Aurtengo selekzioa mimoz egin dela esango nuke. Zinema ugaria eskaini zaigu, leiho ezberdinak ireki dizkiguna, paisaia ugaritara, eta, batik bat, begirada ugaritara. Premisa interesgarriak izan dituzte filmetako askok, eta familia, gai bezala, asko agertu zaigu. Aitatasuna, amatasuna, seme-alabatasuna. Koldo Almandozen aita groteskotik hasita (lehiaz kanpo), Roberto Buesoren aita petraletik pasatuta, Mikel Leighen aita xarmangarri eta zaurgarrira. Ekoizpen handiak ikusi ditugu, Les misérables gogoangarria, edota David Perez Sañudoren Sacamantecas (hau ere lehiaz kanpo), biak ere su artifizial askokoak (zentzu onean). Izan dugu gure Brodway dosia, AEBetako hunkigarrismoa, Frantziako zinema soil eta sendoa eta, noski, morfeorekin harremanetan jartzen gaituen zinema asiatikoa, edozein zinema jaialditan ezinbestekoa, besterik ez bada mendebaldeko sinpletasunari kontrapuntoa egin diezaion.
Ikusi gehiago
Nahiko aurreikusgarria zen palmaresak ez zuela gatazka handirik eragingo. Ez da hala izan, ordea, epaimahaiak Ah Biaoren Bian jing saritu nahi izan duelako, sari berezia emanez gainera, nire ustez askogatik jaialdiko filmik ahulenetakoa.
Tender Loving Care denon kinielan zegoen, eta sariak kasik denak gustura uzten gaitu, baina ez dut uste filma Leighen ibilbideko onena denik, ezta disira handiegia daukanik ere, agian klaustrofobikoegia delako, lokalizazio eta aire guxikoa. Film ederra da, eta azken aldian nagusitu den familia tradizionalaren kontrako joera ideologikoa zalantzan jartzen du, nahiz eta Leighek ezkerreko doktrinarekin ia beti oso bat egiten duen. Aktore onenaren saria irabazi du Kate O´Flynnek, nahiz askok Julianne Moore jotzen genuen garailetzat, bere The Debut zoragarriagatik. Asta Kmma Augustek, Markens grode film bikainarekin, zinemaldiko onena niretzat, sari txiki batekin konformatu behar izan du.
Gizonezko onenaren saria Javier Camarak irabazi du. Berdin du zein den aurrean jartzen zaion erronka, berdin filmaren kalitatea: Camarak papera bere egiten du. Merezitako saria.
Zuzendari onenaren saria Amanda Kernellek irabazi du, nire ustez distira gutxiko Brace Your Heart film ertainari esker, zeinak erritmo eta sendotasun emozional gutxi dituen. Zinemaldiak beti bizi izaten du halako dibortzioa ikusleen, kritikoen eta epaimahiaren artean. Ez dut uste gaizki dagoenik, sariak ez baititu Erromak (gehiengoak) eman behar, baina jaialdi eder eta saiatu honen palmaresa irrelebantzia internazionalean gera dadin laguntzen du eta, honenbestez, zuzendari handietako askok beste jaialdi batzuk nahiago izaten dituzte haien filmak aurkezteko, haietan bai, kritikoak eta epaimahaiak askoz ere adosago egoten baitira.
Ezin dut testu hau Elsa Oliarj-Inesen Txakun TxakĂ¼r film dokumentala aipatu gabe utzi. Ez da Sail Ofizialean egon, eta zinez oso film txikia da, baina aurtengo jaialdian euskal zinema ordezkatzen kasik 20 film izan dira, eta zinez meritu askoko garaipena lortu du beste guztien gainetik Irizar saria irabazita. Ea estreinatzen den zinema komertzialetan; hala bada, ez galdu.