Donostiako 74. Zinemaldia

Mike Leighen 'Tender Loving Care' filmak irabazi du Urrezko Maskorra

'Garrat du váimmu' filmaren egile Amanda Kernellek eskuratu du zuzendaririk onenarentzako Zilarrezko Maskorra, eta Ah Biaoren 'Bian jing / Border' filmak Epaimahaiaren Sari Berezia. Irizar saria, berriz, Elsa Oliarj-Inesen 'Txakun txakür'-entzat izan da.

Alice Bailey Johnson eta Paul Jesson aktoreak, atzo, Urrezko Maskorra jasotzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mikel Lizarralde - Itziar Ugarte Irizar
2026ko irailaren 26a
21:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Faborito nagusia zen, publikoaren nahiz kritikaren film gogokoena, eta Ira Sachs zinemagile estatubatuarra buru izan duen epaimahai ofizialak ere hala ebatzi du. Mike Leigh zinemagile ingelesaren Tender Loving Care filmak eskuratu zuen, atzo, Donostiako 74. Zinemaldiko sari nagusia, Urrezko Maskorra, eta baita beste bi sari ere, gidoi onenari dagokiona Leighentzat berarentzat, eta interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra Kate O’Flynnentzat —hau ex-aequo jaso zuen Asta Kamma Augustek, Hans Petter Molanden Markens grode filmean egindako lanagatik— . Filma aurkeztu zuen egunean, Leighek berak adierazi zuen litekeena dela hau izatea bere filmografiari amaiera emango dion lana, eta, beraz, sariak, filmarena ez ezik, ibilbide baten aitortza ere badira.

Bere aurreko zenbait filmetan bezala, gaur egungo errealitatearen erretratua egin du Leighek Tender Loving Care-n. Rosie eta Amy dira filmeko protagonistak. Lehenengoa gizarte laguntzailea da, eta erresuminduta bizi diren pertsonak artatzen ditu; bigarrenak, berriz, haurren babeserako zerbitzu publikoan egiten du lan gizarte langile gisa. Amy Rosieren etxera joango da bizitzera bikotekideak uzten duenean, baina segituko du adineko gurasoekin ere harremanetan. Izan ere, azken horiek ere beraien arazoei egin beharko diete aurre. Filmak zaintzaz eta maitasunez hitz egiten du, umorea ere baliatuta. Osasun arazoak direla eta, Leigh ez da egunotan Donostian izan, eta atzo ere bideo bidez eman zizkion epaimahaiari eskerrak. Zuzendariaren eta O’Flynnen faltan, filmeko beste bi aktorek, Alice Bailey Johnsonek eta Paul Jessonek, jaso zituzten Tender Loving Care-k irabazitako sari nagusiak.   

Zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra Amanda Kernellek irabazi zuen Garrat du váimmu-gatik. Filma samieraz filmatua dago, eta elur oreinen zaintzari lotutako komunitate txiki batean bizi den emakume gaztea du protagonista. Kernellek atzo nabarmendu zuen «funtsezkoa» dela ahotsa ematea ez dutenei. «Bizirik dagoen kultura bat da gurea». 

Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, Ah Biao zinemagile txinatarraren Bian jing / Border filmarentzat izan da. Ah Biaoren lehenengo film luzea da, eta Txina iparraldeko herri batean kokatuta dago. Protagonistak meatze batean egiten du lan, eta gizonez inguratuta dago une oro, harik eta emakume misteriotsu bat agertzen den arte. 

Bestalde, taldeko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra Javier Camarak jaso zuen Javier Ruiz Calderaren 5 minutos más komedia garratzean egindako lanagatik. 

Markens grode filma izan zen atzoko beste irabazleetako bat, Asta Kamma Auguste aktoreak jasotakoaz gain, argazki onenarena ere eskuratu baitzuen Oskar Dahlsbakkenek. 

Sachsekin batera, Genki Kawamura zinemagile eta gidoigileak, Alice Braga, Patricia Lopez Arnaiz eta Bill Skarsgard aktoreek, Mike Goodridge ekoizleak eta Catherine Paille gidoilariak osatu dute epaimahai ofiziala.

‘Txakun txakür’-i saria

Sail Ofizialekoez gain, zinemaldiko beste ataletako filmak ere banatu zituzten atzoko ekitaldian. Euskal Zinemaren Irizar saria Elsa Oliarj-Ines zinemagilearen Txakun txakür lanari ematea erabaki du Marta Eturak, Simon Blondeauk eta Maria Pilar Rogriguezek osatutako epaimahaiak. Zinemagileak zortzi urtez filmatu ditu Zuberoako ikastola bateko haurren jolas orduak, eta material horrekin guztiarekin osatu du nortasunaren eraikuntzaz mintzo den dokumentala. «Film bat baino gehiago egin nahi nuen. Telebistak eta plataformek galdegiten digutenaren kontrakoa», adierazi zuen Oliarj-Inesek saria jasotzean. Gaineratu zuen «erdigunearen eta periferiaren arteko indar harremanak iraultzeko» ahalegina ere badela filma.

Zabaltegi-Tabakalera saria, Jane Schoenbrunen Teenage Sex and Death at Camp Miasma filmak jaso zuen, eta sail horretako epaimahaiak aipamen berezi bat ere egin zion Maria Aparicioren A veces me entra tristeza, otras veces rebelión lanari. Horizontes Latinos ataleko sari nagusia, berriz, Alessandra Sanguinetti argentinarraren La ilusión de un verano sin fin filmak eskuratu zuen. Bestalde, aurten lehen aldiz eman dute jatorrizko musika onenarentzako saria  Zinemaldian, eta Amine Bouhafak irabazi du 7h40 ce matin-là filmarentzat idatzitako soinu bandagatik. Zuzendari Berriak ataleko irabazlea, berriz, Naemi Ada alemaniarraren Body of Glass izan da.

Perlak saileko saria publikoak erabakitzen du, eta aurten Javier Calvo eta Javier Ambrossiren La bola negra filmari eman dio. Publikoak Europako film onenarentzako saria ere ematen du, eta aurten Yuval Abraham eta Rachel Szor israeldarren Naza-rentzat izan da —The Guardian egunkari britaniarrak ekoitzi du—. Filmean, Gazaren aurkako erasoetan Israelgo Gobernuak erabiltzen dituen sistemak aztertu dituzte bi zuzendariek, eta, Venezian estreinatu zutenetik, Netanyahuren gobernuaren mehatxuak eta erasoak pairatu dituzte. Hain zuzen, haiei babesa emateko zinema alorreko 700 lagunek sinatutako manifestu bat irakurri zuten, herenegun, Donostian. Atzo ere Palestinarekiko elkartasun mezuak izan ziren klausura galan, hitzezkoak batzuk, eta hizlari askok soinean zeramatzaten pinen bidez zabaldutakoak beste asko.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA