Zinemagilea

Izaskun Arandia: «Pelikula honek familia bakar bateko isiltasuna hautsiko balu, kristoren oparia jasoko nuke»

36ko gerran eraildako birraitonaren istorioa ezagutzeko ondu du Izaskun Arandiak 'Irailak' dokumentala. Birraitonaren jaioterrira egiten du bidaia, Burgosera, eta bertan argitu ditu isiltasunak erantzun gabe utzi zituen zenbait galdera.

Izaskun Arandia zinemagilea, Donostian. JON URBE / FOKU
Izaskun Arandia zinemagilea, Donostian. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko irailaren 22a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Miguel maitea: ez neukan zu ezagutzeko gogo handirik». Papera eta boligrafoa hartu, eta Izaskun Arandia zinemagilea (Tolosa, Gipuzkoa, 1972) bere birraitonari idazten hasi zitzaion. «Miguel maitea» dio, baina haserre idatzi zizkion lehen eskutitzak, ez zuen eta orain arte gauza onik entzun haren inguruan. 1935ean familia Tolosan utzita, bere jaioterri Burgosera abiatu zen Miguel birraitona. Baina Espainiako gerra hasi zen 1936ko uztailean, eta Miguel urte horretako irailean hil zuten; familiak ez zekien zergatik. Ez zekiten gorpua non zegoen, ezta nola erail zuten ere. 90 urteren ondoren, Arandiak Irailak filmean jaso ditu birraitonaren istorioa ezagutzeko bidean bizi izan dituenak. Bataren eta bestearen arteko aldea ehun urterena zen zehazki, eta, elkar ezagutu ez bazuten ere, azkenean dokumentalean egin dute bat, hain justu, memoria ariketa bat egin ondotik. BERRIAren babesa jaso du filmak, eta Zinemira sailean aurkeztu du zinemagileak. 

Ez zenuen zure birraitona ezagutzeko gogorik, eta egindako ikerketari esker maitatzera ere iritsi zara.

Zer gertatu zitzaion jakitea eta gizona bera deskubritzea oso prozesu luzea izan da, oso interesgarria eta nahiko basatia. Kontu batzuk sinestezinak egiten zitzaizkidan: nola izan daiteke zure familiako bat guardia zibila? Eta ikerketan deskubritu nuen baietz, hala izan zela —oso gaztetan: 1912an utzi zion izateari, 40 urte zituela—. Baina hori azaltzeko beste dokumental bat egin beharko litzake, ze bere txostena pasa ziguten eta harrigarria da. Gizon hori deskubritzeko bidean kasualitate asko gertatu dira, dokumentu asko bilatu genituen, eta jende askorekin hitz egin. Gainera, nire lehengusu txiki Cristianek egindako lana oso-oso baliagarri egin zait. Bera hasi zen ikerketarekin.

«Aitaren ustetan, aitonak familia abandonatu zuen, baina dokumentalarekin familia maite zuen gizon bat deskubritu nuen, nire amona maite zuena eta kezkatzen zena bere familiagatik»

Zer entzun zenuen etxean birraitonari buruz?

Nik etxean entzundakoa ez zen ona. Familian nire aita zen bere aitonaren kontra zegoen bakarra. Haren ustetan, aitonak familia abandonatu zuen, baina gainontzekoek Burgosko lurrak lantzera joan zela zioten. Urteetan eta hamarkadetan errebotean iritsi zaigu informazioa, ez modu egokian. Eta gauza asko ez ditugu inoiz jakingo ehuneko ehunean. Baina bide horretan bere familia maite zuen gizon bat deskubritu nuen, nire amona maite zuena eta kezkatzen zena bere familiagatik. 

Zure birraitonari buruz hitz egiteko orduan bezala, gerrari buruz hitz egiteko garaian ere isiltasuna gailendu da familia askotan.

Belaunaldiaren arabera doa: batetik, gerra zuzenean sufritu zutenak daude, nire birraitona-birramonak; gero hurrengo belaunaldia, isilik gelditu zena; hurrengo belaunaldia, galdetu ez zuena, eta gero gu, galdetzen hasi garenak.

Eta hori izan da zure asmoa? Gertaturikoa hurrengo belaunaldiari kontatzea?

Isiltasuna haustea izan da garrantzitsuena. Eta eremu mikroaz ari naiz, nire familiari buruz. Baina gure mikroa biderkatu daiteke hamarnaka edo milaka familietara. Ehunka mila pertsona daude oraindik hobi komunetatik atera gabe, eta horren atzean familia mordoa dago. Pelikula honek familia bakar bateko isiltasuna hautsiko balu, kristoren oparia jasoko nuke.

«Nik uste nuen bizpahiru hezurtxo aurkituko zituztela, kaxatxo batean emango zizkigutela, eta listo, eta, bat-batean, hor: oso-oso-osorik, mahai gainean jarrita... Harrigarria izan zen»

Azkenean Burgosko hobi komun batean aurkitu zuten zure birraitona. Gogora institutuak identifikatutako lehen gorpua izan zen, eta 2018an aurkeztu zizueten familiari, zure urtebetetze egun batez. Nola bizi izan zenuen?

