Asteazkenean Gasteizko udal gobernuak eta EH Bilduk iragarri zuten ados jarriak zirela Amvisa agentziaren arreta zerbitzua publiko egiteko. Neurriak, ordea, uste baino gatazka handiagoa sortu du, eta gaur ELA sindikatuak salatu du orain arte zerbitzu hori ematen zuten azpikontratako langileak ezin izan direla lantokira sartu, Amvisak galarazi egin dielako. Udalaren eta EH Bilduren arteko akordioaren arabera, zerbitzua udal langileekin beteko da hemendik aurrera, eta, hortaz, azpikontratako langileak kalean geratu.
Hori eragozteko, ELAk deia egin zuen urtarrilaren 21etik aurrera greba egiteko. Gaur bertan, ordea, langileetako bat ere ezin izan da lantokira sartu, Amvisak debekatu egin baitie. Sindikatuak «lan eskubideen urraketatzat» jo du hori, eta gogorarazi azpikontratako langileek lan gatazken historia luzea izan dutela Amvisarekin: 2024an eta 2025ean greba mugagabeak egin zituzten baldintzak hobetzeko, eta hiru langilek epaiketak dituzte martxan «legez kanpoko lagapenagatik».
Aurrekari horien harira, ELAk ondorioztatu du lanpostura sartzeko debekuak zera erakusten duela, «Amvisaren asmo bakarra plantilla amaitzea» dela, eta ostiralean jada plazaratu zuten eskaera berritu dute: azpikontratako langileak subrogatzeko, alegia. Hortaz, sindikatuak neurria adostu zuten taldeei eskatu die «euren jarrera berriz aztertzeko eta egungo langileen subrogazioa bermatzeko». Halere, aurretik izandako tirabirak kontuan hartuta, pentsatzekoa da gatazka luzarorako izatea.