagun Zubeldiak aurkezpenean. «Eguneroko kontakizunetik hasita, egoera itogarri batera eramaten gaitu kontakizunak», kontatu du hark; «arruntasunetik izugarrikeriarako bidea da thriller psikologiko hau».

(ID_16157251) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-06-06, Ziburu.Euskal liburu eta disko azoka
Nahi Zubeldia, Kantu Leuna liburua aurkezten, Ziburun. PATXI BELTZAIZ

Lehen aldia da Zubeldiak nobela oso bat itzultzen duela. «Idazleak hartu duen lan handi hori ahalik eta hobekien itzultzeko desafioa ukan dut», aitortu du. Eta azpimarratu euskara batuaren barnean nafar-lapurtera zantzuak dituela itzulpenak. «’Ninia hil da’. Horrela hasten da liburua. Ume ezar nezakeen, baina logikoa izan zaigu ninia hitza ematea, niri naturalena zitzaidalako, eta Hegoaldeko irakurleei ere nolazpait hemengo hizkera ezagutarazteko».

Testua fintzeko tenorean eta lehen zuzenketak ukanik, bi oren lehenago kadira berean zegoen Oihartzabali galdegin zizkion kontseilu batzuk Zubeldiak, segurtasun «handiagoa» ukaiteko. «Bi oren inguru lapurtu nizkion Beñati», kontatu du, irriz. «Ez nakien noraino behar nintzen tematu gauzak hemengo maneran emateko. Zinez lagungarriak izan zitzaizkidan ohar horiek, eta segurtasun bat eman zidaten. Beñat Oihartzabalek eginiko zuzenketak zirela erran izan dut itzulpena egiteko prozesuan, eta, beraz, amen erraten zuten denek!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA