Arabako Aldundia ur mahaiak egiten ari da udalekin, hornidura arazoei konponbidea bilatzeko

Udako lehorteak Arabako hainbat eskualdetan eragindako hornidura arazoen ostean, Zuia, Zirauntza eta Okondoko ur mahaiak bildu dira, «ur baliabideen hornidura eta babesa bermatzeko». Urkaibustaizkoa ere bilduko da datozen asteetan.

Zirauntza ibaiaren iturbura, Asparrenean. ARABAKO LAUTADAKO KUADRILLA
Zirauntza ibaiaren iturbura, Asparrenean. ARABAKO LAUTADAKO KUADRILLA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urriaren 30a
12:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udako lehorteek Araban eragindako itogin politikoa ez da oraindik xahutu. Arabako Foru Aldundiak eta lehortea jasandako udalerrietako batzuek kontrako iritziak plazaratu dituzte lehortearen inguruan. Zuiaren kasuan, esaterako, udalerria Zadorrako sare orokorrera konektatua ez egotea da ur eskasiaren arrazoi nagusia, udalaren ustez. Aldundiaren arabera, berriz, udalak hornidura sarean egindako mantentze lanen falta da erantzulea. Halako aferetan adostasunera heldu eta datozen uda sasoietan  hornidura bermatzeko, ur mahaiak ari da antolatzen Arabako Foru Aldundia tokiko erakundeekin.

«Ur baliabideen hornidura eta babesa bermatzeko ekintzak planifikatzeko» sustaturiko topaguneak dira ur mahaiak, aldundiak azaldu duenez. Administrazioen arteko koordinazioa bultzatzen da horietan, eta ur horniduraren arazoari konponbideak aurkitzeko baliatu nahi ditu aldundiak.

Aste honetan, Zirauntzako eta Okondoko ur mahaiek izan dute bilera. Zirauntzako ur mahaian, hornikuntza sistemaren diagnostikoa egin dute udalak eta aldundiak, eta hornidura arazoak konpontzeko bide posibleak aztertu dituzte.

Okondoko ur mahaia, berriz, udalari hornidura bermatzeko gauzatu nahi duen proiektua aurkezteko baliatu du foru aldundiak. Foru erakundeak azpimarratu duenez, «erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da Arabako eskualdeetan hornidura eta saneamendu sistemen jasangarritasuna eta erresilientzia bermatzeko». Hurrengo asteetan, Urkabustaizko ur mahaia ere bilduko da. Zuia ondoko udalerri horrek ere izan zituen hornidura arazoak udako lehortean zehar.  

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA