Eguraldiak badu bere ironia. Izan ere, Solaria enpresak bultzatzen dituen instalazio fotovoltaikoen aurkako alegazioak aurkezteko Eusko Jaurlaritzaren aurrean bildu diren plataforma eta elkarteek aurre egin behar izan diote gaur azken asteetako egunik hotz eta euritsuenari, Gasteizen. Euritik babesteko aterki beltzak ziren nagusi Araba ez dago salgai zioen pankartaren atzean, hileta bat balitz bezala, eta aktibistek ekarri duten atrezzoak lagun egin dio hiletaren irudi horri: plastikozko hilarriak ekarri dituzte, energia berriztagarrien makroproiektuek eragingo luketen lurren «heriotza» iragartzeko. Labraza ageri da batean, Zierbena bestean. Hain zuzen ere, Zierbena Solar izeneko hemeretzi proiektuen aurkako alegazioak aurkezteko bildu dira elkarteak, halakoak aurkezteko azken egunean. Kanpaina luze baten ostean, 7.200 bildu dituzte.
Bertaratu direnetako batzuek garezurren gisako maskarak daramatzate, beste behin ere, «makrozentral fotovoltaiko» horiek lurraldeari ekarriko lioketen kaltea sinbolizatuz. Energia berriztagarria sortzeko Solariak bultzatzen dituen instalazioak, eta azken urteetan Arabako lurraldean nagusitu diren proiektuak, «espekulazio hutsaren» ondorio direla uste dute bildutako eragileek, eta Zierbena Solar geldiarazteko eskatu dute. Zierbena Solarrek Gaubea, Kuartango, Erriberagoitia, Iruña Oka, Lantaron, Erriberabeitia, Armiñon, Berantevilla, Zanbrana, Zigoitia, Zuia, Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia udalerriei eragingo lieke, baina Araba osoko 26 elkartek egin dute bat kanpainarekin.
Legez kanpoko zatikatzea
Araba Bizirik elkarteko Mati Iturraldek azaldu duenez, «gure borroka ez da apeta bat: etorkizuneko belaunaldiekin dugun konpromisoa da, bizitzeko moduko lurralde bat uzteko konpromisoa». Hain zuzen ere, eragileek salatu dute Zierbena Solar bezalako proiektuek eragin «oso larria» izango luketela Arabako landa eremuko bizibidean, «nekazaritza lurzoru emankorren eta herri lurren atzera-bueltarik gabeko galera» ekarriko bailukete instalazio fotovoltaikoek, eta horrek arriskuan jarriko bailuke nekazari eta abeltzainen bizibidea. Hori dela eta, ez da harritzekoa lehen sektoreko Uaga eta Ataca elkarteak egotea deitzaileen artean.
Dena dela, ez da hori Zierbena Solarren aurka alegazio kanpainaren bultzatzaileek egin duten kritika bakarra. Haien aburuz, proiektuak «iruzur egiteko» zatikatu ditu Solariak. Aktibisten ustez, Solaria Zierbena izenpean aurkeztu diren hemeretzi proiektuek «makroproiektu handi bat» osatzen dute, eta enpresak «estatuaren esku hartzea eragozteko eta ingurumen eskakizunak murrizteko» zatikatu du hainbeste proiektu txikitan berez proiektu bakar bat dena. Gainera, proiektu horiek ingurumenean eta paisaian «eragin larriak» izango lituzketela salatu dute. Proiektuek arlo ekonomikoan «tokiko itzulerarik» ez dutela izango eta ebakuazio azpiegitura «neurriz gainekoa» dela ere salatu dute.
Manifestaziorako deia
Argudio horiek guztiak eskuan, eragile, plataforma eta tokiko erakundeek 7.200 alegazio jaso dituzte Zierbena Solarren aurka, baina, orotara, orain arte Arabako lurraldean aurkezturiko alegazioak 58.000 inguru izan dira, «makroproiektu eolikoen, fotovoltaikoen, AHTaren, Energia Berriztagarrien LAParen» eta abarren aurkakoak. Horiek gehituta, 65.100 alegazio aurkeztu dituztela nabarmendu dute erakunde deitzaileek. Horregatik osatu dute kontzentrazioan zenbaki hori bera, letra gorri handiekin.
Manifestaziorako deia ere egin dute, Makroproiekturik ez lelopean, maiatzaren 23rako. Arratsaldeko seietan irtengo da manifestazioa, Gasteizko Bilbo plazatik, eta «sostengu handia» izatea espero dute deitzaileek. Aurreko larunbatean ere izan ziren antzeko protestak Gasteizen.
Luzea da deitzaileen zerrenda: AHTrik Ez Arabako Haranak, AHTrik Ez Lautada, Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Araba Bizirik, Arabako Errioxa Bizirik, Arabako Mendiak Aske, Aramaixo Bizirik, ATACA, Biharko Lautada, Bionekazaritza, Dikerik Ez, Horrela Ez Argantzun, Horrela Ez Badaiotz, Horrela Ez Iruña Oka, Horrela Ez Kuartango, Horrela Ez Lautada, Horrela Ez Arabako Haranak, Legutio Borrokan, Por Trespuentes, Proiektu Honi Ez! (Arratzua-Ubarrundia), SOS Margarita, Slow Food Araba, UAGA, Urkabustaiz Babestuz, Zigoitia Bai eta Zuia Bidean.