Eskualde osora zabaldu da gerra Ekialde Hurbilean

Hezbollahk hiru misil jaurti ditu Israel iparraldera, eta Israelgo armadak gogor erantzun du: 31 pertsona hil ditu bonbardaketetan. Irango Gurutze Gorriak jakinarazi du dagoeneko 555 lagun hil direla AEBek eta Israelek Iranen abiatutako erasoaldian.

Israelek bonbardatutako eraikin bat Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE
Israelek bonbardatutako eraikin bat Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko martxoaren 2a
08:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hezbollahk Israel bonbardatu du gaur goizaldean, eta, eraso horrekin batera, eskualde osora zabaldu da, dagoeneko, Ekialde Hurbileko gerra. Milizia xiitak hiru misil jaurti ditu Israel iparraldera, Israelek Ali Khamenei Irango buruzagi gorena hil ostean. Ez dute hildakorik edo zauriturik eragin, baina Eyal Zamir Israelgo armadako buruak jakinarazi du Hezbollahk «garesti» ordainduko duela egindako erasoa. Berehala iritsi da Israelen erantzuna: armadak Beirut eta herrialdearen hegoaldea bonbardatu du. Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 31 pertsona hil dira erasoan, eta gutxienez 149 zauritu. Irango Gurutze Gorriak, berriz, jakinarazi du jada 555 pertsona hil direla Irango erasoaldian, eta iturri ofizialen arabera, Irango 130 gune inguru bonbardatu dituzte AEBek eta Israelek.

Hezbollahk ohar baten bidez adierazi duenez, Ali Khameneiren heriotza mendekatzeko eraso dio Israeli, baita Libano «defendatzeko» ere: «Israelek ezin du eraso egiten jarraitu. Dagoeneko hamabost hilabete daramatza Libano bonbardatzen, inork hura geldiarazteko eta Libanoko lurralde okupatuetatik erretiratzeko ohartarazpenik egin gabe. Erantzun hau bidezko defentsa ekintza bat izan da».

Iragan ekainean, AEBek eta Israelek Iran bonbardatu zutenean —Hamabi eguneko gerra deitu zitzaion—, Hezbollahk ez zuen parte hartu. Oraingoan, ordea, Libanoko Gobernuak kontrakoa eskatu arren, erasoaldia abiatu du. Libanoko presidente Joseph Aounek egoera gaitzetsi du azken orduetan. Bien aurka egin du Aounek, Israelen zein milizia xiitaren aurka, Libano «zerikusirik ez daukan gerra batean» sarrarazi dutelako. Gainera, egoera ikusita, herritar ugari Libanotik ihesi ateratzen ari dira, gatazkak okerrera egin dezakeen beldur. Horren ondorioz, auto ilara luzeak sortu dira herrialdetik irteteko errepideetan.

Era berean, Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak Israelek Libanon abiatutako erasoaldia gaitzetsi du, eta ohartarazi egoera horrek nazioarteko bakea arriskuan jarri duela.

Tel Avivek, berriz, jakinarazi du erasoa ez duela bere buruaren defentsan soilik egin; «erasoari ere ekin diogu», adierazi du Zamirrek. «Borroka egun luzeak ditugu zain, eta prest egon behar dugu», gaineratu du. Era berean, Hussein Makled hil duela esan du Tel Avivek, Hezbollah-ren zerbitzu sektretuaren kuartel nagusiaren burua. Eta Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek erantsi du Hezbollahko idazkari nagusi Naim Qassem dela «ezabatzeko helburu nagusietako bat». Gogorarazi beharra dago Qassem irailean iritsi zela milizia xiitaren agintera, Israelek haren aurreko idazkari nagusi Hassan Nasrallah hil ostean. 

Horrez gain, Teheranek gaur goizean jakinarazi du Irango presidente Masud Pezexkianek jarduneko Defentsa ministro berria izendatu duela: Majid Ebnelreza Irango Guardia Iraultzaileko jenerala. Haren aurreko Defentsa Ministro Aziz Nasirzadeh Ali Khamenei hil zuten eraso berean hil zuten iragan larunbatean Israelek eta AEBek.

Erasoei dagokienez, Washingtonek jakinarazi du Kuwaitek AEBetako armadaren zenbait gerra hegazkin eraitsi dituela azken orduetan, «nahastuta». Kuwaiteko Defentsa Ministerioak gaineratu du bertan erori direla hegazkin horiek, eta tripulazio guztia bizirik irten dela adierazi. «Kuwaitek gertakari hau onartu du, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu bertako defentsa indarrei, egindako ahaleginagatik eta operazio honetan emandako laguntzagatik», idatzi du Washingtonek ohar batean. Bestalde, AEBek gaur goizean jakinarazi dute larunbatean Iran bonbardatzen hasi zirenetik gaur arte AEBetako armadako lau kide hil direla. 

