Arabako autobus zerbitzuak 1,3 milioi bidaiari izan ditu urteko lehenengo sei hilabeteetan. Datuek erakusten dute bidaiari kopurua %7 igo dela iazko lehen seihilekoarekin alderatuta, eta hazkundearen arrazoi nagusia duela bi urte eta erdi ezarri zen deskontu progresiboen sistema da, Jon Nogales Mugikortasuneko foru diputatuaren arabera.
Nogalesen esanetan, probintziako autobus linea guztiek goranzko bilakaera izan dute lehenengo seihilekoan, eta garraio publikoa «alternatiba erreal» modura indartu da ibilgailu pribatuaren aldean.
Zerbitzu guztien artean, Araba Erdialdekoa —Gasteiz, Arabako Lautada eta Gesaltza lotzen dituena— eta Bilbo-Logroño linea nabarmendu dira, %9ko gorakada izan baitute. Gainerako lineek, berriz, %3 eta %8 arteko hazkundea izan dute.
Etengabeko gorakada
Azken urteotan, erabiltzaileen kopuruak nabarmen egin du gora sare osoan; aurtengo urtarrila eta ekaina bitartean, sei hilabetean, gainditu egin da 2022an urte osoan izandako bidaiari kopurua. 1,2 milioi bidaiari pasatxo izan baitzituen zerbitzuak 2022an, urte osoan.
Foru aldundiaren ustez, 2024an ezarritako deskontu progresiboen sistema da erabiltzaileen gorakadaren arrazoi nagusietako bat. Sistema BAT txartel pertsonalizatuan oinarritzen da, eta bidaiarien %37ri hobari horiek aplikatzen zaizkie. Gaur egun, 10.000 arabar baino gehiagok erabiltzen dute deskontu txartela; duela urtebete baino 1.500 pertsona gehiagok, alegia.
«Arabako autobus zerbitzuaren hazkundeak deskontu progresiboen sistemaren eraginkortasuna berresten du», adierazi du foru diputatuak. Gainera, deskontu ereduak eskualdeko «garraio zerbitzuaren eskaera» bultzatu du, Nogalesen hitzetan. Zerbitzua «berritu eta malgutu» ondoren, eskualdeko zerbitzuak %12,5eko igoera izan du.