«Autokritika falta» eta «immobilismoa» leporatu dizkio oposizioak Ramiro Gonzalezi

Ahaldun nagusiaren atzoko hitzaldiaren ondoren, talde politikoen erantzunen txanda izan da gaur. Ezkerreko zein eskuineko taldeek «anbizio falta» leporatu diote gobernuari, eta etxebizitzan, ekonomian eta energian «nahikoa ez egitea» kritikatu diote.

Ramiro Gonzalez eta Eva Lopez de Arroiabe, politika orokorreko bilkuran, atzo. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
Ramiro Gonzalez eta Eva Lopez de Arroiabe, politika orokorreko bilkuran, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko irailaren 23a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamabi urte hauetako koalizio gobernuen balorazioa egin zuen atzo Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, Batzar Nagusietako politika orokorreko bilkuran. Oso positiboa izan zen ahaldun nagusiaren bilana, baina oposizioa ez dator bat harekin. Gaur zuten talde politikoek erantzuteko txanda, ordu erdi bakoitzak, eta ezkerretik zein eskuinetik jaso ditu kritikak foru gobernuak. EAJ eta PSE-EE koaliziokideek baino ez dute bat egin Gonzalezen tonu positiboarekin. 

Oposizioko lau alderdiek bat egin dute gobernuari «immobilismoa» eta «anbizio falta» leporatzeko orduan. EH Bilduk, Elkarrekin-ek, PPk eta Voxek antzeko esapideak erabilita kritikatu dute aldundiaren jarduna. «Azken hiru legegintzaldiotan Arabako lurraldea asko aldatu da, baina gobernuaren jarrera ez da aldatu. Beti erosoena egitea da leloa», deitoratu du, esaterako, EH Bilduko bozeramaile Eva Lopez de Arroiabek. Eta kritika franko izan ditu datu ekonomikoak eta gizarte zerbitzuak direla-eta ere, nahiz eta Gonzalezek atzo horrekin paparra atera.

Ezkerra, «eskuinerako birarekin» kritiko

Oposizioaren ezker hegaletik, Elkarrekin-ek eta EH Bilduk «eskuinerako bira» egin izana leporatu diote ahaldun nagusiari, eta PPrekin egindako akordioak kritikatu. Nabarmentzekoa izan da Elkarrekin-eko David Rodriguez Llinares eledunaren diskurtsoa, aurtengo aurrekontuak foru gobernuarekin adostu ondoren bereziki kritiko agertu baita haren azken hilabeteetako jardunarekin. Zorrozki kritikatu du gobernuak aurkeztu duen zerga erreforma, Bizkaian EAJk aurkeztu eta jeltzaleek eta PSE-EEk gainerako lurraldeetan ere ezarri asmo dutena. Hain zuzen ere, erreforma hori erretiratzeko eskatu dio Rodriguezek ahaldun nagusiari.

Mundu mailako krisiei behar bezalako arreta ez jartzea ere egotzi zion Rodriguezek, eta «autokritika falta» ikusi du Gonzalezen diskurtsoan. EH Bilduk ere «anbizio falta» leporatu dio ahaldun nagusiari. Etxebizitza eta ekologia arloetan zentratu da Lopez de Arroiabe. «Politika ausartagoak» eskatu dizkio lehen arloan, baita «trantsizio energetiko ordenatua» ere bigarrenean.

Kritikak kritika, «gobernantza kolaboratiboa» abian jartzea eskaini dio koalizio abertzaleak foru gobernuari, «indar antifaxistak» bilduko dituen «kontzentrazio gobernu» baten bitartez. Koalizio gobernu batean sartzea eskaini dio, beraz, Lopez de Arroiabek Gonzalezi, EH Bilduko koordinatzaile orokor Arnaldo Otegik EAJri nazio mailan egindako eskaintza Arabako lurraldera ekarrita. Arabako historian izandako antzerako gobernuak jarri ditu horren adibide EH Bilduko kideak; Teodoro Gonzalez de Zarate alkateak 1936ko hauteskundeen ondoren Gasteizko Udalean osatu zuena, esaterako.

Eskuina eta Gonzalezen erantzuna

Eskuinetik ere jaso ditu kritikak ahaldun nagusiak. Voxek zerbitzu publikoetan dauden «gabeziak» leporatu dizkio, eta PPko Iñaki Oiarzabalek ekonomiaren eta segurtasunaren arloan izandako kudeaketa deitoratu du. Ceutako krisia eta migrazioa ere ekarri ditu hizpidera, eta azken alor horretan «bigunegia» izatea aurpegiratu dio Gonzalezi.

Adierazpen horien guztien aurrean, gogorra izan da ahaldun nagusiaren erantzuna. «Diskurtso elektoralista» izatea egotzi dio oposizio guztiari. Lehenik eta behin, EH Bilduren eskaintza arbuiatu du Gonzalezek, eta «presa» izatea leporatu dio koalizio abertzaleari; gobernuan sartzeko presa, alegia. Eta hori «gaitasun politiko faltaren» erakusgarria da, Gonzalezen ustez; hauteskundeak irabazi eta gobernua osatzeko gaitasun faltaren erakusgarria. «Gobernuan sartzeko, hauteskundeak irabazi behar dira lehenik», esan du, ironiaz.

Akordioak eskatu bai baina horretarako «neurri bakar bat» ez aurkeztea kritikatu dio Gonzalezek EH Bilduri, eta zalantzan jarri du bi aldeek bat egiteko aukera: «Hamarkadetan, indarkeria politikoa eta hilketak egon dira gure lurraldean, eta ez da kontzentrazio gobernurik egon. Bat egingo dugu Euskal Herrian eskuin muturrak botoen %3 ateratzen dituelako?». Segidan, Ernai gazte antolakundeak ere jarrera «faxistak» dituela iradoki du, Espainiako selekzioaren aurka argitaraturiko bideoengatik. 

Eskuinari, berriz, «Madrilgo haizeak» ekartzea aurpegiratu dio, eta bereziki gogor agertu da ahaldun nagusia Oiarzabalekin, haren diskurtsoan «tranpak» egitea egotzi baitio. Funtsean, hauteskunde aurreko giroa jarri du agerian gaurko eztabaidak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA