Lanegun arrunt bat izan behar zuen, berez. Vicentinaren 45 urte inguruko semeak gidatutako autobusa, baina, goiz erdian igarobide batetik erori eta dozenaka pertsona hilko dira istripuan. Hil dira edo semeak hil ditu? Denek ez dute berdin ikusiko, eta ez da berehalakoan itzaliko horrek piztuko duen soka. Vicentinak, bitartean, biktimen senideen telefonoak lortuko ditu, eta banan-banan haiekin elkartzen saiatuko da, helburu bakar batekin: barkamena eskatzea. Abiapuntu hori du Gabriel Martins zinemagile brasildarraren Vicentina pede desculpas (Vicentina barkamen eske) hirugarren film luzeak, eta hura izan da gaur aurtengo Sail Ofizialeko lehia itxi zuen filma. Bihar iluntzean jakinaraziko du epaimahaiak Urrezko Maskorra lortzeko lehian izan diren hamazazpi ekoizpenetako zeinentzat izango den garaikur nagusia, baita beste sariak ere.
Ikusi gehiago
«Film bat urruneko esperientzia bat balitz bezala egin daiteke, baina ez dut horretan sinesten. Nik eguneroko bizitzan bezala jokatu nahi dut film batean». Zinemagile eta ekoizle lanetan —Filmes de Plastico ekoiztetxearen sortzaile ere bada zuzendaria—, bere oinarrietako bat hori dela nabarmendu du Martinsek, hurbiltasuna. Hala, heriotzarekin lotutako gertuko zenbait esperientzia izan ditu gogoan filmaren inguruan hitz egitean, eta Brasilgo hedabideetan sona handia izan zuen kasu bat ere oroitu du: hegazkin batek mendi baten kontra jo zuen, eta hegazkinaren gidaria epaitzen hasi zen jendea orduan, telebistan nola sareetan. «Halako batean, gidariaren amaren irudi bat agertu zen, bakarrik, zarata haren guztiaren erdian; egoera berean dago Vicentina filmean».
Bestea entzuteko deia
Familia barruko isiltasunak, absentziak, erruduntasuna, enpatia, biziraupena, komunikabideen eragina, eta beste; gai ugariri buruz hitz egiten du filmak, eta «agertzen diren sentimenduetako asko elkarri ahoz goran aitortzeko zailak» direla iruditzen zaio zuzendariari. Bai hark eta bai Vicentinaren pertsonaia jokatu duen Rejane Faria aktoreak «bestea entzuteak» duen garrantzian jarri dute arreta, hura baita filmeko keinu nagusietako bat, bien irudiko. Gaur egungo testuinguru politikoari lotuta ere nabarmendu du keinu horren esangura zuzendariak: «Iruditzen zait bakoitza oso itxita dagoela bere baitan. Badirudi etengabe frogatu behar dugula ondo gaudela, bai ekonomikoki, bai pertsonalki, eta ez. Gizakiak gara, negar egiten dugu, baina jendeak barkamena eskatzen du negar egiten dugunean. Uste dut hor preso sentitzea ere badela filmaren gai nagusietako bat». Ondorengoa erantsi dio horri aktoreak: «Filmak geldotasun moduko bat proposatzen du, elkarrekin hitz egiteko denbora erreal bat izatea, garai batean bazegoena. Vicentinaren ibiltzeko moduan ere badago proposamen hori».
Makulu baten laguntzaz ibiltzen baita Vicentina, belauneko oinazeak hartaratuta. Nabarmentzekoa da Fariak nola gorpuztu duen pertsonaia, «oinaze sakonetik bizirik ateratzeko» abiatzen duen borroka bakartia. «Amatasunaren esperientziatik konektatu nuen haren minarekin, baina, batez ere, hasieratik izan ditugun elkarrizketei esker eraiki genuen. Energia bat sortzen da hor, eta pertsonaiak energia hori bere egiten du. Gauzak pixkanaka hasten dira agertzen, eta une batean esaten duzu: ‘badaukagu’».