Artea eta politika bereizi behar direla diote batzuek. Eta politikak artearen diziplina guztiak zeharkatzen dituela besteek; zinema ere bai. Eztabaidak eztabaida, Jaime Chavarri zinemagile espainiarra traidoretzat jo zuten 1976an, gertakari lazgarri baten ondoren bere filma Donostiako Zinemalditik erretiratu zuela eta. «Zinemaren eta aberriaren traidore» deitu zioten, kontatu duenez. Urte horretako irailaren 8an Guardia Zibilak Josu Zabala Erasun hil zuen tiroz, Hondarribian (Gipuzkoa), eta hortik egun gutxira zen hastekoa Zinemaldiaren 24. aldia. Jaialdiaren erreakziorik ez zegoela eta, Chavarrik, Elias Kerejeta ekoizleak eta El desencanto filmeko lantaldeak erabaki zuten dokumentala Sail Ofizialetik kentzea, protesta gisa. Eta orduan bai, orduan sumatu zuten Zinemaldiaren erreakzioa. 50 urte geroago, Donostiako Zinemaldiak mugarritzat dauka jazoera hori, eta gertaturikoa gogoratzen duen erakusketa bat antolatu du Tabakaleran: 'Arnegu-jarrera'. Donostia Zinemaldiaren norabidea aldatu zuen keinua (1976).
«Euskal herritarrok pairatzen ari garen errepresio bortitzaren aurkako protesta gisa, eta modu tragiko eta beldurgarrian publikoki ezagututako azken jazokizunetan ere errepresio hori berriz hezurmamitu dela kontuan izanik, El desencanto filma sortzen parte hartu dugunok aho batez erabaki dugu filma Donostiako Zinemaldiaren XXIV. ediziotik ateratzea». Halaxe zioen 1976ko irailaren 13an pelikularen lantaldeak Miguel de Echarri orduko Zinemaldiaren zuzendariari eta gero prentsari bidalitako eskutitzak. Chavarrik azaldu duenez, ezer gertatu baino lehen ere argi zituzten bi gauza: filma ez zutela moldatuko zentsuragatik, eta Euskal Herrian «arazorik» egongo balitz filma ez zela Donostian aurkeztuko. Bada, bete egin ziren aurreikuspenak.
«Orduko hedabideen ausardiarik eta herri mugimenduen indar eta laguntzarik gabe, egia bihurtuko ziren gaur ezagutzen dugun Zinemaldia beste hiri batera mugitzeko gobernuaren mehatxuak»
IRATI CRESPOZinemaldiko artxiboaren arduraduna
Erakusketaren izenburuak eskutitz horren bueltan jasotako mehatxu bati egiten dio erreferentzia. Zehazki, mehatxuak Zinemaldian parte hartuko zuten beste ekoizleak zituen jomugan, «Kerejeta jaunaren arnegu jarrera hartzen duen beste edozein» ekoizle. Zinemaldiko Zuzendaritza Batzordeak irailaren 13an Donostiako Londres hotelean eginiko ezohiko bilera baten ondotik idatzia zuten: filma kentzeak «araudia urratzen» zuela eta Ekoizleen Nazioarteko Federazioari (FIAPF) emango ziotela horren berri. Eta mehatxu egin zieten, ez zedin beste inor ausartu jarrera bera hartzera. Tabakalerako erakusketan irakur daiteke testu hori, baita Zinemaldiaren aldi hartako kartela ikusi, argazkiei erreparatu eta telegramak irakurri ere. Irati Crespo Zinemaldiko artxiboaren arduradunak azaldu bezala, «material originalekin» osatu dute erakusketa, «askotan, orain arte argitaratu gabeko» dokumentuekin. Gaur ireki dute, eta hilaren 27ra bitarte egongo da ikusgai.
«Bota dezatela Echarri»
Erakusketa osatzeko, bi hipotesitatik abiatu dira. Crespok aipatu ditu: lehenengoa, «Josu Zabalaren kontrako bortizkeria ez zela kasu bakana izan, eta 1976. urte ilunean euskal herritarren kontrako indarkeria sistematiko baten biktima izan zela»; eta bigarrena, «orduko hedabideen ausardiarik eta herri mugimenduen indar eta laguntzarik gabe gaur ezagutzen dugun Zinemaldia beste hiri batera mugitzeko gobernuaren mehatxuak egia bihurtuko» zirela. Elias Kerejeta Zinema Eskolarekin antolatu dute erakusketa, eta hartan irakur daitekeen beste agiri bat da Enrique Vila-Matas idazle kataluniarrak urte hartan —28 urte zituela— idatziriko Zinemaldiaren kronika.
«Ez dut, sekula, berriro ere demokratizazio hitza erabili». Destino izeneko astekarian idazten zuen Vila-Matasek, eta Donostiara etorri zen kronika egitera. Begirada izoztu dio Tabakalerako erakusketan topatu duen argazki batek. Bost pertsona ageri dira, bat burumakur. Hiruk igota dituzte ukabilak, eta ikurrin bat dute hankapean. Zera dio atzealdeko paretak: «Hemen Zabala hil zuten». Argazki hori ikustean oroitu da Vila-Matas idazlea Donostiako Zinemaldira etorritakoan bera ere izan zela kale kantoi horretan, Zabala hil eta egun gutxira. Bada, ikuspegi kritikoz idatzi zuen El martirio de San Sebastián (Donostiako martirioa) artikulua: «Berrikuntza sakon» bat egitea galdegiten zion Zinemaldiari, baita «egitura antidemokratikoak» ezabatzea ere. Ez zen inguru-minguru ibili: «Bota dezatela Echarri» zioen kronikaren tituluetako batek.

Eta 50 urte pasatu dira, baina Zabalaren senideek gogoan bizi-bizirik dute orduan gertaturikoa. Belen Zabala Josu Zabalaren ilobak esker ona adierazi du Zinemaldiak eginiko memoria ariketa dela eta: «Ezin dugu egia osoaren berri izan, oraindik ere dokumentu mordoa baitago artxibatuta, baina egindakoaren gisako pauso txiki eta garrantzitsuek indar handia ematen digute familiakoei. Eskerrik asko Zinemaldiari hau guztia berreskuratzeagatik, eta ahaztuta gelditu zena berriz ere ikertzeagatik». Aurtengo uztailean onartu du Espainiako Gobernuak Josu Zabala Erasunen erailketak motibazio politikoa izan zuela.
Hain zuzen ere, memoria lantzen du El desencanto filmak. «Memoria, alde batetik, ospakizun bat da; beste alde batetik, mina, eta, azkenik, berriz elkartze bat, besarkada bat», esan du Chavarrik. «Erreparazioa» egiteko asmoz, film horrek emango dio hasiera aurtengo Zinemaldiaren Klasikoak sailari.