Arabako ardoaren campusaren bigarren egoitza eraikitzen hasi dira

Aurreko hilean Arabako Guardian campusaren beste egoitzaren lehen harria jarri ondoren, gaur inauguratu dituzte agintariek Gasteizko autobus geltokiaren ondoan eraikiko den bigarren egoitzaren obrak.

Imanol Pradales lehendakaria, Eda Drinks & Wine campusaren lehen harria jartzen, agintariek eta Basque Culinary Centerreko ordezkariek inguratuta. EUSKO JAURLARITZA
Imanol Pradales lehendakaria, Eda Drinks & Wine campusaren lehen harria jartzen, agintariek eta Basque Culinary Centerreko ordezkariek inguratuta. EUSKO JAURLARITZA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko otsailaren 4a
14:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAEko erakundeen bultzada handiarekin dator Eda Drinks & Wine Campus izeneko formakuntza zentroa. Horren erakusgarri, proiektu hori bultzatzen duten erakundeetako ordezkarien segizio luzea ikusi da gaur, campus horrek Gasteizen izango duen egoitzaren obren hasiera ekitaldi sinbolikoan. Aurreko hilean Guardiako (Araba) egoitzaren obrak inauguratzeko ekitaldian legez, bertan izan dira Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria. Gasteizko egoitza bataiatzeko, Maider Etxebarria hiriko alkatea eta Vicente Atxa Basque Culinary Centerreko patronatuko presidentea batu zaizkie.

Segizioaren buru, Imanol Pradales lehendakaria ere bertaratu da. Guardiako ekitaldian ere egotekoa zen arren, azkenean ezin izan zen joan, Davosko agendan korapilatuta, eta gaur egin ditu Gasteizen Arabako ardoaren campusari buruzko lehen adierazpen ofizialak. Proiektuaren helburua «Araba eta Euskadi munduko erreferente izaten jarraitzea» dela azpimarratu du Pradalesek, eta horretarako beharrezkoak diren «ezagutza aurreratua eta hori lantzen duen talentua» sortuko dituela Eda Drinks & Wine Campus goi mailako formakuntza zentroak. 

Ideia berberak aipatu ditu proiektuaren bultzatzaile nagusiko, hots, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak, eta Eda «nazioartean prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza gidatzeko asmoarekin» sortu dela adierazi du. Kontzeptu horien guztien atzean, lehen sektoreari eta ardogintzari bultzada berezia emateko borondatea ageri da, nazioarteko egoera ekonomiko zaurgarri baten erdian.

Bi egoitza, campus bakarra

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek nabarmendu duenez, Eda osatzen duten bi egoitzek «campus bakar batean eta mugarik gabeko ikuspegi partekatu batean bat egiten dute». Bi egoitzetan handiena izango da Gasteizkoa, 5.000 metro karratuko hedadura izango baitu —3.000 metro izango ei ditu Guardiako egoitzak—. Gaur egun Gasteizko autobus geltokiaren ondoan hutsik dagoen lursail osoa hartuko du eraikinak, eta lau laborategi, zortzi tailer, azterketa sentsorialerako bi areto eta bi sukaldaritza tailer izango ditu, baita edariak egiteko instalazio pilotu bat eta «izaera esperimentaleko drinks bar» bat ere. 

Gaurko ekitaldiaren ostean, ofizialki abian dira Edaren egoitza guztiak eraikitzeko lanak, eta proiektuak bulegoetako etapa gainditu du errealitatean mamitzen hasteko. Azkar dira amaitzekoak gaur hasitako lanak: 2027 da agintariek finkatu duten data, eta Edako lehen promozioak ikasketak 2027-2028ko ikasturtean hastea da helburua. Ordura arte, ordea, lan eskerga dago egiteko, lehen harria jarri baino ez baita egin gaur. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.