Solaria enpresak hemeretzi planta fotovoltaiko eraiki nahi ditu Araban, Zierbena izeneko proiektuaren baitan. Aurreko ostiralean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak proiektu horien baimenak lortzeko administrazio prozedurari hasiera eman ziola enpresak, eta 30 eguneko epea ireki zuen alegazioak aurkezteko. Gaur egindako prentsaurrekoan, aldiz, Eva Lopez de Arroiabek, EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak, proiektuaren aurkako «erabateko arbuioa» adierazi du alderdiaren izenean, eta salatu du energia berriztagarria «ordenarik gabe hedatzen» ari dela Araban, Jaurlaritzaren «utzikeria» dela eta. Haren hitzetan, hori ikusita EH Bilduk mozioak bultzatuko ditu halako proiektuen eragina jasandako udaletan proiektuon aurkako alegazioak aurkez ditzaten.
Solariaren proiektuek 1.200 hektarea hartuko lituzkete, eta hamahiru Arabako udalerritan izango lukete eragina. Planta fotovoltaiko horiek sortzen duten energia enpresak jada Zierbenan (Bizkaia) martxan duen azpiestazio elektrikora bideratuko litzateke, eta, horretarako, ehun kilometroko ebakuazio bidea eraikitzea aurreikusten da. Lopez de Arroiaberen esanetan, hori «ez da onargarria», eta salatu du Araban bultzatzen diren energia berriztagarrien proiektuak «enpresa sustatzaileen eta lursailen jabeen interesen arabera» eraikitzen direla, eta ez tokiko biztanlearen eta lurraldearen interesen arabera.
Aurkako neurriak erakunde guztietan
Lopez de Arroiabek eredu hori «onartezina» dela azpimarratu du, eta «tokiko eragileen eta erakundeen inplikazioa» eskatu du proiektu horietan. Horrez gain, Jaurlaritzari eskatu dio «behingoz» energiaren lurraldeko plan sektoriala onartzeko. Gainera, Solariaren proiektuen aurkako neurri andana iragarri du Lopez de Arroiabek. Aurreko ostiralean ireki zen alegazioak aurkezteko 30 eguneko epea, eta, epe hori baliatuta, proiektuen aurkako alegazioak aurkezteko deia egin die proiektuen eragina jasandako udal, erakunde eta banakoei. Udaletan alegazioak aurkeztearen aldeko mozioak bultzatuko dituztela ere iragarri du.
EH Bilduk proiektuen aurka duen jarrera, ordea, ez da tokiko erakundeetara mugatuko. Lopez de Arroiabek iragarri du talde politikoak Arabako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean ere aurkako mozioak aurkeztuko dituztela. Proiektu horien inguruko «eskualde mailako deliberazio prozesuak» irekitzearen alde agertu da talde politikoa, eta gogorarazi du 2025eko aurrekontuan horretarako adostutako dirua ez dela erabili. Finean, energia berriztagarrien garapena «modu ordenatuan» eta «bultzada publiko argiarekin» egitea eskatu dute.