Hondar ahoak telesaila (2020) amaitu berritan, Koldo Almandoz zinemagileak argi zuen bazuela beste telesail bati ekiteko materiala. Eta pertsonaia guztietatik, bazekien zeinetatik egin tira: Nerea Garciarenetik —Nagore Aranburuk gorpuzten du—. Bada, besteak beste, hortaz baliatu zen Zeru ahoak telesaila sortzeko. Gaur aurkeztu dute lau ataleko proiektua Donostiako Zinemaldian. Oraingoan Bilbon girotuta dago istorioa, eta aurreko telesaileko pertsonaia batzuez gain, pertsonaia berri batzuk ere batu dira aktoreen zerrendara. Aldaketa garrantzitsuenetako bat Garcia Ertzaintzatik aldenduta dagoela izango da; horrek lan egiteko molde berriak bilatzera bultzatuko du delituak argitu behar dituenean.
Hondar ahoak estreinatu zenetik bost urte pasatuta, gauzak aldatu egin dira, Almandozen arabera. Hasteko, lan egiteko modua. Denbora gutxian filmatu behar izan zuten lehen proiektua —lau atal lau astetan—, eta «gogorra eta prekarioa» izan zen zuzendariarentzat. Telesail berria filmatzean, ordea, ikus-entzunezkoen parametroetatik gertuago egon direla adierazi du Marian Fernandez ekoizleak: «Baldintza hobeetan egin ahal izan dugu».
Zuzendariak erabaki zuen istorioa pertsonaietan zentratu nahi zuela, Nerea Garcia ikertzaileari jarraituz, eta ez hainbeste gertakarietan: «Delituaz gain beste gauza batzuez ere hitz egiten duen generoa gustatzen zait». Hori dela eta, kontakizuna Bilbon girotu dute, eta han bizi da protagonista. Bilboko alderik ezagun edo turistikoena alde batera utzita, aldirietara jo du Almandozek. Pertsonaien konplexutasunak lehen planora eraman ditu, eta hori da, hain zuen, parte hartu duten aktoreei gehien gustatzen zaiena.
«Oxigenazioa»
«Pertsonaiek beste garapen bat dute, izkina gehiago dituzte», azaldu du Josean Bengoetxeak —Lertxundiren rola jokatzen du—. Haren pertsonaia izan da, Sara Cozarrenarekin (Carmen) eta Nagore Aranbururenarekin batera, Hondar ahoak-etik ekarri dutenetako bat. Lan berrian Nerea Garciaren bizitza pertsonalean gehiago sakontzeko aukera dagoela azaldu du Aranburuk: «Nerea intimitatean ezagutzeko aukera hazi egin da; haren erlazioak hazi egin dira». Cozarrentzat, bestalde, erronka bat izan da Carmen berriro gorpuztea. «Nigandik oso urruti dago, bai erritmoari dagokionez, baita hitz egiteko moduari dagokionez ere».
Miren Gaztañaga da (Laura) Zeru ahoak-eko aktore berrietako bat. Hondar ahoak ikusi zuen bere garaian, eta ongi gogoan du zer sentiarazi zion telesailak: «Oxigenazioa izan zen, Euskal Herrian horrelako zerbait egin daitekeela ikusi bainuen. Irrikan nengoen parte hartzeko».
«Ez dut modu hoberik ikusten euskal telesail bat estreinatzeko»
KOLDO ALMANDOZ Zinemagilea
Almandozek Harkaitz Cano idazlearekin batera sortu du telesailerako gidoia. Oso esperientzia positiboa izan da harentzat, biek ala biek «gidoi on bat» sortzea baitzuten jomuga. «Batzuetan beharrezkoa da beste begi eta beste esku batzuk izatea, norberaren hutsak parean daukan norbaitek nabaritzen ditu eta». Zeru ahoak izena jarri diote telesailari, eta ez da kasualitatea. Izan ere, zeruaren kontzeptuak indar berezia du bai kontakizunean bai eta errealizazioan ere; «subliminalki» txertatuta dagoela gaineratu du zuzendariak.
Zinemaldiko Sail Ofizialerako aukeratu duten euskarazko lehenengo telesaila da; hori dela eta, pantaila handian proiektatuko dituzte lau atalak, jarraian —estreinaldia atzo izan zen, eta gaur eta bihar ere emango dute—. Horrek lantalde teknikoaren eta artistikoaren lana nabarmentzen laguntzen duela uste du telesailaren sortzaileak. «Ez dut modu hoberik ikusten euskal telesail bat estreinatzeko». Igandean estreinatuko dute ETB1en eta Primeran plataforman.