Ez da Bilboko aliron, Italiako Alerion baizik. Energia berriztagarrien sektoreko Italiako multinazional horrek hainbat parke eoliko egiteko lanak bultzatu nahi ditu Araban, eta gaur argitaratu da EAEko aldizkari ofizialean azken egitasmoa. Urkaute, Uraburu eta Udara izeneko parke eolikoen klusterra eraikitzeko baimena eskatu du enpresa horren Espainiako filialak, Alerion Spain delakoak. Iruraiz-Gauna, Arraia-Maeztu eta Donemiliaga udalerrietako mugen barruan eraiki nahi dute parke eoliko hori, eta, proiektua aurrera ateraz gero, 15 megawatteko potentzia izango luke.Â
Hiru haize errota jarri nahi dituzte parke horretan. Ez da Italiako multinazionalak Arabako lurretan bultzatu asmo duen proiektu bakarra: Zaballa eta Zaldiaran izeneko parke eolikoak eraikitzeko baimena ere eskatu zuen Alerion Spain-ek otsailean. Egitasmo horiek guztiak tramitazio administratiboan daude oraindik. Gaur-gaurkoz, Labrazako parke eolikoa (Oion) da Araban eraikitzen ari diren bakarra, eta tokiko eragileek eta elkarte ekologistek gogor egin dute haren aurka.