100.000

Israelgo armadak zenbat erreserbista deitu dituen soldadutzara. Israelgo armadak 100.000 erreserbista inguru deitu ditu soldadutzara, Israelgo estatu indarren ofizial Effrie Defrinek jakinarazi duenez. Helburua zera da: Siriako eta Libanoko «mugak defendatzea» eta «kontrolari eustea» Gazan eta Zisjordanian. «Defentsarako ondo prestatuta gaude. Hamarnaka batailoi eta brigada dauzkagu», adierazi du Defrinek. «Herrialdearen iparraldean bizi diren herritarrei mintzo natzaie. Zuekin gaude, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu zuek defendatzeko».

AEBekin lotuta, Donald Trump AEBetako presidenteak atzo The Atlantic hedabideari emandako elkarrizketa batean zehaztu zuenez, «Irango buruzagitza berriak» hitz egiteko prest dagoela esan dio, eta bera ere prest dago hitz egiteko. Bada, Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkariak hori gezurra dela esan du gaur goizaldean, X sare sozialean. Alde batetik, esan du Iranek ez duela AEBekin negoziatzeko asmorik, eta Iran «bere burua defendatzen» ari dela. Gainera, Larijanik gogorarazi du «gerra» ez dutela Irango estatu indarrek abiatu, eta ondorioak «AEBetako soldaduek eta haien familiek» jasango dituztela.

Bestalde, Saudi Arabiak, Kuwaitek, Bahreinek, Qatarrek, Jordaniak eta Arabiar Emirerri Batuek ohar bateratu bat argitaratu dute AEBekin batera, Iranek eskualde osoan egin dituen erasoak gaitzetsiz. Haien esanetan Iranen erasoak «ez dauka inolako justifikaziorik», eta Teheranen jokabideak eskualde osoaren «egonkortasuna» mehatxatzen du. Era berean, beren burua defendatzeko eskubidea daukatela berretsi dute.

Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek, berriz, babesa eta elkartasuna adierazi die Iranek eraso egin dien herrialdeei, eta Irani «aurre egiteko prest» agertu da, herrialde horiek defendatze aldera. Atzo gauean ere gauza bera esan zuten herrialdeko presidente Emmanuel Macronek, Alemaniako kantziler Friedrich Mertzek eta Britania Handiko lehen ministro Keir Starmerrek. Ohar bateratu bat argitaratu zuten, eta Iranen «tamainako defentsa ekintzak» egiteko prest agertu ziren, Ekialde Hurbilean dituzten interesak defendatzeko. «Iranen erasoek gure gertuko aliatuak seinalatu dituzte, eta gure zerbitzuko langileak mehatxatzen ari dira, baita bertan dauden gure herrialdeetako zibilak ere», adierazi zuten oharrean.

Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko zuzendari nagusi Rafael Grossik ere agerraldi bat egin du gaur, Vienan. Egoeraren larritasuna dela eta, ezohiko bilera bat deitu du erakundeko zuzendariak, eta biltzarra egin aurretik agerraldi bat egin du. Bertan, baztertu egin du Irango instalazio nuklearrei inolako erasorik egin diotenik, edo bertan nolabaiteko kalterik eragin dutenik, oraingoz behintzat. Era berean, «euste neurriak» hartzeko eskatu die bi aldeei, indarkeria areagotu ez dadin. Gaineratu duenez, Iranen energia nuklearra arautzen duten agintariekin harremanetan jartzen saiatu da erakundea, baina adierazi du oraingoz ez dutela erantzunik jaso. Hala ere, esan du oraingoz ez dutela antzeman erradiazioaren igoerarik, edo ez «balio normalen gainetik», bederen.

Erasoa Zipren

Europar Batasuneko herrialde batek ere jasan ditu Ekialde Hurbilean azken egunetan abiatu den gerraren ondorioak. Zipreko presidente Nikos Jristodoulidesek jakinarazi du drone batekin eraso egin diotela bart Britania Handiak Akrotiri hirian daukan base militarrari. Adierazi duenez, «kalte arinak» besterik ez ditu jasan eraikinak, eta gaineratu du Ziprek ez duela inolako operazio militarretan parte hartzeko asmorik. «Irtenbidearen parte izango gara beti, eta ez arazoaren parte», adierazi du.

Erasoa gauzatu baino ordubete lehenago jakinarazi du Starmerrek AEBei baimena eman diela bere base militarrak erabiltzeko, Iranen egiten ari den erasoaldiari jarraitu diezaion. Gaur-gaurkoz, inork ez du erasoaldia bere gain hartu. Bestalde, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak «zalantzarik gabeko babes irmoa» helarazi dio Zipreko gobernuari, X sare sozialaren bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.