Izugarria izan zen. Nik uste nuen bizpahiru hezurtxo aurkituko zituztela, kaxatxo batean emango zizkigutela, eta listo. Mugikor ziztrin batekin grabatu nuen momentua, eta, bat-batean, hor: oso-oso-osorik, mahai gainean jarrita... Harrigarria. Kristoren sustoa hartu nuen, ez nuen inondik inora ere espero. Lourdes Herrastik [antropologo forentseak] gelan sartu baino lehen abisatu egin zigun: «Ez beldurtu, e...».

Eta iaz zure birraitonaren istorioa ezagutzeko bidaia bat abiatu zenuen zure aitarekin batera, Burgosera. Gogorra izango zen, noski, baina irudietan aita pozik agertzen da, eroso.

Oso ondo pasatu zuen. Eta beldurra nuen, e, nire aitak eta biok asko eztabaidatzen baitugu.

Bai? Ez du ematen.

Ez du ematen, muntatzea da eta! Ez, baina, egia esan, filmaketa zoragarria izan zen. Hamar egun egin genituen Burgosen, eta oso erraz joan zen dena.

«Nik nahi dudana da pelikula hau 30 urtetik beherako gazteek ikustea, erromantizatu direlako diskurtso batzuk... Familia abertzaleetatik datozen gazteek ere sinetsi egin dute Voxek sare sozialetan zabaldu duen diskurtsoa»

Zure aitak ultraeskuinaren afera aipatzen du momentu batean, Voxek gobernatzen duen herri batean egon ondotik. Dio gaurdaino hemen Euskal Herrian afera hori kontrolatua dagoela.

Nik uste kontrolatuta dagoela zioela batez ere hemen jendeak ez duelako ultraeskuina bozkatzen. «Kontrolatua daukagu, gauzak egiten ditugulako», dio. Grebak egiten dira, erresistentzia hori nabarmena da, eta erresistentzia horrek ikusgarritasuna du, gainera. Baina ni obsesionatuta nago pelikula hau gazteek ikus behar duten ideiarekin.

Zergatik?

Nik nahi dudana da pelikula hau 30 urtetik beherako gazteek ikustea, erromantizatu direlako diskurtso batzuk... Familia abertzaleetatik datozen gazteek ere sinetsi egin dute Voxek sare sozialetan zabaldu duen diskurtsoa: «Sor dezagun arerio bat», eta arerioa da kanpotik datorrena. Gezurra dirudi, baina urtebeteren bueltan gauzak aldatu egin dira.

«Familia etorkina eduki izanaren pisua izan dugu, gu euskaldun aterata ere, eta lotsa puntu bat ere sentitu izan dut, batez ere nerabe nintzenean. Min hori desblokeatzeko modu bat izan da Burgosera eginiko bidaia»

Migrazioaren eta euskararen arteko harremanari ere heldu diozu filmean.

Nire lanketa pertsonal batetik abiatu naiz. Ez dakit irakurri duzun Jon Maiaren liburua [Riomundo, Txalaparta, 2005]; berari ere antzeko zerbait gertatu zitzaion. Familia etorkina eduki izanaren pisua izan dugu, gu euskaldun sentituta ere. Euskaldun puru ez izatearen zama. Eta lotsa puntu bat ere sentitu izan dut, batez ere nerabe nintzenean —ez dakit nire anaiari gauza bera pasatu izan zaion, galdetu beharko diot—. Min hori desblokeatzeko modu bat izan da Burgosera eginiko bidaia, aitortza egiteko modu bat: bai, familia immigrante batetik nator, baina, beste hainbat familietan gertatu den bezala, niretzat izugarrizko garaipena da gure familiaren istorioa. Integrazio arrakastatsu baten adibidea gara. Eta lotsa harrotasun bihurtu dut.

Zure aitak ere heldua zela ikasi zuen euskara.

Argi nuen dokumentalean horri buruzko eszena bat egongo zela, baina aitak zapuztu egin zuen [parrez]. Ez zuen jolastu nahi izan! Baina buelta eman nion gidoiari, eta beste modu batean sartu nuen azkenean.

Akaso euskara ez, baina ateo eta ezkertiar izatearena ondare moduan jaso duzue birraitonarengandik.

Kasik nahigabe. Eta hori ere izan da asmoa: berari kontatzea berak bizi ez zuena, galdu zuena. Birraitonak ez daki gerraostea nolakoa izan zen, ez daki bere semeek atxilotuta egonik heriotza zigorrak jaso zituztela, ez daki bere alabek Frantziara ospa egin behar izan zutela —bere alaba guztiak anarkistak izan ziren, nire amona izan ezik—, ez daki gaur egun zenbat senide dauzkan... Hori dena kontatu nahi izan diot filmean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA