Suteak izan dira aurtengo kezka nagusia Araban, lehortearekin batera. Izan ere, azken urteetan ohi baino hektarea gehiago erre dira, hirurehun bat. Suhiltzaileen foru zerbitzuaren arduradun Iñaki Gurtubaik inoizko urterik «zailena» izan dela adierazi zuen. Hori dela eta, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak suhiltzaile kopurua handituko zutela hitzeman zuen joan den hileko politika orokorreko bilkuran. Batzar Nagusiak, ordea, ez daude pozik promesa horren zehaztasun faltarekin, eta suhiltzaile kopurua 229ra handitzeko «kronograma zehatza» eskatu diote orain aldundiari.
EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k aurkezturiko mozioaren ondorioa da eskaera. Koalizio abertzalearen arabera, «uda honetan, 61 egunetan ez dira lau suhiltzaile egon parke eta txanda bakoitzean. Hau da, suhiltzaileen eskuliburu guztietan jasotako oinarrizko irizpideen aurka ari dira lanean Arabako suhiltzaileak». Mozioaren bultzatzaileek gogorarazi dute aurtengo aurrekontuetan 1,9 milioi euro daudela xede horretarako aurreikusita, eta, hortaz, uste dute foru gobernuaren «borondate politikoa» baino ez dela behar.
Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Batzordeak bi koalizioen mozioa onartu du. Hortaz, Batzar Nagusiek foru aldundiari eskatuko diote «kronograma zehatza» ezartzeko eta, hartara, Arabako foru suhiltzaileen kopurua 229ra handitzeko «legegintzaldia amaitu baino lehen».