Donostiako 74. Zinemaldia

Bederatzi egun eta 229 film

Fatih Akinen 'Geister' filmarekin hasiko da, gaur, Donostiako 74. Zinemaldia. Werner Herzogek eta Naomi Wattsek jasoko dituzte aurtengo Donostia sariak, eta Jose Luis Rebordinosek zuzentzen duen azken edizioa izango da.

Donostiako 74. Zinemaldian emango dituzten zenbait filmen kartelak, atzo. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako 74. Zinemaldian emango dituzten zenbait filmen kartelak, atzo. GORKA RUBIO / FOKU
itziar ugarte irizar
2026ko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

229 film, hamar sailetik gora eta zinema munduko ehunka lagunen joan-etorria; dena prest da. Ricardo Darin aktore argentinarra kartel ofizialeko protagonista duela hasiko da gaur Donostiako 74. Zinemaldia. Hasiera indartsua izango du, gainera: Fatih Akinen Geister filmak irekiko du Sail Ofiziala, eta, ohikoa ez den arren, lehen bi egunetan banatuko dituzte aurtengo bi Donostia sariak. Werner Herzog zinemagileak jasoko du lehena, gaur iluntzean, inaugurazio galan, eta haren Bucking Fastard film berria erakutsiko dute jarraian. Bihar, berriz, Naomi Watts aktoreak jasoko du aitortza bera. David Lynch, Alejandro Gonzalez Iñarritu, Clint Eastwood, Michael Haneke eta Audrey Diwanekin egin du lan Wattsek, besteak beste, eta Ben Shrinianen The Housewife filmarekin helduko da aurten jaialdira.

Hilaren 26ra bitartean Donostiako 74. Zinemaldiak eskainiko duenaren lagin bat da honako hau.

Sail Ofiziala

Zinemaldiko antolatzaileen arabera, «nazioartean ezagunenak diren zinemagile alemanetako bat» da Akin, eta «galerari eta desioari buruzko drama poetiko batekin» emango dio hasiera Sail Ofizialari gaur. Guztira, 25 ekoizpen bilduko ditu aurten sail horrek, eta hamazazpi izango dira Urrezko Maskorra eta gainontzeko sariak eskuratzeko lehian. Ira Sachs zinemagileak zuzenduko du lan horretaz arduratuko den epaimahaia —Sachsen lan berria ere ikusgai izango da Perlak sailean, The Man I Love izeneko filma—, eta beste sei lagun izango ditu alboan: Patricia Lopez Arnaiz euskal aktorea, Genky Kawamura zuzendari japoniarra, Catherine Paille gidoigile frantsesa, Alice Braga aktore eta ekoizle brasildarra, Bill Skarsgard aktore suediarra eta Mike Goodridge ekoizle britainiarra.

Hainbat aldagai sartzen dira jokoan Sail Ofizialeko eskaintza osatzean, baina irizpide ohikoenetako bat izan ohi da zinemagile ezagunen eta ekoiztetxe handien filmekin batera ibilbide laburragoa eta aurrekontu txikiagoa duten filmak ere eskaintzea. Hala, zerrenda beraren parte dira aurten Nicole Garcia (7h40 ce matin-lĂ ), Maha Harada (Muyou no hito / In My Father’s Room), Pablo Larrain (Mis muertos tristes), Mike Leigh (Tender Loving Care), Javier Ruiz Caldera (5 minutos mĂ¡s), Yesim Ustaouglu (Artakalan), Roberto Bueso (El mal padre), Benjamin Naishtat (Glaxo), Ah Biao (Biain jing / Border), Hans Petter Moland (Markens grode) eta Mikel Gurrea (Sants), besteak beste. Gurrea zinemagile donostiarra bigarrenez arituko da Sail Ofizialeko lehian, 2022an Suro lehen filma erakutsi baitzuen. Irudi erlijiosoen lapurren talde batean sartuta dagoen eta ama hilzorian duen emakume bat (Victoria Luengo) du protagonista film berriak.

Aipatuez gain, Fred Cavayerek Les MisĂ©rables aurkeztuko du, Victor Hugoren izen bereko lanaren egokitzapen bat; Jesse Eisenbergek, berriz, The DĂ©but, ezustean musika izar bihurtzen den etxekoandre lotsati baten istorioa; Amanda Kernellek Garrat du vĂ¡immu / Brace Your Heart ekarriko du, familiako elur oreinaren alde ari den gazte baten kontakizuna; Gabriel Martinsek Vicentina pede desculpas flma erakutsiko du, non protagonistak bere semeak eragindako istripu bateko biktimen familien barkamena bilatuko duen; eta Tony Vahlek, azkenik, Krux, Bigarren Mundu Gerraren amaieran eta Alemania ipar-ekialeko herri txiki batean girotuta dagoen filma, zuzendariaren lehen ekoizpen luzea.

Hiru film lehiaz kanpo ikusi ahalko dira, eta beste bost emanaldi berezi gisa emango ditu jaialdiak. Tartean da David Ayerren Heart of the Beast lana, zeinak Brad Pitt aktorea bueltan ekarriko duen Zinemaldira —2009an izan zen lehen aldiz, Quentin Tarantinoren Inglourious Basterds filmarekin—. Lehiaz kanpo emango dituzte, halaber, Koldo Almandozen Azken agurra eta David Perez Sañudoren Sacamantecas, aurten euskara Sail Ofizialera eramango duten pelikulak —euskara hutsezko bakarra da Almandozena—.

Michael R. Roskamen Le Faux Soir lanak emango dio, azkenik, itxiera Sail Ofizialari. Torontoko (AEB) zinema jaialditik igaro ondoren, Europako estreinaldia izago da Donostiakoa.

Euskal zinema

31 filmek osatzen dute aurten euskal filmen zerrenda, eta horietatik 26 izango dira «erabat edo hein batean» euskaraz. Film horien aurkezpena egin zutenean, euskarazko zinemagintzak azken urteotan hartu duen «indarra» nabarmendu zuen Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak —aurten utziko du postu hori, eta Maialen Belokik hartuko du lekukoa datorren urtetik aurrera, jaialdiaren 75. urtemugarekin bat eginda—.

Euskarazko edo Euskal Herrian ekoitzitako film gehienak Zinemira sailean aurkeztuko dituzte aurten ere. Igor Legarretaren Inurri itsuak lanak irekiko du atala; 1930eko hamarkadan eta Bizkaiko kostaldean girotuta dago filma, eta barnean tonaka ikatz dituen itsasontzi ingeles bat hondartu ostean familia batean sortuko den gatazka du abiapuntuan. Sail berean erakutsiko du Izaskun Araindiak Irailak film dokumentala, birraitonaren arrastoari segika ondutakoa; eta Elsa Oliarj-Ines zuberotarrak, berriz, Txakun txakĂ¼r, Elise izeneko neskatoak onartua izateko daukan borroka kontatzen duena.

Oskar Alegria Suescunek Tabakalera-Zabaltegi sailean estreinatuko du, bestale, Oteizaren bueltan egindako Hamalau gau pelikula; eta Belodromoan emango dute Ander Merino Etxebesteren eta Fermin Muguruzaren Muguruza FM 40 Tour dokumentala. Bada aipatu beharreko beste film bat ere: Ana Diezek 1988an zuzendutako Ander eta Yul. Klasikoak atalean emango dute, Filmategiak eta EITBk zaharberritu berritan.

Asteartean egingo duten Euskal Zinemaren Gala, eta bi izen nabarmenduko dira aurten: Joxe Ramon Soroiz eta Aitziber Garmendia aktoreenak. Zinemira saria jasoko du lehenak —gizonezko aktore onenaren saria ere jaso zuen iaz, Maspalomas filmean egindako lanagatik—, eta Distira saria, berriz, Garmendiak.

‘Naza’ eta beste

Azpimarra merezi duten zinemagile eta film gehiagoren artean da Naza. Tel Aviven gauez grabatutako dokumental bat da, Gazan zibil palestinarren aurka antolatutako sarraskiaren atzeko sistema arakatzen duena. Yuval Abraham eta Rachel Szor zinemagile israeldarrek zuzendu dute, eta Epaimahaiaren Sari Berezia jaso berri dute Veneziako Zinemaldian. Perlak sailean erakutsiko dute, beste jaialdi batzuetatik igaro diren filmak biltzen dituen atalean. Hor ikusi ahal izango dira, halaber, Pawel Pawlikowskiren, Lukas Dhonten, Andrey Zvyagintseveren, Cristian Mungiuren, Javiera Calvoren eta Javier Ambrossiren, Olivia Wilden eta Nanni Morettiren lan berriak, besteak beste.

Urtemuga jakin bat ere gogoan hartu nahi izan du aurten Zinemaldiak. 50 urte dira Guardia Zibilak Josu Zabala manifestaria hil eta Jaime Chavarriren El desencanto filmeko lantaldeak pelikula Zinemalditik erretiratzea erabaki zuela, protesta modura. Lehen aldiz ikusi ahalko da filma jaialdian, eta gertakari haien inguruko erakusketa bat ere ireki dute Tabakaleran.

BDZ taldeak manifestaziora deitu du hilaren 26rako

BDZ eragileak Donostiako Zinemaldiari Dana Blankstein Cohen jaialditik kanporatzeko eskatu dio. Blankstein Jerusalmengo Sam Spiegel Zinema Eskolako zuzendaria da, eta Zuzendari Berriak saileko epaimahaikide izendatu du aurten jaialdiak. BDZko kideentzat, Sam Spiegel eskola kolonizazioaren «konplizea» da, Israelgo Gobernuarekin eta bertako hainbat erakunderekin dituen harremanengatik. Salatu dute Blanksteinen zuzendaritzapean nabarmendu egin dela «konplizitate» hori; besteak beste, 2020an Abu Dhabirekin sinatu zuen lankidetza hitzarmen batengatik, zeina 70 zinemagile palestinarrek baino gehiagok gaitzetsi zuten.

 

 

Adierazi dute Zinemaldiak publikoki adierazi duela ez lukeela «genozidioa babesten duten filmik» jarriko, eta «inkoherentzia» leporatu diote. Blankstein jaialditik kanporatzeko eskaerarekin batera, manifestaziorako deia ere egin dute; irailaren 26an egingo dute, 18:00etan, Saguesetik hasita.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA