Libano hegoaldea husteko agindu du Israelek
* Israelgo tropak Libano hegoaldean sartu dira eta hamar kilometroko eremua hartu dute.
* Eskualde osora zabaldu dira aire erasoak eta Hezbollahk ere Israelen aurkako erasoaldia hasi du.
* Ormuzeko itsasartea itxi du Iranek.
* Analisia. Mikel Rodriguez: 'Giltza kutxaren sarrailan sartuta'.
Iran: «Mundu islamiar osoaren aurkako eraso bat da»
Esmail Baqaei Irango Atzerri ministerioko bozeramaileak nabarmendu du «harreman ona» desio dutela Ekialde Hurbileko herrialde guztiekin eta bere erasoen helburua inguruko AEBetako azpiegitura militarrak direla. Ez da herrialdi horiei bidali dien mezu bakarra: «Jakin behar dute gerra hau ez dela soilik Iranen aurkakoa, baizik eta eskualde eta mundu islamiarraren aurkakoa». Era berean, gaineratu du begi onez ikusten dituela Omanek «eta inguruko beste herrialde batzuk» hasi dituzten prozesu diplomatikoak.
Espainiak Trumpi erantzun dio Europarekin sinaturiko akordioak errespetatu behar dituela
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak agerraldi publikoa egingo du bihar Donald Trumpi erantzuteko. Hala ere, bere gobernuak dagoeneko aurreratu du AEBek Europako Batasunarekin sinaturiko akordioak, «enpresa pribatuen autonomia» eta nazioarteko legedia errespetatu behar dituela. Hego Euskal Herriko enpresa askok harreman estua dute AEBekin, eta iaz Bilboko portuak jasotako inportazioen %19 handik iritsi ziren. Beste edozein herrialdetik baino gehiago izan ziren, eta batez ere gas naturala.
Espainiarekin merkataritza oro eteteko agindu du Trumpek
AEBek Espainiarekin duten merkataritza oro eteteko agindu Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. «Espainia tamalgarri jokatzen ari da», salatu du, eta aldarrikatu du harekin harreman oro eteteko ahalmena baduela: «Espainiarekin zerikusia duen orori enbargua ezartzeko eskubidea dut». Espainiako Gobernuak bere lurreko base militarrak erabiltzea debekatu die AEBei, eta erabaki horri emaniko erantzuna da. Ikusi beharko da noraino eramaten duen mehatxua eta nola eragingo dien AEBekin harremana duten euskal enpresei.
Etxe Zurian egin duen agerraldian, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak esan du Iranen gerta daitekeen okerrena zera dela: Ali Khamenei lider goren ohia «bezain gaiztoa» den agintari batek herrialdearen gidaritza hartzea. Kazetariek galdetu diote ea Reza Pahlavi Irango azken xaharen oinordekoa aukera ona izango litzatekeen. «Batzuek gustuko dute», adierazi du Trumpek, baina uste du komenigarriagoa dela jada Iranen dagoen baten batek agintzea. Pahlavi AEBetan bizi da, erbesteratuta, iraultza islamiarraren ondoren Xaharen Iran 1979an desagertu eta gero.
Trumpek esan du balitekeela hark Israel «behartu» izana erasoaldia hastera
Kazetariek Donald Trumpi galdetu die ea Israelek Washington behartu ote zuen Iranen kontrako erasoaldian parte hartzeko: «Ez, baliteke nik haiek behartu izana», erantzun du Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Etxe Zurian. Argudiatu du Irango «zoroekin» ari zirela negoziatzen Teheranen programa nuklearraz, eta uste zuela haiek izango zirela lehenak erasoren bat egiten. «Ezustean harrapatu genituen», erantsi du Trumpek. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak hori ezeztatu du gaur, Teheranek ez zuela asmorik eraso egiten lehena izateko.
Jaurlaritzak 45 euskal herritar lokalizatu ditu Ekialde Hurbilean
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunak jakinarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 45 herritar lokalizatuta dituztela Ekialde Hurbilean, «egonkor» daudela eskualdeko egoera «larria» gorabehera, eta horietako hiruk eguerdian hartu dutela hegazkin bat Abu Dhabin, Madrilerantz. Zehaztu du euskal herritar horiek Qatarren, Arabiar Emirerri Batuetan, Saudi Arabian eta Kuwaiten daudela; besteak beste, langileak, turistak eta beste noranzkoetara zihoazen bidaiariak dira.
Netanyahu: «Iran gogor bonbardatzen jarraitzen dugu»
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du iran «gogor bonbardatzen» jarraitzen dutela, eta Hezbollah Libanoko talde xiitak «akats larria» egin zuela Israeli eraso egitea erabaki zuenean: «Indarrez erantzun diogu, eta are indar handiagoarekin erantzungo diegu», esan du Israelgo armadaren aire base batean egin duen agerraldian, haren bulegoak kaleratutako ohar batean jakinarazi duenez.
