Gizarte laguntzaren sektoreak mobilizazio ugarirekin hasi du urtea. Joan den astean, esku hartze sozialeko langileek iragarri zuten greba egingo zutela, eta, gaur, berriz, Arabako Foru Aldundiak haur eta emakume zaurgarrientzako eskaintzen duen Hazten babes egoitzako eta Sortuleku zerbitzuko langileek egin dute grebarako deia. LAB sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin dute zerbitzu horiek kudeatzen dituen erakundearen, hau da, Gizarte Ongizaterako Foru Institutuaren aurrean, zerbitzuen «narriatzea» salatzeko.
Langileek salatu dute aldundiak zerbitzu horiek eten dituela, eta beste batzuk lizitatu asmo dituela, lan baldintza kaskarragoetan eta baliabide gutxiago jarrita. Gainera, adierazi dute zerbitzuetako lantaldearen parte bat ez dutela subrogatuko, eta iragarri lanuzteak egingo dituztela gaur bertan hasita, eta baita hilaren 20an eta 27an ere.
Lizitazio berrien ondorioak
7 eta 14 urte arteko haurrentzako harrera zerbitzua da Hazten babes gunea. Gaur egun, zerbitzu horretako zazpi lekuak beteta daude. LABeko ordezkari Lorena Rejok azaldu du zerbitzu horren lizitazioa hutsik geratu dela, eta, hortaz, aldundiak Abiatuz izeneko programa bat jarriko duela martxan, hamahiru leku izango dituena. LABen ustez, programa horrek ez die erantzungo adingabeen benetako beharrei.
Rejoren arabera, zerbitzu berri horren ratioak «adin txikikoen dekretuak ezartzen dituenen gainetik» daude, eta horrek «arriskuan» jarriko du langile taldea. Gainera, orain arte Hazten zerbitzuak eskaintzen zituen sei harrera postu galduko dira, eta adingabeak «jada gainezka dauden» beste egoitza batzuetara bideratuko dituzte.
Egoera are kaskarragoa da Sortuleku izeneko zerbitzuari dagokionez. Egoera zaurgarrian dauden emakumeak eta haien haurrak artatzeko zerbitzua da, eta aldundiak erabaki du proiektu hori ere etetea, eta Ondoan izenekoa lizitatzea. Sortulekuko langile Ruth Perezek salatu du aldundiak zerbitzuko lantaldea ez subrogatzea erabaki duela. Erabakia justifikatzeko, foru erakundeak adierazi du programa berria ez dela aurrekoaren jarraipena, sindikatuak kontrakoa baldin badio ere. Gainera, Perezek esan du ez dagoela zehaztua proiektu berriak noiz abiatuko diren, eta, beraz, gaur-gaurkoz Sortulekun dauden bi emakumeak eta haien haurrak «ziurgabe» daudela.
Grebara berriro
Ez da foru institutuaren zerbitzu horietan lan gatazkak izan diren lehenengo aldia. Rejok eta Perezek azaldu dute iaz aldundiak ahalegina egin zuela Sortuleku zerbitzua Izarrara (Araba) lekualdatzeko, «langileen lan baldintzen aldaketak» aintzat hartu gabe. Horren harira, langileak mobilizatu egin ziren, eta erakundeak atzera bota zuen lekualdatzea. Aldundiak Izarran bertan eskaini nahi du zerbitzua orain.
Aipaturiko neurrien aurka egiteko, LAB sindikatuak hiru orduko lanuzteak deitu ditu urtarrilaren 20rako eta 27rako, 09:30etik 12:30era. Sindikatuko ordezkariek adierazi dute aldundiko teknikariekin biltzen ari direla, eta hilaren 20an Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuarekin bilera bat egitekoak direla.
Hala ere, iragarri dute mobilizazioei eutsiko dietela, eta Urtarani eskatu diote azpikontratatutako langileen lan baldintzak mantentzeko eta subrogazioa bermatzeko. Horrekin batera, eskatu diote zerbitzu publikoak babesteko, baliabide nahikoak bermatzeko, erabakiak «gardentasunez» hartzeko, eta harrera sarea «modu eraginkorrean» zabaltzeko.