Israelek berriz eraso die Teherani eta Beiruti, eta tropa gehiago zabaldu ditu Libano hegoaldean

Hezbollahrekin 2024ko azaroan tregoa bat adostu zuenetik, Tel Avivek aurrenekoz areagotu du Libanon duen presentzia militarra. IAEAren arabera, Iranek ez du «arma nuklearrak fabrikatzeko programarik».

Azken egunetako erasoetan suntsitutako eraikin bat gaur, Teheran erdialdean. JAIME LEON / EFE
Azken egunetako erasoetan suntsitutako eraikin bat gaur, Teheran erdialdean. JAIME LEON / EFE
Maddi Iztueta Olano - Julen Otaegi Leonet - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko martxoaren 3a
09:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denbora laburrean asko hedatu da AEBek eta Israelek Iranen aurka abiatutako erasoaldia. AEBek Persiar golkoan dituzten base militarren eta Israelgo zenbait eremuren aurka egiten ari da Teheran, eta harekin bat egin du Libanoko Hezbollah milizia xiitak, Israel bonbardatzeari ekin baitzion atzo. Hala, eskualde osora zabaldu dira aire erasoak, eta Israelek abagunea probestu du Libano hegoaldean, mugan, tropa gehiago zabaltzeko. Horixe jakinarazi du gaur Israelgo armadak, «defentsarako operazio bat» dela argudiatuta. Gainera, bonbardaketak egin ditu gaur ere Libanoko hiriburuan, baita Irangoan ere.

Benjamin Netanyahu lehen ministroak gainera ez du bonbardaketak eteteko asmorik: «Iran gogor bonbardatzen jarraitzen dugu. Gure pilotuak Irango zeruan dabiltza, baita Libanokoan ere. Hezbollahk akats larria egin du guri eraso eginda; indarrez erantzun diogu, eta are indar handiagoz erantzungo diegu», adierazi du gaur bere bulegoak zabaldutako ohar batean. 

Gazako sarraskiaren harira, Libanoko milizia xiitak eta Tel Avivek menia bat hitzartu zuten 2024ko azaroan; ordutik, tropa kopuru mugatu bat baino ez du eduki Israelek Libanon: bi herrialdeen arteko mugan, bost lekutan. Libanoko Orient-Le Jour egunkariak jakinarazi duenez, Israelek tankeak eta hondeamakinak sartu ditu herrialdean, eta tiro hotsak entzun dira gauean.

Israelgo armadaren arabera, «segurtasun geruza bat» eratzea da helburua, eta ohartarazi du Hezbollahren erabakia izan dela Iranen izenean jardutea eta erasoaldian sartzea; eta, hortaz, «bere ekintzen ondorio guztiak» onartu beharko dituela. Azken bi egunotan, Israelek gogor egin die eraso Libano hegoaldeari eta Beiruti. Bada, Libanoko Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, denbora horretan gutxienez 40 pertsona hil dira eraso horien ondorioz, eta 246 baino gehiago zauritu. Gaur Libano hegoaldeko 83 herri husteko agindua eman du Israelgo armadak.

Egunetik egunera gehiago korapilatzen ari da AEBen eta Israelen operazio militarra. Azken orduetan, Israelek Irango presidentetzaren egoitza eta Segurtasun Nazionalerako Batzorde Gorenaren eraikina bonbardatu ditu, Teheran erdialdean. Horrez gain, «erregimenaren oinarrizko azpiegiturak eta entrenamendu militarrerako guneak» ere bonbardatu dituztela jakinarazi du Israelgo armadak. Besteak beste, Adituen Batzarraren egoitza ere bonbardatu du Qom hirian. Organo horretako 88 klerikok dute hurrengo lider gorena aukeratzeko ardura. Irango Ilargi Gorriak emandako azken datuen arabera, larunbatetik 787 pertsonatik gora hil dituzte herrialdean, AEBen eta Israelen erasoen ondorioz. 

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko zuzendari nagusi Rafael Grossik esan du, AEBen eta Israelen ohartarazpenak gorabehera, Iranen ez dutela atzeman «arma nuklearrak fabrikatzeko programarik». AEBetako NBC kateari egindako adierazpenetan, baieztatu du Teheranek %60 aberastutako uranioa duela, eta erreserba horrek «kezkak» eragiten dituela, ez baitago horrelakorik edukitzeko «arrazoi argirik». Grossiren hitzetan, material hori nahikoa izango litzateke arma nuklearrak garatzeari ekiteko: «Baina ba al dute horrelakorik? Ez».

Iranen erantzuna

AEBen eta Israelen erasoei erantzun egin die gaur ere Iranek. Teheranek gutxienez zazpi pertsona zauritu ditu Tel Aviven eta Rosh Haayin herriaren (Israel) aurka egindako erasoetan; AEBek Riaden eta Dubain dituzten enbaxadak bonbardatu ditu, eta Omango bi portutan erasoak egin ditu droneekin. Gainera, Iranen aldeko Irakeko milizia batek Washingtonek Arbilen (Kurdistan) duen base militarrari eraso dio.

