Francisco Franco diktadoreari eta Emilio Mola jeneral kolpistari emandako probintziako aita titulua kentzeko prozedura abiatuko dute Arabako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek. Erakundeen esanetan, 1936an organo frankistek egindako izendapena «ez dator bat gaur egungo gizartearekin eta memoria demokratikoarekin».
Neurria atzo Gasteizen egindako omenaldian iragarri zuen Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, frankismoaren jazarpena pairatu zutenen oroimenez. Ekitaldia urtero egiten da, 1936ko irailaren 18an alderdi matxinatuek fusilatutako Teodoro Olarte —garai hartako Aldundiaren Kudeaketa Batzordeko lehendakaria— eta Arabako beste bi ahaldun gogoratzeko. Monolitoaren aurrean egindako lore eskaintzan senideek, erakundeetako ordezkariek eta herritarrek parte hartu zuten, isilunez eta txistularien doinuez lagunduta; arrosa gorri eta zuriak utzi zituzten oroigarrian.
«Arabako Foru Aldundiak konpromiso irmoa du memoria historikoa berreskuratzeko eta indarkeria bidegabearen biktima guztiak aitortzeko», nabarmendu zuen Gonzalezek: «1936ko estatu kolpearen eta diktadura frankistaren gorazarrea ez da bateragarria ez printzipio demokratikoekin, ez giza duintasunarekin».
Horren harira, ahaldun nagusiak gogora ekarri zuen Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko Legea: bertan ezartzen denez, memoria demokratikoaren eta biktimen duintasunaren aurkakotzat jotzen dira estatu kolpe frankistaren eta diktaduraren oroitzapen edo gorazarreak, bai indibidualak zein kolektiboak; baita erregimenari lagundu zioten erakunde eta unitate zibil edo militarrak ere.
Hurrengo Foru Gobernu Kontseiluan, Batzar Nagusiei zuzenduko zaien akordioa onartuko da, Francori eta Molari 1936an emandako titulua baliogabetzeko. Aldi berean, Foru Aldundiak azterketa historiko zorrotza eskatuko du, erregimen frankistaren aldeko bestelako izendapen eta sariak ere bertan behera uzteko.
Azkenik, Gonzalezek iragarri zuen ohoreen foru erregistroa arautuko dela eta sari eta tituluei dagozkien baliogabetzeak modu sistematikoan egingo direla, memoria historikoa eta printzipio demokratikoak bermatzeko.