Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Arabako Garraio Partzuergoa sortzeko oinarriak finkatu dituzte gaur. Hain zuzen ere, hiru erakundeek bide orri bat onartu dute modua izan dadin partzuergoa 2027aren hasieran abian jartzeko. Organo berri horrek mugarri estrategiko bat ezarriko du lurraldeko garraio publikoaren koordinazioan. Aldundiari atxikita egongo da, administrazioen arteko lankidetza sendotuko du, eta arabarrek joan-etorriak egiteko dituzten aukerak eta zerbitzuen integrazioa hobetu, sustatzaileek nabarmendu dutenez.
Akordioa Arabako Mugikortasun Agintaritzaren osoko bilkuran onartu dute, Jaurlaritzaren, aldundiaren eta udalaren babesarekin. Pauso hori emanda, egungo agintaritza partzuergo iraunkor bilakatuko da, eta, hala, hiru erakunde sustatzaileek elkarrekin planifikatu, koordinatu eta kudeatuko dituzte Arabako garraio publikoa eta mugikortasun politikak. Estatutuak idaztea eta gobernantza eredua diseinatzea izango da hurrengo urratsa.
Beatriz Artolazabal Arabako Mugikortasun Agintaritzako presidente eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak nabarmendu duenez, partzuergoa «tresna egonkorra» izango da Arabako garraio publikoaren kudeaketa hobetzeko. Bide beretik, Miguel Angel Paez Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriko sailburuordeak aurrerapausotzat jo du: «Gazteak babesteko eta garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak saritzeko urrats garrantzitsu bat da».