Photocalletik Kursaalera sartzen naiz, arinkeriak atzean uztea desiratuz. Kamerinora bueltatzen naiz. Bikotekidea eta alaba ez daude oraindik. Myriam sartzen da: «Ni baino lehenago iritsi zara eta!». Eta lehenago iritsiko nintzen, niregatik, pentsatzen dut, alfonbra gorria gogoan.
Ikusi gehiago
Bigarren jantzia jartzen dut, Ibai umearekin sartzen da eta titia ematen diot. Soinekoaren eskoteak sorbaldak airean uzten ditu eta testuraz gogorra da, oihal barnean kartoi bat izango balu bezala. Gainera, forma borobila dauka eta guztia zilborreraino jaitsiz bakarrik ahal diot alabari eutsi bularra har dezan. Horretan nagoela deitzen didate, nire txanda da dagoeneko. Ibairen besoetan uzten dut alaba, esna dagoela, eta elkarrekin goaz banbalinetan dauden aulkietara. Pantaila bat dago, gala zuzenean ikusten eta entzuten dugu bertatik. Oraingoan, ez dago neraberik ordezkoarena egiten.
Cayetana Guillen Cuervo erreala ere hor dago, gure ondoan eserita, barrez haurrari begira. Loreak bueltan begiratzen dio, harrituta, erdi ilunpetan gaudelako, leku oso arraro batean, edo batek daki, zer pasatuko zaion buru txiki horretatik…
Cayetana atera eta gero atera behar dut. Txaloen ondoren, nire abestia entzuten da. Maskor forma duen eszenatoki hondoan dagoen atetik ateratzen naiz. Ordurako nabaritu dut, soinekoaren luzeragatik ezinezkoa da ondo ibiltzea, oihala zapaltzen dudalako; beraz, eskuekin, modu apal batean tela jasotzen saiatzen naiz. Ez noa egonkor, baina aurrera noa. Fijatu naiz, bestalde, eskote berezi hori alboetatik irekia dela, eta beraz bularrak ikusten zaizkidala ez baditut besoak enborrera itsatsita mantentzen. Moda.
Horiek buruan, abesten hasten naiz. Hilabeteak daramatzat, amatasun bajagatik, abestu gabe. Alaba burutik kentzen ba al dakit? Zein nintzen ni erditu baino lehen? Ahotsa dardarka daukat. Eserlekuetan jendea ikusten dut, argi asko dago, telebista guztia grabatzen, Werner Herzog agian kamerinotik abestia entzuten… Zein arrotza den hau guztia. Badakit abesten oraindik?