Washingtonek itxi egin ditu Saudi Arabian, Omanen eta Libanon dituen enbaxadak. Eta AEBetako armadak Irango Guardia Iraultzaileko bost kide hil ditu gaur beren azpiegitura militar baten kontra egindako eraso batean. Baina, azken egunetako erasoetan AEBetako soldaduak ere hil dira. Washingtonek gaur aitortu du herenegun sei militar hil zirela Kuwaiten, Iranek AEBek herrialde horretan duten base militarrari egindako erasoan.

Irango drone batek Europako Batasuneko herrialde batean ere eragin zituen kalteak atzo: Zipren Britainia Handiak duen base militar bat jo zuen drone batek. Hori dela eta, Londresek destruktore bat eta hainbat helikoptero bidali ditu Mediterraneoko uharte horretara. Frantziak ere jakinarazi du Charles de Gaulle hegazkiontzia —duen bakarra—, droneen eta misilen aurkako sistemak eta fragata bat bidaltzekoa dela, eta Greziak ere fragatak eta gerra hegazkinak bidaliko ditu. Europako Batzordeko bozeramaile Paula Pinhok azaldu du Ziprek ez duela eskatu elkar babesteko klausula aktibatzeko. Klausula horren arabera, estatu kide bati eraso eginez gero, EBko gainerako estatuek erasoa jasa duena defendatzeko betebeharra dute.

desplazatu gehiago ezin hartuz gelditzeko arriskuaz ohartarazi du UNHCR-k

Lehen ere egoera konplexua zen, eta are eta gehiago zaildu da AEBek eta Israelek Irani egindako erasoen ostean. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak gaur ohartarazi du Ekialde Hurbilak desplazatu gehiago ezin hartuz gelditzeko arriskua duela. Jakinarazi du Iran dela munduan errefuxiatu gehien hartzen duten herrialdeetako bat; egun 1,6 milioi errefuxiatu inguru daudela aipatu du, batez ere Afganistandik ihes egindakoak. Azken egunetako gertaerek are eta desplazamendu gehiago eragin ditzaketela gaineratu du. Halere, gaur-gaurkoz ez dute mugimendu gehiago nabaritu Irango mugetan; bai, ordea, Libanoko hegoaldean.

 

Gatazka hartzen ari den norabidea ikusita, ziurgabetasuna da nagusi, eta erasoak eskualdetik harago zabalduko ote diren kezka gero eta nabariagoa da nazioartean. Horren inguruan galdetu diote, hain justu, Netanyahuri, AEBetako Fox News telebista katean, eta honela erantzun du hark: «Litekeena da Iranen aurkako ofentsibak luze irautea, baina ez da urteetako gerra amaigabe bat izango; ekintza azkarrak eta eraginkorrak egingo ditugu».

Irango Defentsa Ministerioak, ordea, esan du gaitasuna dutela erasoa jasateko eta erantzuten jarraitzeko, «etsaiek» espero dutena baino gehiago: «Gure asmoa ez da puntako armak eta ekipamendua lehenbiziko egunean erabiltzea», esan du ministerioko bozeramaileak, IRNA agentziak jaso duenez.

Erasoaldia amaitzeko baldintza gisa, Washingtonek negoziazioetarako gonbita egin zion Teherani, nahiz eta AEBek eraso egin baino lehen dagoeneko abian zeuden Iranen programa nuklearrari buruzko elkarrizketak. Iranek, ordea, ez dauka AEBekin gehiago hitz egiteko asmorik, Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkariak atzo adierazi zuenez. Eta Trumpek gaur adierazi duenez, Etxe Zuriak ere ez du negoziazioetarako asmorik: «Haiek [Irango agintariek] hitz egin nahi zuten; beranduegi zela esan nien», idatzi du Truth bere sare sozialean.

58.000

Zenbat desplazatu dauden Libanon. Israelen eta Hezbollahren arteko borrokak hasi ziren atzo Libanon, eta, horrek, jada, 58.000 barne desplazatu inguru eragin ditu herrialdean. Hori jakinarazi du Libanoko Gobernuak gaur, ohar batean.

AEBek eta Israelek eraso egiten segituz gero Ormuzko itsasartea itxiko duela egin du mehatxu Teheranek, eta, Irango Guardia Iraultzaileak gaur jakinarazi duenez, bete dute esandakoa: itxi egin dute nabigazio ibilbide hori. Munduko petrolio guztiaren %20 igarotzen da hortik.

«Erregimen aldaketa»

Iranen «erregimen aldaketa bat» eragin nahi izatea egotzi die Txinak AEBei eta Israeli. Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Mao Ningek egin ditu adierazpen horiek, goizean emandako prentsaurreko batean, eta nabarmendu du AEBen eta Israelen ofentsibak «urratu» egiten dituela nazioarteko zuzenbidea eta nazioarteko harremanen «oinarrizko arauak». Gatazkaren harira, hiru pauso emateko deia egin du: operazio militarrak berehala etetea, negoziazioak eta eztabaidak berriz abiatzea eta aldebakarrez hartzen diren erabakiei kargu hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!