IAEAk esan du Iranek ez duela arma nuklearrak egiteko programarik
IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko zuzendari nagusi Rafael Grossik esan du, AEBen eta Israelen ohartarazpenak gorabehera, Iranen ez dutela atzeman «arma nuklearrak fabrikatzeko programarik». AEBetako NBC kateari egindako adierazpenetan, baieztatu du Teheranek %60 aberastutako uranioa duela, eta erreserba horrek «kezkak» eragiten dituela, ez baitago horrelakorik edukitzeko «arrazoi argirik». Grossiren hitzetan, material hori nahikoa izango litzateke arma nuklearrak garatzeari ekiteko: «Baina ba al dute horrelakorik? Ez».
Israelek Irango Adituen Batzarraren egoitza bonbardatu du
Israelek Irango Adituen Batzarraren egoitza bonbardatu du Qom hirian, herrialdeko hedabideek kaleratu dutenez. Organo horretako 88 klerikok dute hurrengo lider gorena aukeratzeko ardura, Ali Khamenei joan den larunbatean hil ondotik; Ali Moallemi Adituen Batzarreko kideak gaur jakinarazi du prozesuak ez duela luze joko, Xafaq albisten agentziak jaso duenez.
Ordura arte hiruko batek ordezkatuko du Khamenei: Masud Pezexkian herrialdeko presidenteak, Botere Judizialaren buru Gholamhossein Mohseni Ejeik, eta Alireza Arifi juristak, Konstituzioaren Zaintzaileen Kontseiluko kideak.
حملات هوایی به ساختمان خبرگان در میدان رسالت #قم pic.twitter.com/bkK5bTV1Y5
— ائتلاف ۱۰ ꪜ 👀 (@etelaf10) March 3, 2026
Azken bi egunetan 40 pertsona hil ditu Israelek Libanon
Azken bi egunotan, Israelek gogor egin die eraso Libano hegoaldeari eta Beiruti. Bada, Libanoko Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, denbora horretan gutxienez 40 pertsona hil dira eraso horien ondorioz, eta 246 baino gehiago zauritu.
Zazpi zauritu Iranek Israelen aurka egindako bi erasotan
Bataren eta bestearen erasoek ez dute etenik, eta aldian-aldian bonben hotsak entzuten dira bai Iranen, bai Israelen. Israelgo zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, gutxienez zazpi pertsona zauritu dira Iranek Tel Aviven eta ekialdeko Rosh HaAyin herriaren aurka egindako bonbardaketetan.
Irango azken xahren oinordekoak «erregimenaren aurkako erresistentzia» babesteko deia egin die kurduei
Irango azken xahren oinordeko Reza Pahlavik «erregimenaren aurkako erresistentzia» babesteko eta horretan parte hartzeko deia egin die herrialdeko gutxiengo etnikoei eta komunitateei, hala nola kurduei. Pahlavi AEBetan bizi da erbesteratua, eta X sare sozialaren bidez egin du deialdia. «Erregimenaren gainbeheraren atezuan gaude, baina tentuz jokatu behar dugu. Nazio guztiak borrokara batuz gero, etorkizun oparo bat izango da zuentzat eta iraniar guztiontzat».
Trump: «Haiek hitz egin nahi zuten; beranduegi zela esan nien»
AEBetako presidente Donald Trumpek Iranen eta hango agintarien aurkako mezu bat zabaldu du bere sare sozial Truth Socialen: «Haiek [Irango agintariek] hitz egin nahi zuten; beranduegi zela esan nien». Halaber, gehitu du suntsitu egin dituztela Irango agintaritza, aire bidezko defentsa sistema eta azpiegitura militarrak.
Israelek Libano hegoaldeko 83 herri husteko agindua eman du
Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeek Libano hegoaldean ebakuatu beharreko hirien eta herrixken zerrenda osoa zabaldu du, sare sozialen bidez; denera, 83 herri husteko agindua eman du. Eremu horietako biztanleei eskatu die gutxienez 1.000 metro urruntzeko.
Iranen arabera, Khameneik Teheranen geratzea erabaki zuen, arriskuaren jakitun izanda ere
Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Ismail Baghaeik esan duenez, Ali Khamenei Irango aiatola eta lider gorenak Teheranen geratzea erabaki zuen, nahiz eta horrek ekar ziezaiokeen arriskuaren jakitun izan. «Nahita hartutako erabaki bat izan zen», adierazi du, eta gehitu: «Ez zen segurtasun arloko akats bat izan, bere bizia eman zuen Iranen alde; eta lezio handi bat gu guztioi. Izan ere, liderrak hiltzen edo atxilotuak izaten azkenak izan ohi dira, baina gure liderra gu baino lehen joan zen». Israelek Khameneiren egoitza nagusia bonbardatu zuen larunbatean —AEBen babes osoarekin—, eta Iranek igandean baieztatu zuen haren heriotza.