Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Zumarraga, adibidez

2026ko apirilaren 12a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan ginen kontzertu bat ikustera Azkoitira, eta gure Urolako lagunek galdetu ziguten ea nondik gentozen. Zumarragatik, guk. «A, Txusmarraga!». Zumarraga esango nion, baina Zumarraga diodanean Zumarraga-Urretxu esan nahi dut. Goierritar askorentzat Zumarragara joatea ospitalera joatea da, ez bide dago aukera askoz gehiagorik. Esan izan didate: «Zumarragakoa eta euskaraz, e?». Edo «Urretxukoa izango zara». Ba ez, Zumarragakoa naiz, Antzuolako lagun batek esan ohi didan moduan, «Zumarranua». Legazpiarrek hobeto ezagutzen gaituzte, guk haiek ere bai, denon kalterako igual. 

Ingurukoen aldean erdaldunagoa den herri industriala izatearen kontuak. Bada autoestimu handiko herririk, gurea ez da horietako bat. Ikasi dut herria balioesten ordea, harrokeriarik gabe harrotasun pixka bat izaten. Ni Zumarragakoa naiz, hala da Gorka Erostarbe, Urretxukoa da Antton Iturbe. Zenbat urtez aritu da gure herriotako norbait Bi ahotsetara atalean? 

Ez dut uste kasualitatea denik. The Hots Dogs! ikusten Jon Iturbek masaila miazkatu zidan behin, egon naiz Zarraparrazen kontzertuetan, joan naiz gaztetxera eta topatu dut Minutemen bozgorailuetan, aritu naiz gaztetxe zaharreko kulturetekin hitz-aspertuan, inguruotako bertso saltsarik interesgarriena ezagutu dut, rap mugimendu indartsu bat ere bai, irrati libre baten ateak irekita topatu ditut, jaialdi txikiak antolatzeko aukera izan dut, emanaldi esperimentalez gozatu dut astegunetan, trikitixari eta panderoari jarraitu diet tabernaz taberna. Batez ere, bazterrak nahasteko gogoz zegoen jendea izan dut inguruan. 

Hauspoa & Tunela izeneko dokumentala egin dute berriki, trenak trikitia gurera nola ekarri zuen azaltzen duena. Trena, lana, bidegurutzea; horiexek Zumarragaren identitatearen zutabeak, hala azaldu zuten Madrilgo Fitur turismo azokan. Joseba Tapia agertzen da filmean, eta berak esana da: «Udaletxeek, antza, nahiago dute promotoreekin lan egin, herriko gazteekin baino […]. Antolatzaileak ziren lehen, kontsumitzaile orain, turistak bailiran. Ordainetan, papeleo, kontratu eta fakturen mundura bota gaituzte». Herriotan gauzak antolatu nahian dabiltzanei entzun izan diet kexa bera: burokrazia, zailtasunak, papeleoa.

Ez dakit bestela ikus gaitzaten lortuko dugun, ezta autoestimu handituko zaigun ere. Zer den hauspoa, zer tunela, hori ere ez dut oso argi. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA