Iraganeko harremanez, amatasunaz, adiskidetasunaz, maitasunaz, heriotzaz, doluaz eta Lesakako (Nafarroa) testuinguruaz mintzo da Maddi Ane Txoperenaren Zaldi bat (Txalaparta) nobela; idazlearen hirugarrena. Kontakizuna zatika antolatua dago, eta istorioa harilkatzeko trebezia aitortu dio Gipuzkoako Liburu Denden Elkarteak: «Tramen eta pertsonaien puzzle bat da, erritmo arritmiko baina musikala duena». Hain zuzen, Txoperenak Zilarrezko Euskadi Saria irabazi du euskarazko narratibaren kategorian, eta Ibai eta Eneko Iztueta anaiek eta Aritz Vieitesek, berriz, komiki eta album ilustratuaren kategorian, Kontua eta zikina. Euskal pop noir bat (Txalaparta) liburuagatik. Sariak urriaren 13an banatuko dituzte Donostiako Fermin Kalbeton kaleko Elkar liburu dendan.
Ikusi gehiago
«Bere ahots berezia eta unibertso propioa sortzen ditu idazkera zatikatu baten bidez, eta, trama ez ezik, sentimenduak ere literarioki deskonposatzen ditu». Horixe nabarmendu du Gipuzkoako Liburu Denden elkarteak Zaldi bat liburuari buruz. Bi protagonista ditu nobelak: alde batetik, Unai, 2019ko urte zaharreko gauean hil zena, bihotzekoak jota; eta, beste alde batetik, Miren, ama izan berri dena, eta medikuaren aginduz mendira joaten dena astero-astero. Bertan zaldi batekin egingo du topo, eta animaliarekin sortuko duen harremanak Unai ekarriko dio gogora, bost urte lehenago hildako laguna.
Idazteko modua ere nabarmendu dio liburu denden elkarteak Txoperenari; zehazki, irakurle guztiek «ezagutu eta aintzat hartu beharreko idazkera gaztea» sumatu diote narrazioari. Eta, zentzu horretan, «egilearen estiloaren bilakaera» saritu dio elkarteak. Azken honetaz gain, orain arte Ene baitan bizi da (Elkar, 2020) eta Ez erran inori (Elkar, 2022) nobelak argitaratu ditu idazleak.
Komikiaren garrantzia
«Euskal komikiaren aukerak aberasteko egindako lan bikainagatik» saritu dute Ibai eta Eneko Iztueta anaiek idatzitako eta Aritz Vieitesek marraztutako Kontua eta zikina. Euskal pop noir bat liburua. «Thriller klasikoaren arau narratibo eta bisualak herrialdearen historiarekin uztartzen» dituela azpimarratu du elkarteak; baita Iztueta anaiek egindako dokumentazio lana eta horren ondorio izan den «erretratu zintzo eta egiazkoa» goraipatu ere.
Ikusi gehiago
1929an kokatzen da istorioa, Gipuzkoako baserri giroan. Ama-alaba batzuen hilketa bikoitz bat egongo da, eta jazoera horrek memoriari eta transmisioari buruz gogoetatzeko aukera emango dio komiki grafikoari. Gipuzkoako elkarteak aipamen berezia egin dio Vieitesi, hain justu, «denborarekin eta emozioekin lotutako koloreen joko eraginkor eta minimalista» bat jorratu izanagatik. Gainera, «komikiaren balio artistiko eta bisuala ez ezik, bederatzigarren arteak duen garrantzi sozial, politiko eta kulturala» ere nabarmendu nahi izan du elkarteak.