«Urtebete da patronalarekin azkenekoz bildu ginela». Adibide hori jarrita azaldu du Teknikariok sindikatuaren abokatu Marta C. Dehesak ikuskizunen teknikarien sektoreko patronalaren jarrera, teknikariek gaur Gasteizen egin duten agerraldian. Langileek salatu dute EUKI enpresa elkarteak negoziatzeko borondaterik ez duela eta lan hitzarmenaren negoziazioak «erabat blokeatuta» daudela, eta erabaki dute abuztuaren 5erako, hau da, Gasteizko jaietako egun handirako deitua duten greba egunari eustea. Teknikariok, ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK eta CNT sindikatuen babesa dute beharginek.
Baldintza «duinak» eskatzen dituzte, «prekaritaterik gabeko» jaiak bizi ahal izateko. Lan egutegi eta ordutegien adibidea jarri du greba batzordeko bozeramaile Ander Tejerinak: «Patronalak, orain, eskaini du lanerako egunak eta orduak bost eguneko aurrerapenarekin jakinaraztea». Epe labur horiek emanda, langileen gainean duten «boterea» mantendu nahi dute enpresek, Tejerinaren arabera. Sektorearen «berezitasunak» eta «malgutasun beharra» onartzen badituzte ere, lanerako egunak sei aste lehenago jakitea eskatzen dute beharginek, eta orduak, bi aste lehenago.
Ikusi gehiago
Eskaintza hori «bada adostasun eskaintza aski eskuzabala», Tejerina eta Dehesaren ustez, baina patronalak uste du bost egun ematea dela eskain dezakeen «onena», eta ez du negoziatu nahi. Sindikatuek horregatik eutsi diote grebarako deialdiari. «Helburua ez da sekula izan grebara joatea, negoziazioak berriro abian jartzea baizik. Patronalaren deiaren zain gaude», laburbildu du Dehesak.
Enpresak eta udala erantzule
Gasteizko jaiei dagokienez, festetako ikuskizunak antolatzen dituzten enpresak seinalatu ditu Tejerinak. «ABS-Fluge Euskadi SM, ABS Iluminacion SM eta AudioMic Producciones SM enpresak prekaritate egoeraren erantzule dira», enpresa horiek EUKI patronalaren parte baitira, Tejerinak salatu duenez. Enpresa horiek jaso dute, hurrenez hurren, Foruen plazako, Aihotz plazako eta Probintzia plazako kontzertuen antolakuntza teknikorako adjudikazioa.
Teknikariek deitoratu dute Gasteizko jaiak «laneko esplotazioarekin eta prekaritatearekin lotuta» geratzea, enpresa horien eta erakundeen jardunaren ondorioz. Gasteizko Udala ere egon da teknikarien kritiken ituan. Izan ere, «langileek zer-nolako baldintzetan lan egiten duten kontuan hartu gabe» adjudikatzen ditu udalak kontratuak, Dehesak adierazi duenez. Kritika hori erakunde guztiei zabaldu diete, horiek baitira, zuzenean edo diru laguntza publikoen bidez, EAEko ekitaldien sustatzaile nagusiak. Ez dute «inolako kontrolik egiten», ordea, langileen lan baldintzen gainean.
Sonia Diaz de Corcuerak ostiralean egindako iradokizunari ere erantzun diote teknikariek. Kultura zinegotziak jakinarazi zuen udala aztertzen ari zela Eusko Jaurlaritzari sektorean gutxieneko zerbitzuak ezartzeko eskatzea, grebaren eragina murrizteko. Asteburuan, atzera egin du udalak, eta esan gutxieneko zerbitzurik ez duela eskatu. Nolanahi ere, teknikariek juridikoki ezinezkotzat jo dute neurri hori. «Nahiko genuke guk kultura eta ikuskizunak gizartearentzako funtsezko zerbitzua izatea! Zoritxarrez, ez daude horrela sailkatuta, eta, hortaz, ezin digute gutxieneko zerbitzurik ezarri», adierazi du Tejerinak.
Oihartzun «oso handiaren» esperoan
Datorren asteazkeneko greba egunari dagokionez, «oihartzun oso handia» espero dutela adierazi dute bozeramaileek. «300 bat langile daude grebara deituta, eta maiatzeko mobilizazioek %80ko atxikipena eragin zuten. Orain are nekatuago eta nazkatuago gaude, eta lankide gehiago batzea espero dugu», esan du Dehesak. Mobilizazio handi horiek zenbat ikuskizuni eragingo dieten zehazteko orduan, bozeramaileek ez dute datu zehatzik eman. «Ahalik eta eraginik handiena» izatea espero dutela, hori baino ez dute adierazi.
Egun osoan «informazio piketeak» egingo dituzte langileek, lankideak protestara animatzeko. Horretaz gain, mobilizazio handi baterako deia egin dute arratsaldeko seietarako. Zeledonen plazan izango da protesta, Posta eraikinaren aurrean.
Teknikarien aldarrikapenek elkartasuna eragin dute, baita jaiak antolatzeaz arduratzen diren eragileen artean ere. Gasteizko Txosna Batzordeak, GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak elkartasuna adierazi diete langileen aldarrikapenei, eta erabakita daukate bertan behera uztea erabaki zuten egun horretarako antolaturiko kontzertuak, greba eguna iritsi arte itxaron gabe. Tejerinak eta Dehesak eskerrak eman dizkiete hirurei gaurko prentsaurrekoan. Ikusteko dago grebak nola eragingo dien egun horretarako antolatuta dauden gainerako kontzertuei. Egun horretan, besteak beste, La Txama da jotzekoa Aihotz plazan, eta Leire Martinez Foruen plazan.